- Euskadik Eskualdeen eta Eragineko Merkataritzaren II. Topaketa Eurolatinoamerikarra hartuko du
- Europa eta Latinoamerikako erakunde, enpresa, unibertsitate eta gizarte zibileko ordezkariek lurralde arteko lankidetza eta garapen jasangarria ardatz dituen agenda batean parte hartuko dute
- Euskadik gobernantza kolaboratiboarekin, berrikuntzarekin eta 2030 Agendaren lokalizazioarekin lotutako esperientziak partekatuko ditu
Eusko Jaurlaritzak elkarrizketarako eta lankidetzarako nazioarteko espazio bat bultzatu du Euskaditik, eragin positiboan, lurraldeen arteko lankidetzan eta jasangarritasunean oinarritutako garapen ekonomikoaren eredu berriak indartzeko helburuarekin. Bilbok eta Donostiak Eskualdeen eta Eragineko Merkataritzaren II. Topaketa Eurolatinoamerikarra hartuko dute gaurtik datorren ostiralera arte. Topaketak Europa eta Latinoamerikako administrazio publikoetako, enpresetako, unibertsitateetako eta gizarte zibileko erakundeetako ordezkariak bilduko ditu.
Topaketa RITA (Regional Impact Trade Alliance) eraikitzeko prozesuan aurrerapauso berri bat da. Sare horren helburua balio ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa eta kulturala modu integratuan sortzeko gai diren lurraldeak konektatzea da. Era berean, Euskadik nazioarteko aliantzak indartzeko eta Agenda 2030aren lokalizazioan aurrera egiteko duen apustuaren baitan kokatzen da, gobernantza kolaboratiboaren eta eragile anitzeko lankidetzaren bidez.
“Lurraldeak ez dira soilik politika publikoak aplikatzen diren espazioak; erronka global handiei erantzuteko irtenbide berritzaileak diseinatu eta gidatzen diren espazioak ere badira”, adierazi du Asier Aranbarrik, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak.
“Euskadik tokikoa erronka global handiekin lotzeko gai diren gobernantza kolaboratiboko ereduak sustatzen lagundu nahi du. Horrelako topaketek gaitasunak aktibatzeko, ikaskuntzak partekatzeko eta benetako eragina duten irtenbide kolektiboak eraikitzeko aukera ematen dute”, gaineratu du.
Euskadi, lotura eta lankidetzarako espazio gisa
Aurreikusitako hiru jardunaldietan zehar, topaketan trantsizio justurako eta giza garapen jasangarrirako gaitasunen sorrera, kudeaketa publiko eta enpresa-kudeaketako berrikuntza, inpaktu-finantzaketa edo lurraldeen lehiakortasun jasangarria bezalako gaiak jorratuko dira.
Halaber, Euskadik herritarren aktibazioarekin, ekonomia zirkularrarekin, energia-komunitateekin, lehiakortasun jasangarriarekin edo erakundeen, enpresen, akademiaren eta gizarte zibilaren arteko lankidetzarekin lotutako esperientziak eta gaitasunak partekatuko ditu.
Ekimenak ALMA ikuspegia eta Nazio Batuen Local2030 Koalizioak sustatutako lokalizazio-esparrua ere izango ditu oinarri. Eredu horrek lurraldeak funtsezko espazio gisa kokatzen ditu gaitasunak indartzeko, aliantzak sustatzeko eta erronka globalei erantzuteko irtenbide partekatuak bizkortzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)