Eusko Jaurlaritzak Orioko portuko arrantza-kaia konpontzeko lanak esleitu ditu, 1,5 milioi euroko inbertsioarekin

Argitalpen-data: 

OBRAS_ORIO_1.jpeg
  • Lanei esker kaia egonkortu, portuko operatibitatea hobetu eta itsas mailaren igoerara egokituko da
  • “Gure portu-azpiegiturak mantentzen eta modernizatzen jarraitzen dugu, haien segurtasuna eta udalerriekin duten integrazioa bermatzeko”, azpimarratu du Amaia Barredok

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Orioko portuko arrantza-kaia konpontzeko lanak esleitu ditu. Lanak 1.528.967,39 euroko aurrekontua izango du (BEZik gabe) eta gauzatzeko aurreikusitako epea zortzi hilabetekoa da.

Lanak Construcciones Moyua S.L. eta Geotunel S.L. enpresek osatutako ABEEari esleitu zaizkio. Kontratua martxo honetan bertan formalizatzea aurreikusten da, eta obrak apirilaren amaiera eta maiatzaren hasiera bitartean has daitezke.

Esku-hartzea arrantza-kaiaren zatian egingo da, oinezkoentzako pasabidearen eta Itsas-Etxea eraikinaren artean, historikoki herriko arrantza-jarduerari lotuta egon den eremuan.

Orioko arrantza-kaia, portuko bokaletik eta Oria ibaiaren bokaletik gutxi gorabehera bi kilometro gora kokatua, XX. mendearen hasieratik herriko portu-jardueraren gune nagusietako bat izan da, bereziki 1970eko hamarkadaren amaieratik 1980koaren hasierara bitartean baxurako flotak izandako hazkundearekin.

2020an egindako azterketa teknikoek lurzoruaren asentamenduak eta kaiaren zenbait zatitan egitura-mugak atzeman zituzten, bereziki arrantzaleen kofradia zaharraren inguruan. Horren ondorioz, eraikuntza-proiektu bat idatzi zen egonkortasuna bermatzeko eta zerbitzu-baldintzak hobetzeko.

Aurreikusitako lanei esker kaia indartu eta goratu egingo da, zerbitzuak berrituko dira eta zoladura berrituko da, azpiegituraren egonkortasuna bermatzeko, portuko jarduerarako operatibitatea hobetzeko eta klima-aldaketarekin lotutako itsas mailaren igoerara egokitzeko.

Amaia Barredo sailburuak esku-hartze hau Eusko Jaurlaritzak portu-azpiegiturak egoera onean mantentzeko eta epe luzera haien funtzionaltasuna bermatzeko duen estrategiaren parte dela nabarmendu du: “Portuak funtsezko azpiegiturak dira jarduera ekonomikorako, baina udalerri askoren eguneroko bizitzaren parte ere badira. Gure helburua da haien mantentzea eta modernizazioa bermatzea, espazio seguru, funtzional eta herritarrentzat irekiak izaten jarrai dezaten”.

Portu-funtzioaz gain, kaia Orioko hiri-bilbean oso integratuta dagoen espazioa da, eta egunero oriotar askok paseatzeko erabiltzen dute. Horregatik, lanei esker portuaren eta udalerriaren arteko harremana ere hobetuko da, portu-domeinuaren integrazio hobea sustatuz hiri-ingurunean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)