- UNRWA Siriako taldea Euskadin izan da aste honetan, Lanbide Heziketako euskal eredua bertatik bertara ezagutzeko eta sistemako ikastetxe eta profesionalekin esperientziak partekatzeko.
- Lankidetza hau 2024az geroztik bultzatzen dihardute Hezkuntza Sailak eta eLankidetzak, eta bi milioi euroko ekarpena aurreikusten du 2024 eta 2027 bitartean.
- Programak laguntza ekonomikoa eta truke teknikoa uztartzen ditu, UNRWAren lanbide-heziketa modernizatzeko eta Palestinako gazte errefuxiatuen enplegu- eta autonomia-aukerak zabaltzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren bidez, eta Nazio Batuen Palestinako Errefuxiatuentzako Agentziak (UNRWA) Lanbide Heziketaren esparruan lankidetzan jarraitzen dute, Palestinako gazte errefuxiatuen hezkuntza- eta lan-aukerak hobetzeko. Esparru horretan, UNRWA Siriako ordezkaritza bat Euskadin izan da aste honetan, azaroaren 16tik 19ra bitartean, LHren euskal eredua ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta hainbat espezialitate teknikotan sakontzeko.
EZAGUTZA ETA ESPERIENTZIAK TRUKATZEA
Euskadin egon den bitartean, UNRWA Siriako taldeak Lanbide Heziketako sei ikastetxe bisitatu ditu, baita Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza- eta ikerketa-zentroak, Tknika eta iTlent ere. Programari esker, hainbat arlotako esperientziak eta lan-metodologiak ezagutu ahal izan dira, besteak beste, gailu mugikorren mantentzea eta eguzki sistemak; arkitektura, barnealdeen eraikuntza eta diseinua; mekatronika; mekanizazioa, soldadura eta CNC makinen bidezko fabrikazioa; merkataritza elektronikoa eta marketina; giza baliabideak eta enpresen administrazioa, biltegiaren eta logistikaren kudeaketa barne; eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.
Truke honek jarraitasuna ematen die 2025ean Jordaniako eta Libanoko UNRWAko taldeek egindako bisitei; haiek Euskadiko LHko ikastetxeak ezagutzeko eta hainbat espezialitate teknikotan sakontzeko aukera ere izan zuten. Topaketa hauek profesionalen arteko elkarrizketa, metodologien ezagutza eta jardunbide egokien trukea bultzatzen dute, ikaskuntzen berri emateko eta UNRWAren prestakuntza-programak indartzeko.
2024N HASITAKO LANKIDETZA
Lan-ildo horren jatorria 2023an dago, Eusko Jaurlaritzak Jordaniara, Zisjordaniara eta Gazara egindako bisita bati esker, Palestinako errefuxiatuen egoera eta beharrak zuzenean ezagutu ahal izan baitziren prestakuntza tekniko eta profesionalaren arloan. Lehen hurbilketa hartatik eta UNRWAko taldeekin tokian bertan izandako elkarrizketatik abiatuta, laguntza-lerro bat garatzen hasi zen, gazte errefuxiatuen prestakuntza- eta enplegagarritasun-aukerak indartzeko.
Lankidetza 2024an zehaztu zen, urtean 500.000 euroko ekarpenarekin, Hezkuntza Sailaren aurrekontuaren eta eLankidetzaren aurrekontuaren artean banatuta, 250.000 eurorekin bakoitza. Finantzaketa horrek jarraitasuna izan du 2025ean eta 2026an, eta 2027ko aurrekontuetan ere aurreikusita dago. Baliabideak UNRWAren Lanbide Heziketako programetara bideratu dira, hurrenez hurren, Jordanian, 2024an; Libanon, 2025ean; eta Sirian, 2026an.
Lankidetza honen bidez, Eusko Jaurlaritzak UNRWAren Lanbide Heziketako programak modernizatzen, haien baliabideak indartzen eta Palestinako gazte errefuxiatuen prestakuntza hobetzen laguntzen du, enplegurako eta autonomia pertsonalerako aukerak zabalduz.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)