Eusko Jaurlaritzak landa-eremuko emakumeen lidergoa balioan jarriko du

Argitalpen-data: 

MUJERES_RURALES.jpeg
  • 2026an zehar ekitaldi eta jardueren ziklo batek lurraldea zeharkatuko du, landa-eremuan duten eginkizuna ikusarazteko
  • Ekimenaren helburua sareak sendotzea, ekintzailetza sustatzea eta herritarrak landa-mundura hurbiltzea da

Eusko Jaurlaritzak, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bidez, 2026an zehar landa-eremuko, nekazari eta arrantzale emakumeen zeregina aitortu eta ikusarazteko kanpaina bat sustatuko du, FAOk Nekazari Emakumearen Nazioarteko Urtea izendatu duen urtearekin bat eginez.

Ekimen hori Mendinet Tokiko Ekintza Taldearekin eta hura osatzen duten Landa Garapenerako Elkarteekin (LGE) lankidetzan garatu da, eta martxotik abendura bitartean hainbat eskualde zeharkatuko dituzten hileko ekitaldi eta argitalpenen ziklo baten bidez antolatuko da. Helburua lehen sektoreari eta landa-garapenari lotutako emakumeen esperientziak, proiektuak eta ibilbideak ezagutaraztea, landa-mundua herritarrengana hurbiltzea eta ekintzailetzarako zein bizi-proiektuak garatzeko aukerak sustatzea da.

“Emakumeak funtsezko pieza bat dira landa-eremuaren etorkizunerako, bai nekazaritza-jardueran, bai berrikuntzan, ekintzailetzan eta gure lurraldeen jasangarritasunean”, nabarmendu du Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintzako zuzendari Oneka Zaballak emakumezko erreferenteak sortzearen beharra azpimarratu du: “Landa-eremuko emakumeen zeregina ikusaraztea funtsezkoa da sektorearen garapenean egiten duten ekarpena aitortzeko eta landa-eremuan aukera berriak sustatuko dituzten erreferenteak sortzeko”.

Programa martxoan hasi da, Landaola Sariak ekimenaren barruan, Mendaron (Gipuzkoan), bere protagonistetako bati “Landa Eremuko Emakumea” saria emanez. Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Apirila (Enkarterri): “Enkarterri femeninoan” erakusketa, Gurutzetako metro geltokian, lehen sektoreari lotutako bederatzi emakumeren lana erakutsiz.
  • Maiatza (Izki eta Arabako Errioxa): bi eskualdeetako emakume ekintzaileen esperientziei buruzko bideoen zabalkundea.
  • Ekaina (Urkiola): Batxilergoko ikasleekin jardunaldia, Berrizko Institutuan, landa-eremuari lotutako lanbide-irteera berriak ezagutarazteko.
  • Uztaila (Araba): Arabalanda sarien banaketa, landa-eremuko emakumeek gidatutako ekintzailetza-proiektuak aitortzen dituena.
  • Iraila (Gipuzkoa): landa-eremuko emakumeak ikusarazteko proiektua, Landaolak eta Kabiak elkarlanean sustatua.
  • Urriaren 15a: ekitaldi instituzionala, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Hazi Fundazioarekin eta ADR Enkarterrialderekin batera.
  • Azaroa (Gipuzkoa): emakume saregileen ikusarazpena, Landaolak eta Itsasgarapenek sustatua.
  • Abendua: Emakume Nekazarien Estatutu berriaren aurkezpena, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Zuzendaritzak sustatua.

Sailak azpimarratu du kanpaina honen helburua dela landa-eremuko emakumeen lanaren gizarte-aitorpenean eta lurralde-ehunaren sendotzean eragin positiboa sortzea, lankidetza-sareak eratzea sustatuz, emakumeek gidatutako proiektuak zabaltuz eta landa-eremuak ekintzailetzarako eta berrikuntzarako duen potentziala erakutsiz.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)