Eusko Jaurlaritzak Euskadiko lehen Gobernuaren 90. urteurreneko balioak hurbilduko ditu Bilbao BBK Live jaialdira, parte hartzeko espazio batekin

Argitalpen-data: 

  • Proposamenak demokraziaren, askatasunaren eta gizarte-justiziaren balioak ingurune ez-konbentzional batera eramango ditu, parte hartzeko esperientzien bidez

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko lehen Gobernuaren 90. urteurrenaren ospakizuna herritarrei hurbiltzeko txoko batekin parte hartuko du aurten Bilbao BBK Live jaialdian, urteurrena mugarri garrantzitsua baita gaur egun ezagutzen dugun Euskadiren instituzionalizazioan.

Ekimenak proposatzen du herritarrengana hurbiltzea Euskadiko lehen Gobernua inspiratu zuten eta oraindik erabat indarrean jarraitzen duten balioak: demokrazia, askatasuna eta gizarte-justizia. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko formatu baten aldeko apustua egin du, printzipio horiek instituzionala ez den ingurune batera hurbilduz eta jaialdiaren esperientzian bertan integratuz.

Eusko Jaurlaritza Bilbao BBK Live jaialdian egoteak komunikazio-kodearen aldaketa dakar, mezu instituzionala topaketarako, bizikidetzarako eta parte hartzeko gune batera egokitzean.  Proposamenaren asmoa ez da 90. urteurrenaren ospakizunaren oinarrian dauden balioak azaltzea, baizik eta bertaratuek lehen pertsonan bizitzea, jaialdian gunea partekatzeko,  adierazpenerako eta elkarrekin bizitzeko moduaren bidez.

Testuinguru horretan, demokrazia planteatzen da taldean parte hartzeko, erabakiak hartzeko eta eraikitzeko gaitasun gisa; askatasuna, berriz, norberaren identitatetik eta beste pertsona batzuekin elkarbizitzan adierazpenerako aukera gisa; eta gizarte-justizia, pertsona guztiek aukera berdinekin parte hartu ahal izateko berme gisa.

Helburua da balio horiek esperientzia partekatu bihurtzea, 90. urteurrena memoria-ariketa gisa ez ezik, iragana, oraina eta etorkizuna eguneroko elkarbizitzaren bidez lotzen dituen praktika bizi gisa ere proiektatuz.

Horretarako, standak ardatz horiei lotuta parte hartzeko hiru proposamen eskaintzen ditu.  Lehena, ‘Twister’, terrazara erakartzeko elementua da, eta jendea jokoaren bidez parte hartzera gonbidatzen du. Bigarrenak, ‘Jarrera hartu’, bizikidetzaren balioekin lotutako hainbat gairen inguruan hausnarketa egitea eta jarrera hartzea proposatzen du. Azkenik, ‘Mosaikoa” parte-hartzaileei beren izena eta aztarna etorkizunaren eraikuntza partekatua sinbolizatzen duen sorkuntza kolektiboan uzteko egiten zaien gonbidapena da.

Programazioa Bilbao BBK Live jaialdiko kanpinera ere zabaldu da, topagune nagusietako bat baita.  Bertan, musikarekin, sorkuntza kolektiboarekin eta mugimenduarekin lotuta, demokrazia, askatasuna eta gizarte-justizia parte-hartze kolektibotik esperimentatzeko aukera ematen duten diziplina anitzekoa tailerrak egingo dira. Mikrofono irekin baten, mugimendu libreko saioen, eta jam session kolektibo baten bidez, bertaratuek ahotsak, erritmoak eta sormen-adierazpenak partekatuko dituzte ingurune ireki eta inklusibo batean.

Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Euskadi anitza, inklusiboa eta mundura irekia izateko hartuta duen konpromisoa, erreferentziazko kultura-espazio bat erabiliz euskal autogobernuak oinarri dituen balioak herritarrengana hurbiltzeko eta memoriaren, bizikidetzaren eta etorkizunaren arteko lotura indartzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)