- Sustapena Udalarekin lankidetzan bultzatu da, 4,5 milioi euro inguruko inbertsioa izango du, eta obrak zuzenean lizitatu ahal izango dira 2027an, proiektua goiz izapidetzeko eredu bati esker
Gobernu Kontseiluak baimena eman du astearte honetan Oiongo Udalak alokairu-erregimeneko babes ofizialeko 23 etxebizitza (BOE) eraikitzeko egin duen partzela baten doako lagapena onartzeko. Urrats horri esker, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Arabako etxebizitza babestuen parke publikoa handitzen jarraitu ahal izango du, eta merkatu librean sartzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonentzako eta familientzako bizitegi-eskaintza eskuragarria sendotuko du.Udalak doan lagatako partzela (Oiongo SAUR-1 eremuko RC-A partzela, alegia) alokairuko etxebizitza babestuak sustatzera bideratuko da oso-osorik.Eragiketa hori bi administrazio horiek udalerrian etxebizitza soziala sustatzeko 2025eko ekainaren 24an sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren barruan dago.
Proiektuak alokairuko 23 etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusten du, eta 4,5 milioi euro inguruko inbertsioa mobilizatuko du, behin betiko aurrekontua gaur egun abian dagoen egikaritze-proiektua idazten amaitu ondoren zehaztuko bada ere.Jarduketa horren alderdirik garrantzitsuenetako bat Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean garatutako lankidetza instituzionalaren eredua da, aldi berean lurzoruaren lagapenean eta sustapenaren definizio teknikoan aurrera egitea ahalbidetu duena.Oiongo Udalak bere gain hartu ditu oinarrizko proiektua egiteko enkargua eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ikuskapen teknikoarekin garatzen ari den egikaritze-proiektuaren idazketa.Prozedura horri esker, segurtasun tekniko eta ekonomiko handiagoa lortuko da prozesuan, eta epe administratiboak murriztu egingo dira. Horrela, beraz, lagapena formalizatu eta inskribatu eta proiektua amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak zuzenean lizitatu ahal izango ditu obrak 2027. urtearen amaieran.
Partzelak 900 metro koadrotik gorako azalera eta 1.800 metro koadro inguruko bizitegi-eraikuntzarako ahalmena du. Udalerriko SAUR-1 bizitegi-sektorean dago, eta beheko solairuko eta bi altuerako etxebizitza babestuen bloke bat eraikitzera bideratuko da. Lurzorua kargarik gabe entregatu da, eta Eusko Jaurlaritzak alokairu eskuragarriko parke publikoa handitzeko garatu duen estrategian txertatuko da. Jarduketa bat dator Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako finkatutako helburu batekin, hots, etxebizitza ekintza publikoaren ardatz estrategiko gisa lantzeko eta, ildo horretan, etxebizitza sozial eta babestuen sustapen berriak bultzatzeko eta alokairuko parke publikoa handitzeko helburuarekin, gazteak eta baliabide ekonomikorik txikienak dituzten pertsonak bereziki kontuan hartuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)