-
Javier Cortés Elankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak parte hartu du Europar Batasunaren eta Nazio Batuen arteko elkarrizketa-foroan, Garapen Jasangarriko Helburuak hizpide
Javier Cortés Elankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak parte hartu du maiatzaren 5ean Bruselan egin den Europar Batasunaren eta Nazio Batuen arteko elkarrizketa-foroan, Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) inguruan. Topaketa Eskualdeen Europako Batzordean egin da, eta Eusko Jaurlaritzak hirugarren aldiz hartu du parte goi-mailako elkarrizketa politiko horretan. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza, Javier Cortések eta Marta Marín Euskadik Europar Batasunerako duen ordezkariak osatu dute.
Foroan, lankidetza deszentralizatuaren eta eskualdeetako administrazioen zeregina, finantzaketa-ereduak eta Europar Batasunaren Global Gateway garapenerako lankidetza-estrategiak eskaintzen dituen aukerak aztertu dira, egungo erronka globalei erantzuteko ikuspegitik.
Topaketan Nazio Batuetako, Europako Batzordeko eta Europako Parlamentuko ordezkariek parte hartu dute, Agenda 2030ean lurraldeek duten zeregina nabarmenduz, baita Global Gateway estrategiaren garrantzi estrategikoa ere. Estrategia horren bidez, Europar Batasunak inbertsioak eta lankidetza-proiektuak sustatzen ditu energia, digitalizazio, garraio, osasun eta hezkuntza arloetan, nazioarteko aliantzak indartuz eta maila anitzeko lankidetza bultzatuz.
Testuinguru horretan aurkeztu du Javier Cortések euskal lankidetzarako eredua, Global Gateway estrategiaren 360 graduko ikuspegia ere defendatuz. Era berean, Bilbao Blueprint eredua garatzeko beharra azpimarratu du, Nazio Batuek sustatutako ekimena, Eusko Jaurlaritzaren eta beste hainbat eragileren partaidetzarekin garatua, nazioarteko lankidetzan gobernu azpiestatalen rola indartzeko helburuz.
Lankidetzaren eragina handitzeko
Bilbao Blueprint-ek lurralde ikuspegian, parekoen arteko lankidetzan eta eragile anitzeko aliantzetan oinarritutako markoa eskaintzen du, politika publikoen koherentzia eta lankidetzaren eragina handitzeko. Eredu horren garapen operatibo gisa, Bilbao Bootcamp ekimena ere aurkeztu du Cortések; proiektuak eta aliantzak identifikatzeko lan-gune praktikoa da, eta 2025ean lehen saioa egin ondoren, 2026ko ekainean edizio berria izango du.
Foroan zehar, Europako Batzordeak eta Nazio Batuek hainbat aldiz aipatu dute eskualdeen papera eta Euskadiren eredua, baita Bilbao Blueprint ekimena ere, erreferentziazko jardunbide gisa. Halaber, nabarmendu dute Europako Batzordeak Euskadi gonbidatu duela Global Gateway-ren eskualde mailako lankidetza-ereduen garapenean parte hartzera.
Javier Cortésen parte-hartzeak jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzak eta Euskadik Europar Batasunerako duen Ordezkaritzak azken urteotan egindako lanari, bereziki 2025eko abenduan egin zen Global Gateway Foroaren ondoren. Horrek erakusten du Euskadik gero eta presentzia handiagoa duela Europako lankidetza eta garapen jasangarriaren esparruan, eta eskualdeen dimentsioa eta potentziala defendatzen jarraitzen duela GJHen eta Agenda 2030aren aldeko nazioarteko lankidetzan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)