Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro bideratuko du itunpeko ikastetxeetan araubide intentsiboko lanbide heziketa duala sustatzeko (Gobernu Kontseilua 2026-11-03)

Argitalpen-data: 

n770_logoconsejo.jpg
  • Deialdiaren diru-zuzkidura % 33,3 handitu da aurreko ikasturtearekin alderatuta, eta ikastetxeen eta enpresen arteko tutoretza- eta koordinazio-lanak finantzatzeko erabiliko da
  • 2025-2026 ikasturtean, 3.027 ikaslek parte hartu zuten Euskadin araubide intentsiboko Lanbide Heziketa Dualeko programetan: 1.611 ikastetxe publikoetakoak ziren, eta 1.416 itunpeko ikastetxeetakoak
  • Prestakuntza-modalitate honetan parte hartzen duten ikasleen kopurua % 32,6 handitu da azken hiru ikasturteetan

Gobernu Kontseiluak milioi bat euroko dirulaguntza-deialdia onartu du gaur, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuetan 2026-2027 ikasturtean araubide intentsiboko Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko.

Diru-zuzkidura % 33,3 handitu da aurreko ikasturteko deialdiarekin alderatuta, orduan 750.000 euro bideratu baitziren. Igoera horrek azken urteetan araubide intentsiboko Lanbide Heziketa Dualeko programetan parte hartzen duten ikasleen kopuruak izan duen hazkundeari erantzuten dio, eta baliabide gehiago bideratzea ahalbidetuko du ikasleek enpresetan egiten dituzten prestakuntza-egonaldietan ikastetxeetako irakasleek garatzen dituzten tutoretza-, kudeaketa- eta koordinazio-lanetara.

Araubide intentsiboko Lanbide Heziketa Dualak ikastetxeko ikaskuntza eta enpresako prestakuntza eta ordaindutako lan-jarduera uztartzen ditu. Modalitate horri esker, ikasleek benetako lan-ingurune batean garatzen dituzte beren konpetentzia profesionalak, eta produkzio-sektoreen beharrei zuzenean lotutako prestakuntza jasotzen dute.

 

3.000 ikasle baino gehiago Lanbide Heziketa Dual intentsiboan

Araubide intentsiboko Lanbide Heziketa Dualeko ikasleen kopuruak goranzko bilakaera izan du azken ikasturteetan. 2025-2026 ikasturtean, guztira 3.027 ikaslek parte hartu zuten Euskadin programa horietan: 1.611 ikaslek 53 ikastetxe publikotan, eta 1.416 ikaslek itunpeko 54 ikastetxetan. Kopuru horrek % 8,1eko igoera adierazten du aurreko ikasturtearekin alderatuta, eta % 32,6koa 2022-2023 ikasturtearekin alderatuta, orduan 2.282 ikaslek parte hartu baitzuten.

 

Ikasleen koordinazio- eta tutoretza-lanetarako laguntzak

Gaur onartutako deialdia oinarrizko, erdi-mailako edo goi-mailako Lanbide Heziketako heziketa-zikloak nahiz espezializazio-ikastaroak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat da, betiere 2026-2027 ikasturterako araubide intentsiboko Lanbide Heziketa Dualeko programak baimenduta badituzte.

Dirulaguntzen bidez, ikasleek enpresetan egiten duten prestakuntzan zehar tutoretza- eta jarraipen-lanak finantzatuko dira, baita ikastetxeen eta parte hartzen duten enpresen arteko koordinazioak eragindako gastuak ere. Era berean, jarduera horiekin lotutako material didaktikoaren eta ebaluazio-materialaren gastuak eta irakasleen joan-etorrien gastuak ere finantzatu ahal izango dira.

Dirulaguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)