Eusko Jaurlaritzak #FreskoaBaiAnisakisEz kanpaina abiatu du arrain freskoaren kontsumo segurua sustatzeko

Argitalpen-data: 

1_Snapshot_4.JPG
  • Kanpainak anisakisa prebenitzeko jarraibide errazak eskaintzen ditu, eta herritarren konfiantza indartu nahi du arrain freskoaren kontsumoan.
  • Arrainaren balio nutrizionala, kulturala eta soziala azpimarratzen da, euskal gastronomiaren funtsezko elikagai gisa.
  • Ekimena arrandegietan, komunikabideetan eta sare sozialetan zabalduko da, kanpainaren webgune ofizialean eskuragarri egongo diren baliabide praktikoekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak #FreskoaBaiAnisakisEz kanpaina jarri du abian. Ekimen informatibo honen helburua arrain freskoaren kontsumo segurua sustatzea eta prebentzioa indartzea da, herritar guztien eskura egongo diren aholku erraz eta praktikoak zabalduta, arrainaz lasaitasun osoz gozatzen jarraitzeko.

Kanpaina Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak sustatu du, Osasun Sailarekin lankidetzan, eta ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren aholkularitza teknikoa izan du. Helburua informazio zorrotza eta erabilgarria eskaintzea da, euskal kultura gastronomikoan funtsezkoa den elikagai baten inguruan herritarren konfiantza indartuz.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du arraina ezinbesteko elikagaia dela elikadura osasungarri batean, balio nutrizional handikoa, eta oso presente dagoela Euskadiko bizitza kultural eta sozialean. Kanpainaren helburua mezu argi bat zabaltzea da: arrainaz gozatzen jarraitzea guztiz segurua dela, anisakisa prebenitzen laguntzen duten arraina prestatzeko oinarrizko jarraibide batzuk aplikatuz gero.

“Arraina elikagai segurua, osasungarria eta gure nortasun gastronomikoaren ezinbesteko osagaia da. Kanpaina honekin lasaitasuna eta tresna errazak eskaini nahi dizkiegu herritarrei, arrainaz konfiantza osoz gozatzen jarrai dezaten”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.

Zabalduko diren aholku nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Erraiak behar bezala kentzea: erraiak ahalik eta azkarren kentzeak anisakisaren arriskua nabarmen murrizten du.
  • Prestaketa egokia: arraina tenperatura egokian prestatzeak haren segurtasuna bermatzen du.
  • Gordinik kontsumituko denean izoztea: ceviche, marinatu edo sushi moduko prestaketetan, arraina aurrez izoztu behar da segurtasuna bermatzeko.

Kanpainaren ikuspegia informatiboa eta praktikoa da, herritarrek konfiantzari eutsi diezaioten eta arrain freskoa beren ohiko elikaduran txertatzen jarrai dezaten.

Presentzia arrandegietan, komunikabideetan eta sare sozialetan

Kanpaina Euskadi osoko arrandegietan zabalduko da, kontsumitzaileei eta profesionalei zuzendutako informazio-materialak banatuz. Horrez gain, prentsan, irratian eta sare sozialetan ere indartuko da, aholku erraz horiek herritar guztiengana iristeko helburuarekin.

Informazio guztia kanpainaren webgune ofizialean dago eskuragarri: www.frescosianisakisno.eus

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)