Eusko Jaurlaritzak lankidetza berrituko du Cambridgeko Unibertsitatearekin ikerkuntzan (Gobernu Kontseilua 2026-05-12)

Argitalpen-data: 

n770_logoconsejo.jpg
  • Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmena onartu du datozen hiru ikasturteetan Clare Hall college-n Basque Visiting Fellow programari jarraipena emateko
  • 2026-2027 ikasturteko ikerketa-egonaldi horietarako laguntzen deialdia ere onartu du

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzak Cambridgeko Unibertsitatearekin duen lankidetza berritzea onartu du eta horrela, Basque Visiting Fellow programak beste hiru ikasturterako jarraipena izango du. Programa horrek euskal ikertzaileen ikasturte bateko egonaldiak errazten ditu Clare Hall college-n. Era berean, Kontseiluak programaren 2026-2027 ikasturterako laguntzen deialdia onartu du.

Hitzarmenaren helburua da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren nazioartekotzea indartzea, ikerketa-mugikortasuna sustatzea eta nazioarteko bikaintasuneko ingurune akademiko batean lankidetza-sareak sendotzea.

Bi erakundeen arteko lankidetza 2011n hasi zen, eta Clare Hallen garatzen da. Cambridgeko Unibertsitateko college hau graduondoko ikasketetan eta ikerketa aurreratuan espezializatua dago, eta esperientzia handia du nazioarteko hainbat diziplinatako ikertzaileei harrera egiten.

Basque Visiting Fellow programak bi ikerketa-egonaldi mota finantzatzen ditu. Visiting Fellow modalitateak 4,5 eta 9 hilabete arteko egonaldiak barne hartzen ditu, gehienez ere bi ikertzailerentzat. Plaza bat hezkuntzarekin, digitalizazioarekin eta STEAMekin lotutako proiektuetara bideratuko da berariaz, eta bestea, berriz, edozein ezagutza-arlori irekita egongo da.

Bestalde, Post Visiting Fellow modalitateak bi eta zortzi aste arteko egonaldiak egiteko aukera emango die aldez aurretik Clare Halleko Visiting Fellow (Life Members) programan parte hartu duten bi ikertzaileri.

426.000 euro hurrengo hiru ikasturteetarako

Hitzarmenak finantzaketa-esparru bat ezartzen du 2026-2029 aldirako, guztira 426.099 euroko zuzkidurarekin. Finantzaketa horrek ikerketa-egonaldiari lotutako kostuak estaliko ditu, ostatua, mantenua, tasa akademikoak, instalazioetarako sarbidea eta Clare Hallen laguntza teknikoa barne.

Halaber, Gobernu Kontseiluak programa honen 2026-2027 ikasturterako laguntzen deialdia ere onartu du gaurko bileran. Horrela, datorren ikasturtean 22.600 euro bideratuko ditu Visiting Fellow modalitaterako eta 5.840 euro Post Visiting Fellow modalitaterako.

Programa Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusiak bultzatzen dute, Cambridgeko Unibertsitatearekin lankidetzan. Hitzarmenaren berrikuntzarekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du ikertzaileak nazioartekotzearen aldeko apustua, bai eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemak bikaintasuneko nazioarteko sare akademikoetan duen presentzia sendotzearen aldekoa ere.

Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall College

1966an sortua, Clare Hall college Cambridgeko Unibertsitateko ikasketa aurreratuen zentroa da. Ikertzaile bisitarien programa garrantzitsu bat du, college honetan bederatzi hilabetez bizi eta lan egiten dute mundu osoko akademikoekin. Zentro horretan Euskadirentzako ildo estrategikoetan espezializatutako ikertzaile bisitariak egoteak nabarmen laguntzen du gure herrialdeari buruzko ezagutza nazioartean indartzen eta bi erakundeek aspaldidanik duten lankidetza zientifikoa sendotzen.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)