Eusko Jaurlaritzak Landa Garapeneko Euskal Sarea arautu du, koordinazioa eta lurralde-kohesioa indartzeko (Gobernu Kontseilua 2026-02-03)

Argitalpen-data: 

Argazkia.jpg
  • Sare berriak euskal landa-inguruneko erakundeen, eragileen eta entitateen arteko lankidetza bultzatzen du

Eusko Jaurlaritzak Landa Garapeneko Euskal Sarea arautzen duen dekretua onartu du. Gobernantzarako tresna berri horren helburua da Euskadiko landa-garapenean inplikatutako erakunde eta eragileen arteko koordinazioa, lankidetza eta ezagutza-trukea hobetzea.

Sarea Landa Garapenari buruzko 7/2022 Legea garatzeko sortu da. Lege horrek esparru berri bat ezartzen du Euskadiko landa-ingurune kohesionatuago, jasangarriago eta lurralde-errealitate desberdinetara egokituago baterantz aurrera egiteko. Dekretuak, orain, haren egitura, osaera eta eginkizunak zehazten ditu, lan-espazio partekatu honi izaera operatiboa emanez.

Parte-hartze eta lankidetzarako espazio egonkorra

Landa Garapeneko Euskal Sarea parte-hartze herritar eta elkartegintzarako espazio egonkor gisa eratzen da, landa-garapenaren arloko eskumena duen sailari atxikita, baina autonomia funtzionalarekin. Bere helburua da administrazio publikoen, landa-garapeneko elkarteen, toki-erakundeen, tokiko ekintza-taldeen eta sektore-eragileen arteko lotura eta lankidetza sustatzea.

Bere eginkizunen artean daude esperientzien eta proiektu berritzaileen trukea, landa-ingurunearen behar komunak identifikatzea, eztabaida-foro eta lan-batzordeak sortzea, prestakuntza bultzatzea eta ekimen garrantzitsuen zabalkundea egitea, baita politika publikoetan landa-bermearen ikuspegia txertatzen laguntzea ere.

Gobernantza anitza eta lurralde-ikuspegia

Sarea Osoko Bilkuraren, lan-batzordeen eta Idazkaritza Tekniko baten bidez funtzionatuko da. Osoko Bilkuran, besteak beste, Euskadiko Administrazio Orokorra, foru-aldundiak, EUDEL, landa-garapeneko elkarteak, tokiko ekintza-taldeak eta nekazaritza- eta landa-turismoaren sektorearekin lotutako entitateak egongo dira ordezkatuta.

Dekretuak, gainera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspegia txertatzen du, Sarearen jarduerak genero-ikuspegia barnera dezan eta landa-inguruneko behar eta aukera desberdinak kontuan har ditzan bermatuz.

Osoko Bilkura hau dekretua indarrean sartzen denetik gehienez sei hilabeteko epean eratu beharko da lehen aldiz.

 

 

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)