- Kongresua maiatzaren 13an eta 14an egingo da San Mamesen.
- Bertan bilduko dira nazioarteko espezialistak, irakasleak, ikertzaileak eta familiak, goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleak identifikatzeko eta laguntzeko lanean aurrera egiten jarraitzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak “Adimen Gaitasun Handien garapena sustatu eskola inklusiboetan” I. Nazioarteko Biltzarra sustatuko dute maiatzaren 13an eta 14an, Bilbon.
Kongresua gaur goizean aurkeztu da Bilbon, eta bertan parte hartu dute Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak, Isabel Rubio Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak, Mikel Juaristi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariak eta Myriam Martínez Deustuko Unibertsitateko Goi-mailako Gaitasunen Garapenerako Laguntza Unitateko arduradunak.
Bi egunetan, Kongresuak goi-mailako gaitasunak dituzten ikasleak identifikatzeko, hezkuntzan esku hartzeko eta haiei laguntzeko estrategiak landuko ditu, bai eta ekitatera eta inklusiora bideratutako hezkuntza-erantzuneko ereduak ere. Bertan, hezkuntzaren alorreko profesionalak, ikertzaileak, familiak eta erakundeetako ordezkariak egongo dira, elkartrukerako eta ikaskuntza partekaturako gunean.
Esparru horretan, programak ikuspegi zabal eta eguneratua eskainiko du eta, horretarako, nazioarteko adituen txostenak, hausnarketarako espazioak eta jardunbide egokiak aurkeztuko dira. Inaugurazio-ekitaldian Rena Subotnik doktoreak (Berkeley Unibertsitatea) parte hartuko du. Nazioarteko erreferentea da talentuaren garapenean, eta alor horretako erronka eta aukera nagusiak aztertuko ditu.
Kongresuan zehar, funtsezko gaiak landuko dira, hala nola goi-mailako gaitasuneko ikasleen errendimendu baxua eta hori prebenitzeko eta eskola-arrakasta bultzatzeko estrategiak —Betsy McCoachen eskutik (Connecticut-eko Unibertsitatea) —, eta hezkuntza-erantzunaren bilakaera eta gainditu gabeko erronkak, Hezkuntza Sailaren eta Deustuko Unibertsitatearen ekarpenen bidez.
Programak, gainera, hezkuntza-praktikan jarriko du arreta: ikaskuntzaren pertsonalizazioan eta ikasleen potentzialaren garapenean oinarritutako sinposio bat egingo da, baita familia-inguruneak eta ingurune estrakurrikularrak haren akonpainamenduan duen zereginari buruzko mahai-inguru bat ere, elkarte eta proiektu espezializatuen esperientzia txertatuta.
Bigarren egunean ikuspegia zabalduko da nazioarteko ekarpenen bidez; bereziki ezohikoak diren ikasleak, hezkuntza-erantzunean adimen artifiziala erabiltzea eta garapen emozionala ongizaterako funtsezko elementu gisa jorratuko dira. Halaber, ikastetxeetan esku hartzeko ereduak eta jardunbide egokiak aurkeztuko dira, eta ikasgelan aplikatutako esperientzia zehatzak azalduko dira.
Helburua da ezagutzak, esperientziak eta tresnak partekatzea talentua hainbat hezkuntza-testuingurutan ezagutu eta garatzeko, eta, hala, gero eta inklusiboagoa den eta ikasle guztien beharrei erantzuteko gai den hezkuntza-sistemarantz aurrera egiten laguntzea.
GERO ETA AGERIKOAGOA DEN ERREALITATEARI BULTZADA
Hezkuntza sailburuak kongresu hau aurrera egiteko premia azpimarratu du, ikasleen aniztasunari erantzun hobea emateko eta ikasle bakoitzari bere ahalmen guztia garatzeko behar duena eskaintzeko. Ildo horretan, familien eta ikastetxeen artean gero eta interes handiagoa pizten duen esparrua dela azpimarratu du, eta “ezagutza partekatzen eta hezkuntza-komunitatearentzat erabilgarriak diren erantzunak eraikitzen jarraitzea eskatzen du, ebidentziak eta praktikak oinarri hartuta”.
Ildo beretik, nabarmendu duenez, “gero eta familia eta ikastetxe gehiagok goi-mailako gaitasunek ikasleen identifikazioari eta arretari buruzko zalantzak eta beharrak dituzte”, eta horrek indartu egiten du gogoeta partekaturako espazioak sortzearen garrantzia, kongresu hau kasu.
Hain zuzen ere, horregatik, Euskadiko Kongresuaren helburua da ezagutza zientifikoa, hezkuntza-jardunbide egokiak eta esperientziak trukatzeko erreferentziazko gune bihurtzea, eta hezkuntza-erantzuna hobetzen eta ikastetxeen, familien eta ikertzaileen arteko lankidetza indartzen laguntzea.
Era berean, Begoña Pedrosak azpimarratu duenez, “gaitasun handiak ikasleen aniztasunaren parte dira, eta ikasle bakoitzari bere potentziala garatzeko behar dituen aukerak eta estimuluak eskaini behar dizkiogu”, eta gaineratu du “bere arreta hobetzeak esan nahi du talentu hori aprobetxatzea, aukera berdintasuna eskaintzea eta ikasleen benetako aniztasunari egokitutako hezkuntza sistema bidezkoago baterantz aurrera egitea”.
Bestalde, Isabel Rubio Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak, programaren xehetasunak azaldu ondoren, honako hau adierazi du: "familiak eta irakasleak kezkatzen dituzten erronkei helduko diegu: errendimendu txikia, potentzial handia duten ikasleek espero den arrakasta zergatik lortzen ez duten aztertuz; garapen sozioemozionala, adingabearen oreka pertsonalerako funtsezkoa, eta apartekotasuna, gaitasun handiak eta hezkuntza-laguntzako beste premia espezifiko batzuk dituztenei erantzuteko".
EUSKADIN ABIAN DIREN BESTE EKIMEN BATZUK
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Deustuko Unibertsitatearekin batera, 2019tik ari da garatzen goi-mailako gaitasuneko ikasleei arreta emateko lan-ildo espezifiko bat, Adimen-gaitasun Handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko Planaren baitan; horren xedea da ikastetxeetan identifikazio goiztiarra eta hezkuntza-erantzuna hobetzea, eta irakasleen prestakuntza eta familiekiko lankidetza indartzea.
Esparru horretan, hainbat ekimen bultzatu dira ikasleak hobeto hautemateko eta ikastetxeetarako tresnak eta orientabideak garatzeko, eta, hala, profilen aniztasunari hobeto erantzuten laguntzeko.
Horien artean dago Zur-ekin, goi-mailako gaitasuneko ikasleen detekzio goiztiarrari eta hezkuntza-jarraipenari laguntzen dion programa, ikastetxeei baliabideak, irakasleei prestakuntza eta familiei orientazioa eskainita.
Lan-ildo iraunkor horren bidez, euskal hezkuntza-sistemak talentua txiki-txikitatik identifikatu eta garatu nahi du, eta hezkuntza-erantzun inklusiboa bermatzen du, ikasle bakoitzak bere ahalmen guztia erabil dezan.
INFORMAZIOA ETA IZEN-EMATEAK
Kongresuaren egitarau osoa eta izen-emateari buruzko informazioa webgune ofizialean kontsulta daiteke.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)