- Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusiak jardunaldi bat antolatu du Bilbon, ekimena aurkezteko eta Europako Batzordeak Atlantikoko Etorkizuneko Itsas eta Makroeskualde Estrategiari buruz irekitako kontsultaren berri emateko.
Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusiaren bidez, informazio-jardunaldi bat antolatu du gaur, azaroak 10, Bilboko Itsasmuseumen, Euskadiko eragile sozioekonomikoei zuzenduta. Jardunaldiaren helburua Atlantikoko Makroeskualdea sortzeko ekimena aurkeztea eta Europako Batzordeak irekitako kontsulta-prozesuan parte har dezaten sustatzea izan da.
Topaketa Atlantikoko Etorkizuneko Itsas eta Makroeskualde Estrategia lantzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Ekimen horren bidez, Atlantikoko lurraldeen arteko lankidetza indartu eta baterako jarduera-esparru bat ezarri nahi da, partekatzen dituzten erronkei eta aukerei heltzeko.
Jardunaldiaren helburua izan da ekimen hau Euskadiko enpresetara, unibertsitateetara, teknologia-zentroetara, erakundeetara eta instituzioetara hurbiltzea; etorkizuneko estrategiaren irismena eta eskaintzen dituen aukerak azaltzea; eta eragileak animatzea beren proposamenak eta lehentasunak Europako Batzordeari helaraztera, irekitako kontsulta publikoaren bidez.
Jardunaldian Elisa Cocco-k parte hartu du, Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko (DG REGIO) Programa eta Politiken Garapeneko arduradunak. Etorkizuneko Atlantikoko Itsas eta Makroeskualde Estrategia lantzeko prozesua aurkeztu du, eta Europako Batzordeak parte hartzeko ezarritako bideak azaldu ditu.
Bestalde, Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusiko Europako Gaietarako zuzendari eta Arku Atlantikoko Batzordeko presidenteak Atlantikoko Makroeskualdea sortzeko proiektuaren testuingurua azaldu du, haren ibilbidea, egungo egoera eta etorkizuneko aukerak aztertuta.
Azkenik, Marta Marín Euskadik Europar Batasunean duen ordezkariak Innovate Atlantic proiektu pilotuaren ezaugarri nagusiak aurkeztu ditu. Arku Atlantikoko Batzordeak sortutako eskualde arteko kofinantzaketa-mekanismo horren helburua Atlantikoko Makroeskualdearen etorkizuneko proiektu enblematikoei laguntzea da.
Jardunaldian, bertaratutako eragileek beren galderak egiteko eta etorkizuneko estrategiak landu beharko lituzkeen lehentasunezko arloei buruzko gogoetak partekatzeko tartea ere izan dute.
Euskadiren parte-hartzea Atlantikoko Makroeskualdearen eraikuntzan
Etorkizuneko Atlantikoko Makroeskualdea aukera bat da Atlantikoko eremuko lurraldeen arteko lankidetza indartzeko, politika publikoen koordinazioa hobetzeko eta haien interesak eta lehentasunak Europan ikusgarriago egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, funtsezkoa da Euskadiko eragile sozioekonomikoek prozesu honetan aktiboki parte hartzea eta etorkizuneko estrategiaren lehentasunak zehazten laguntzea. Haien ekarpenei esker, Europako erakundeei sektore bakoitzaren beharrak, erronkak eta aukerak helarazi ahal izango zaizkie, eta Atlantikoko lurralde osoaren etorkizunean eragina izango duen ekimen honen edukia aberastuko da.
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko enpresak, unibertsitateak, teknologia-zentroak, erakundeak eta instituzioak animatu ditu Europako Batzordeak irekitako kontsultan parte hartzera eta beren ekarpenak helaraztera. Lurraldeko eragileen parte-hartzea aukera bat da Euskadik etorkizuneko estrategiaren lehentasunak eta Atlantikoko eremuak Europako politiketan izango duen zeregina zuzenean zehazten lagun dezan.
Kontsultatu eta parte hartu: https://ec.europa.eu/info/law/better-regulation/have-your-say/initiatives/19138-Atlantic-maritime-and-macro-regional-strategy_en
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)