- Osasun Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren arteko lankidetza-hitzarmena 2 urtez luzatzeko baimena eman du gaur goizean Gobernu Kontseiluak, inplikatutako eragile guztien erantzun positiboa ikusita
- “Botika etxean eskura” proiektuaren helburua da Añanan eta Arabako Mendialdean bizi diren herritarrei medikamentuak etxean entregatuko zaizkiela bermatzea eta farmazia-arreta hobetzea
- Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiak 250.000 eurorekin finantzatuko dute proiektu aitzindari hori, eta Eusko Jaurlaritzak 190.000 euroko ekarpena egingo du
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Osasun Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren arteko lankidetza-hitzarmena luzatzeko. Hitzarmen horrek Arabako Lurralde Historikoko Añanako eta Arabako Mendialdeko landa-esparruko biztanleen farmazia-arreta hobetzeko “Botika etxean eskura” izeneko proiektu pilotua garatzea du xede. Inplikatutako eragile guztien erantzun positiboa ikusita, hitzarmena 2 urtez luzatzeko baimena eman du.
Proiektuaren helburu nagusia da aipatutako eskualdeetan bizi direnei medikamentuak etxean entregatuko zaizkiela bermatzea eta farmazia-arreta hobea eskaintzea, besteak beste. Horri esker, preskribatutako medikamentuak medikuak ezarritako jarraibideen arabera jasoko ditu pazienteak, medikamentuen erabilera berrikusi eta kontrolatuko da, eta medikamentuen erabilerarekin lotutako emaitza negatiboak prebenitzeko edo saihesteko arazoak identifikatuko dira.
Ekimen horren helburua da, halaber, tratamenduarekiko atxikidura hobetzen laguntzea eta, atxikidura hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren kasuetan, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak prestatzea, eta, orobat, tratamenduari berari edo pazienteen beste alderdi batzuei buruzko oharrak, garrantzitsutzat jotzen direnak, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalei jakinaraz dakizkien sustatzea.
Proiektu aitzindari horren asmoa da, medikamentuak etxean entregatzeaz gain, Arabako landa-esparruko biztanleen arreta eta jarraipen farmakoterapeutikoa haien etxean bertan hobetzea.
Proiektua erreferentziazko farmazia dagoen hirigunetik kanpo bizi diren eta medikazioarekin laguntza behar duten pertsonei zuzenduta dago, mugitzeko eta lekualdatzeko aldi baterako zailtasunak edo zailtasun iraunkorrak dituztenei, eta, gainera, irizpide hauetakoren bat betetzen dutenei: gutxienez 2. mailako mendekotasuna izatea eta/edo gaizki kontrolatutako patologiak izatea eta/edo zaurgarritasun-egoeran egotea.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Sailak guztira 250.000 eurorekin finantzatuko dute “Botika etxean eskura” proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak 190.000 euroko ekarpena egingo du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)