Eusko Jaurlaritzak Indartuz finantzaketa-lerro bermatua aktibatu du, Euskadiko enpresa-sarea eraldatzeko finantzaketa mobilizatzera begira (Gobernu Kontseilua 2026-10-13)

Argitalpen-data: 

n770_logoconsejo.jpg
  • Gobernu Kontseiluak hazkundea, digitalizazioa, deskarbonizazioa eta nazioartekotzea finantzatzeko beste tresna bat arautzen duen dekretua onartu du

Gobernu Kontseiluak Indartuz Finantzaketa Bermatuaren Lerro berria garatzen duen dekretua onartu du gaur. Tresna horren helburua da Euskadiko enpresei eta autonomoei kredituak eskuratzen laguntzea, eraldaketarako eta lehiakortasuna hobetzeko proiektu estrategikoei ekin diezaieten. Neurria Euskadi Eraldatuz 2030 estrategiaren barruan sartzen da, eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sarearen modernizazioa eta hazkundea bizkortzeko 1.000 milioi euro mobilizatzeko konpromisoaren parte da.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek aurre egin behar dieten erronka handiei erantzuteko sortu da lerro berria, betiere trantsizio energetikoak, digitalizazioak, bilakaera teknologikoak eta lehiakortasun-eskakizunek markatutako gero eta merkatu global konplexuago batean. Xedea da finantzaketa erraztea eta hala, enpresa-dimentsioa irabaztea, nazioarteko presentzia indartzea, teknologia aurreratuak txertatzea eta ekoizpen-eredu jasangarriagoetarantz aurrera egitea.

Finantzaketa zuzenduko zaie Euskadin diharduten enpresa txiki eta ertainei, enpresa handi hautagarriei eta langile autonomoei. Maileguak erabili beharko dira eraldaketa industrial, teknologiko, digital eta energetikoko proiektuetan edo enpresa-hazkundeko prozesuekin lotzen diren proiektuetan.

Lehenengo deialdiak, hasiera batean, 100 milioi euroko zuzkidura izango du, baina programa eskariaren eta aurrekontu-baliabideen arabera handitu ahal izango da.

 

Bi milioi eurora arteko maileguak

Eragiketak Elkargik abalatutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak birfidantzatutako mailegu amortizagarrien bidez formalizatuko dira. Maileguak 200.000 milioi eta 2 milioi euro artekoak izango dira enpresa txiki eta ertainentzat eta enpresa handi hautagarrientzat, eta 50.000 eta 250.000 euro artekoak langile autonomoentzat.

Maileguek gehienez hamar urteko epea izan dezakete, eta bi urtera arteko aukerako gabealdia. Gainera, ez dute komisiorik edo kostu gehigarririk izango, eta amortizazio aurreratua ahalbidetuko dute, zigorrik gabe. Interes-tasa Euriborrera, sei hilabetera, mugatuko da, gehi % 0,75eko gehieneko diferentziala.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak osorik lagunduko du diruz Elkargiren abalaren urteko komisioa, enpresa onuradunentzako finantza-kostua murriztuta.

Finantza daitezkeen proiektuek barne hartzen dituzte produkzio-gaitasuna handitzeko, negozio-lerro berriak ezartzeko, nazioartekotzea bultzatzeko edo industria-birlokalizazioa bultzatzeko jarduerak. Bestalde, arlo hauetarako inbertsioak barne hartzen dira: energia-efizientzia, energia berriztagarrien erabilera, ekonomia zirkularra, ekoizpen-prozesuen deskarbonizazioa edo teknologia aurreratuen erabilera (adimen artifiziala, robotika, gauzen Internet, mikroelektronika edo konputazio kuantikoa).

Lerroa sostengatuko da Eusko Jaurlaritzaren, Elkargiren eta programari atxikitzen zaizkion finantza-entitateen arteko elkarlanean, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren inbertsiorako eta eraldaketarako gaitasuna indartzeko sortutako Euskal Finantza Aliantzaren barruan.

Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da enpresek baldintza egokietan lortzea finantzaketa, lehiakortasuna indartu dezaten, enplegua sor dezaten eta Euskadi berrikuntzan eta industria aurreratuan Europako erreferente gisa posizionatzen lagunduko duten inbertsio estrategikoei ekin diezaieten.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)