Eusko Jaurlaritzak finantzaketa jasangarriko estrategia eta zor jaulkipen berriak aurkeztuko dizkie Europako inbertitzaileei, Milanen eta Frankfurten zeharreko roadshow-ean

Argitalpen-data: 

Portada_informe_presentacion_inversores_2026.jpg

Eusko Jaurlaritzak Europako finantza-plazetan zeharreko bira hasiko du datorren astelehenean Milanen, nazioarteko inbertsio-komunitatearekin duen harremana sendotzera begira eta bere finantzaketa publiko jasangarriko estrategiaren berritasunak aurkeztera begira. Ogasun eta Finantza Saileko ordezkaritzak, Noël d’Anjou sailburua buru dela, bilerak egingo ditu Milanen eta Frankfurten funtsen kudeatzaile garrantzitsuekin, aseguru-etxeekin eta beste finantza-eragile batzuekin.

Roadshow horren helburu nagusia bikoitza da: batetik, berriki argitaratutako Eusko Jaurlaritzaren Finantzaketa Jasangarriko Esparruaren eguneraketa xehetasunez aurkeztea, eta, bestetik, ekitaldi honetarako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontua finantzatzeko zor publikoaren jaulkipen berriak jakinaraztea. Jaulkipen horiek bide sendoa egin dute, eta Euskadi erreferentziazko jaulkitzaile gisa posizionatu dute bonu berdeen eta sozialen merkatuan.

“Bidaia honek are gehiago indartzen du Euskadiren sendotasunean konfiantza duten inbertitzaileekiko gardentasunarekin eta zuzeneko elkarrizketarekin dugun konpromisoa”, nabarmendu du d’Anjou sailburuak birari hasiera eman aurretik. “Gure esparru finantzarioa eta berritzailea, ESG irizpideekin (ingurumenekoak, sozialak eta gobernantzakoak) bat datorrena, erakusteaz gain, berau sostengatzen duen herri proiektua ere erakutsiko dugu: Euskadi Eraldatuz 2030 Plana, gure eraldaketa ekonomikoa, industriala eta teknologikoa egituratzen duen tresna estrategikoa”.

Inpaktu neurgarria duen estrategia jasangarria: 2024-2028 esparrua

Finantzaketa Jasangarriko Esparru eguneratua izango da aurkezpenen ardatz nagusietako bat. Bide-orri horrek zorroztasunez ezartzen du nola jaulki eta kudeatuko diren finantza-tresnak (bonuak, kolokazio pribatuak eta maileguak) —finantza-tresna horien funtsak ingurumen- eta gizarte-inpaktu positiboa duten proiektuetan soilik jarriko dira—.2024-2028 aldirako diseinatutako esparru horrek, beraz, inbertsio publikoa 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etortzearen alde Eusko Jaurlaritza egiten ari den apustua indartzen du.

Dokumentu horrek proiektuak hautatzeko, lortutako funtsak kudeatzeko eta inpaktuak jakinarazteko prozesu zorrotzak bermatzen ditu, ahalik eta gardentasun eta eraginkortasunik handiena bultzatuta. Zehazki, jaulkipen bakoitzaren diru-sarrera garbien kopuru baliokidea proiektu hautagarrietara bidera dadin agintzen du. Proiektu horiek bi kategoria handitan biltzen dira:

  • Ingurumen-helburuak: energia berriztagarriak, garraio garbia, uraren kudeaketa jasangarria, biodibertsitatearen kontserbazioa, eraikin publikoetako energia-efizientzia eta klima-aldaketara egokitzea.
  • Gizarte-helburuak: etxebizitza eskuragarria, hezkuntza- eta osasun-azpiegiturak finantzatzea, aurrerapen sozioekonomikoa sustatzea eta kalitatezko enplegua sortzea.

 

Etxeko lanak eginda eta sinesgarritasuna bermatzen duen historia atzean duela iritsiko da Europara Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza. Gobernu Kontseiluak jaulkipen berrietarako emandako baimenak jarraipena ematen dio 2018an hasitako bideari. Bide horretan, eta 2025era arte, 5.700 milioi euro eskuratu ahal izan dira bonu jasangarriei esker. Arrakasta horrek funtsezko zutabe bat du ardatz: Euskadiren sendotasun ekonomiko eta finantzarioa, kreditu-kalifikazioko agentzia nagusiek aitortutako rating bikaina duena.

“Agentzia zorrotzenen babesa izatea ez da datu txikia; nazioarteko inbertitzaile handien ateak ireki, eta merkaturatze bakoitzaren arrakasta ziurtatzen digun giltza da”, nabarmendu du d’Anjou sailburuak. “Jaulkipen bakoitza gure ekonomiaren erresilientziari eta kudeaketa zuhurrari emandako babesa izan da”.

Aitorpen horren ebidentziarik argiena da eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa izaten dela sistematikoki. Azken jaulkipena 2025ean egin zen, 700 milioi euroko zenbatekoarekin, eta zortzi aldiz eskari handiagoa lortu zuen, euskal aktiboak merkatuan duen interesaren lekuko. Eragiketa horretako inbertitzaileen banaketak nazioarteko izaera islatzen du (guztizkoaren % 69 nazioarteko inbertitzaileei egokitu zitzaien, eta presentzia handia izan zuten Alemaniak eta Erresuma Batuak).

“Banaketa hori gure zorrak lortzen duen aitorpen globalaren erakusgarririk onena da. Proiektu eraldatzaileak etxean finantzatzeaz gain, nazioarteko kapitala ere erakartzen dugu Euskadirantz, inbertsio arduratsuko ziklo birtuosoa sustatuta”, adierazi du Ogasun eta Finantzetako sailburuak.

Euskadi Eraldatuz 2030

Finantza-mekanismoez haratago, roadshowa baliagarria izango da Euskadiren etorkizuneko ikuspegia proiektatzeko. d’Anjou sailburuak eta bere lantaldeak, bilera horietan, Euskadi Eraldatuz 2030 Plana azalduko dute, Industria Planarekin eta Zientzia eta Teknologia Planarekin bat datorren estrategia integrala. Esparru estrategiko horrek finantza-lotura berrien sorrera bultzatuko du, inbertsio publikoa eta pribatua funtsezko sektoreetara bidera dadin, hala nola energia garbira, ekonomia zirkularrera, digitalizaziora eta berrikuntzara.

“Inbertitzaileek bonu bakoitzaren atzean proiektu ukigarri bat eta estrategia argi bat dagoela uler dezaten lortu nahi dugu. Benetan inpaktua duen aktibo finantzario segurua eskaintzeaz gain, herrialde baten eraldaketan parte hartzea ere eskaintzen dugu”, aditzera eman du d’Anjou sailburuak. Roadshow horretan, sailburuarekin batera, izango dira José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordea, Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendaria eta Eneritz Bilbao Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria.

Bira horrekin, Eusko Jaurlaritzak berresten du Europako kapital jasangarrien merkatuaren garapenean garrantzizko rola betetzeko duen asmo sendoa, eta, horretarako, bere finantza publikoen indarra erabiliko du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrentzako etorkizun oparoagoa, bidezkoagoa eta erresilienteagoa eraikitzeko.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)