- Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, “gauzak aldatzera gentozela esan genuen, eta gauzak aldatzen ari direla esan dezakegu. EH Bilduk lege berria kontraerreforma zela esaten zuen lehen; orain, prozesioaren buru da, eta horrek erakusten du Sail honen politikaren bidea zabala dela eta oso beharrezkoa den adostasuna sortzen duela”
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gaur goizean baloratu du Errenteriako Udalak egindako iragarpena. Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak abenduan onartu zuen Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurrien Legea aplikatuko du. Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren lehen zatian etxebizitzaren arloan egin duen lorpen nagusietako bat da legea.
Itxasok azpimarratu du urrats horrek “berresten duela Euskadiko etxebizitza-politika aurrera egiten ari dela bide zabal, partekatu eta gero eta eraginkorragotik”, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak bultzatutako tresnak pixkanaka bere egiten ari direla alderdi politiko ezberdinetako udalerriak. “Tentsionatutako eremuak kolore guztietako udalak ari dira aplikatzen. Hirigintza-tresna berriak eta finantziazio publiko-pribatuko formulak udal-errealitate oso desberdinetatik onartzen ari dira. Horrek erakusten du politika hori baliagarria dela eta benetako arazoari erantzuten diola”, gaineratu du.
Sailburuak azpimarratu du Premiazko Neurrien Legearen helburu nagusietako bat zela, hain zuzen ere, udalei eta hirigintza-garapenei malgutasun eta autonomia handiagoa ematea, eta parametro batzuk egokitu ahal izatea, hala nola eraikigarritasuna eta etxebizitza babesturako portzentajeak, hamarkadak geldituta zeramatzaten eremuak desblokeatu ahal izateko.
Gamongoaren kasua: blokeatutako lurzorutik garapen bideragarrira
Ildo horretan, Itxasok Errenteriako Gamongoa eremua jarri du adibide; lege berria aplikatzean blokeo-egoera gainditu eta garapenerako benetako aukera bihurtuko da. Indarrean dagoen plangintzak 690 etxebizitza aurreikusten zituen guztira, eta horiek egikaritzea ezinezkoa zen orain arte. Orain, tresna berrien bidez:
- Eraikigarritasuna % 10 handitu da, eta 755 etxebizitza egin ahalko dira.
- Etxebizitza babestuen portzentajea doitu egin da, eta % 70etik beherakoa izango da.
- Operazioaren bideragarritasun ekonomikoa lortu da, eta hori ezinbesteko baldintza da operazioa egiteko.
Sailburuak azaldu duenez, “hori esan nahi genuen zeroren % 75 zero dela esaten genuenean: ez du ezertarako balio portzentaje altuak jartzea, lurzorua garatzen ez bada. Erabat geldituta zegoen eremu batetik egia bihurtuko den proiektu batera pasa gara orain”, nabarmendu du. Itxasok, gainera, adierazi du operazio horrek ez duela etxebizitza babestuaren bolumen osoa murrizten; aldiz, proiektua egikaritzen laguntzen du.
Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa eta tresna berriak
Ostegunean egindako iragarpenaren ostean, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Errenteriako Udalari jakinarazi dio ekimen publikoko etxebizitza babestuak garatzen laguntzeko prest dagoela. Azpimarratu behar da jarduketa hori, gainera, lehenengoetakoa izango dela: Eusko Jaurlaritzaren lurzoru-erreserba estrategikoa elikatzen, Etxebizitzaren Gizarte Funtsa aktibatzea ahalbidetzen eta Lehentasunezko Jarduera Proiektuaren figura aplikatzen, epeak murriztu eta izapideak arintzen baititu.
Paradigma-aldaketa
Amaitzeko, Itxasok adierazi du halako ekimenek agerian uzten dutela Euskadi etxebizitza arloan etapa berri batean sartzen ari dela. “Esan genuen etxebizitzaren arazoak bazuela konponbidea. Eta gaur hori frogatzetik hurbilago gaude. Eta hori egiten ari gara tresna berrien bidez, erakundeen arteko lankidetzaren bidez eta ikuspegi errealista batetik, blokeatutako lurzorua etxebizitza posible bihurtzeko”, adierazi du sailburuak. Kazetarien galderei erantzunez, Itxasok esan duenez, “EH Bilduk legea kontraerreforma zela esaten zuen lehen; orain prozesioaren buru da”. Amaitzeko, adierazi du konfiantza duela udalerri gehiagok bide horri jarraituko dutela, hala etxebizitza-politika “eraginkorra, pragmatikoa eta emaitzei begirakoa” sendotzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)