Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari proposatu dio kanpoko datu-zentroei aparteko kanon bat ezartzea kontsumitzen duten elektrizitateagatik

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailak proposamen bat helarazi dio Europako Batzordeari, datu-zentroen Europatik kanpoko operadoreek eta erabiltzaileek sare elektrikoaren kostuetan ekarpen handiagoa egin dezaten kontsumitzen duten elektrizitateari ezarritako aparteko karga baten bidez.

Eusko Jaurlaritza arduratua dago datu-zentroek Euskadiko industriaren eta familien argindarraren fakturan izan dezaketen eraginagatik. Datu-zentroek bi arrazoirengatik eragin negatiboa izan dezakete elektrizitatearen fakturan:

  • Elektrizitate-eskaera handitzen dutelako eta, ondorioz, prezioak igo daitezkeelako.
  • Sare elektrikoetan inbertsio gehigarriak behar dituztelako, eta kostu horiek azken fakturan eragina dutelako.

Bi eragin horiek arintzeko eta argindarraren fakturaren igoera mugatzeko, Eusko Jaurlaritza azken asteotan honako bi lan-ildo hauetan aritu da.

  • Ministerioaren Errege Dekretuari alegazioak aurkeztu dizkio, batez ere datu-zentroek eragindako elektrizitate eskaera gehigarria energia berriztagarrien sorkuntza berriarekin orekatu dadin. Horrela, elektrizitatearen eskaera eta eskaintza modu orekatuan handituko dira.
  • Gaur bertan gutun bat bidali dio Europako Batzordeari, datu-zentro berrietarako sareetako inbertsioen kostua bidezkoagoa izan dadin proposamen batekin. Zehazki, datu-zentroen Europatik kanpoko operadoreek eta erabiltzaileek beren elektrizitate-kontsumoagatik kanon edo karga gehigarri bat ordaintzea eskatzen da.

Datu-zentroen garapenak eta energia berriztagarrien sorkuntza berriak batera egin behar dute aurrera. Horrela, gure autonomia energetikoa indartzen dugu, deskarbonizazioan aurrera egiten dugu eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten dugu.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)