Eusko Jaurlaritzak nekazariei zuzendutako aholkularitza eguneratu du, ustiategi jasangarriagoak, errentagarriagoak eta digitalizatuagoak sustatzeko (Gobernu Kontseilua 2026-02-10)

Argitalpen-data: 

Argazkia.jpg
  • Dekretu berriak aholkularitza integraleko zerbitzuak ezartzen ditu, nekazariei, abeltzainei eta kooperatibei kudeaketa ekonomikoa hobetzen, praktika ekologikoak hartzen eta ustiategietan berrikuntza teknologikoa aplikatzen laguntzeko.
  • Dekretu honek lurra lantzen duten pertsonei tresna praktikoak eskaintzen dizkie hobeto ekoizteko, kostuak aurrezteko eta ingurumena babesteko.

Gobernu Kontseiluak dekretu berri bat onartu du, nekazaritza-ustiategiei zuzendutako aholkularitza-sistema eguneratu eta indartzen duena, Nekazaritza Politika Bateratura (NPB) 2023-2027 egokituz eta sektorearen behar berrietara moldatuz. Dekretu honek 272/2006 Dekretua ordezkatzen du, eta nekazariek, kooperatibek eta abeltzainek kalitate handiko laguntza teknikoa eskuratu ahal izango dutela lurralde osoan bermatzen du.

Dekretuak dakartzan hobekuntza zehatzen artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Digitalizazioa eta prestakuntza: aitortutako erakundeek ustiategien kudeaketa informatizatua, laboreen jarraipena eta balantze ekonomikoen analisia eskainiko dituzte, bai eta aholkularientzako eta nekazarientzako etengabeko prestakuntza ere.
  • Trantsizio ekologikoa eta jasangarritasuna: ekoizpen ekologikorako bihurketa, baliabideen erabilera eraginkorra eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien karbono-aztarna murriztea sustatuko dira.
  • Berrikuntza eta klima-erresilientzia: aholkularitzek agroekologiako, agrobasogintzako eta klima-aldaketara egokitutako teknikak txertatuko dituzte, animalien ongizatea eta elikadura-segurtasuna barne.
  • Lehentasunezko kolektiboentzako laguntza espezifikoa: nekazari gazteek eta sektoreko emakumeek jarraipen pertsonalizatua izango dute nekazaritza-jardueran arrakastaz txertatzeko.
  • Optimizazio ekonomikoa: zerbitzuek bideragarritasun-azterketak, kostuen analisiak eta finantza-aholkularitza jasoko dituzte ustiategi bakoitzaren errentagarritasuna handitzeko.

Gainera, Ustiategiei Aholkularitza emateko Erakundeen Euskal Erregistroa mantenduko da, kudeaketa elektronikoarekin eta zerbitzuei, bulegoei eta langile kualifikatuei buruzko informaziorako sarbide publikoarekin; horrela, gardentasuna eta ekoizleen eta aholkularien arteko harreman erraza bermatzen dira.

Dekretua indarrean sartzeak urrats erabakigarria dakar nekazaritza-sektorea modernizatzeko eta Euskadin lurra lantzen dutenen bizi-kalitatea hobetzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)