Eusko Jaurlaritzak eta BCBLk Brainorium aurkeztu dute, ikasleek nola ikasten duten hobeto ulertzeko ikerketa aplikatuko proiektua

Argitalpen-data: 

Argazkia1.jpeg
  • Dagoeneko 400 haur inguruk hartu dute parte BCBLk hizkuntzari, irakurketari eta kognizioari buruz bultzatu dituen eta ikaskuntzan aplikatutako neurozientziaren teknika eta metodologiekin garatu diren ikerketetan.
  • Ekimena Amara Berri ikastetxe publikoan garatzen da, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, eta irakurmena hobetzeko, hizkuntzari eta irakurketari lotutako zailtasunei aurrea hartzeko eta ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna hobeto egokitzeko ezagutza erabilgarria sortzea du helburu.

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak Brainorium proiektua aurkeztu dute Donostiako Amara Berri ikastetxean. Ikerketa aplikatuko ekimen hori BCBLk bultzatu du euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan, haurtzaroan hizkuntza, irakurketa eta ikaskuntza nola garatzen diren hobeto ulertzeko. Aurkezpenean, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak, BCBLko zuzendariorde zientifiko Lucia Amorusok, Amara Berriko zuzendari laguntzaile Idoia Alonsok eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordetzako Berrikuntzaren zuzendari Maialen Agirrek parte hartu dute

Proiektua Amara Berri ikastetxean bertan garatzen da. Ikastetxe hori BCBLk ahozko hizkuntzari, irakurketari, eleaniztasunari eta ikasteko prozesuei lotutako hainbat prozesu kognitibori buruz garatutako ikerketa aplikatuetarako erreferentziazko ingurunea da.

Duela urtebete inguru abian jarri zenetik, 400 haur inguruk parte hartu dute Brainorium proiektuaren esparruan garatutako hainbat azterketatan. Proiektu horiek datozen ikasturteetan ere garatuko dira, haurrek nola ikasten duten eta prozesu horretan faktore batzuek (hala nola hizkuntzak, irakurketak, entzumen-prozesamenduak edo eleaniztasunak) zer-nolako eragina duten hobeto ulertzera bideratutako ikerketa berrien bidez.

Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak azpimarratu du Brainoriumek “haurrek nola ikasten duten, hizkuntza eta irakurketa nola garatzen diren, zer zailtasun ager daitezkeen eta horiei hobeto nola aurrea har diezaiekegun hobeto ulertzen laguntzen” duela. Ildo horretan, nabarmendu duenez, “eskola batek ikerketari ateak irekitzen dizkionean, hezkuntza-sistema osoa indartuta ateratzen da: ikasleek irabazten dute, irakasleek irabazten dute eta Euskadik irabazten du, bere hizkuntza- eta gizarte-errealitatera hobeto egokitutako hezkuntza-erantzunak sortu baititzake”.

Pedrosak gaineratu du “hezkuntzaren hobekuntza ez dela baliabide gehiagorekin bakarrik eraikitzen, baizik eta ezagutza handiagoarekin, aurrea hartzeko gaitasun handiagoarekin eta ikasle bakoitzari laguntzeko tresna hobeekin ere”, eta azpimarratu du “hori dela, hain zuzen ere, euskal hezkuntza-sistemak indartzen jarraitu nahi duen norabidea”.

Ikaskuntzan eta eleaniztasunean aplikatutako ikerketa

Brainoriumen garatzen diren proiektuek hizkuntzari, irakurketari, eleaniztasunari, kognizioari eta ikaskuntzaren neurozientziari buruzko ikerketak uztartzen dituzte, haurtzaroan hizkuntza- eta irakurketa-trebetasunak nola garatzen diren hobeto ulertzeko.

BCBLko zuzendariorde zientifiko Lucia Amorusok azpimarratu du “Brainoriumen berezitasunetako bat dela ikerketa ikastetxe baten barruan garatzen dela, ikaskuntzaren eguneroko errealitatearekin harreman zuzenean”. Azaldu duenez, “horrek aukera ematen du haurrek beren ohiko ingurunean benetan nola ikasten duten aztertzeko eta hezkuntza-eremurako ezagutza erabilgarriagoa sortzeko”.

Amorusoren esanetan, gainera, “ikertzen ari garen galdera asko ikasgeletan sortzen diren benetako egoeretatik abiatzen dira”, eta azpimarratu du Brainoriumen helburua dela “hizkuntzarekin, irakurketarekin edo eleaniztasunarekin lotutako prozesuak hobeto ulertzea, etorkizunean gero eta egokituagoak izango diren hezkuntza-tresnak eta estrategiak garatu ahal izateko”.

Ikerketetan, entzumen-prozesamenduari, hizkuntzen ikaskuntzari, ahozko hizkuntzaren garapenari eta irakurketaren eta ikaskuntzaren inguruko garun-funtzionamenduari lotutako alderdiak aztertzen dira. Azterketa batzuek, adibidez, oinarrizko zenbait entzumen-trebetasunek (hala nola soinuak bereizteak edo eredu melodikoak identifikatzeak) bigarren hizkuntza baten ikaskuntzan eta ahoskeran nolako eragina izan dezaketen ikertzen dute.

Beste proiektu batzuek, berriz, eleaniztasunak eta irakurketa-idazketak garunaren antolaketan eta funtzionamenduan nolako eragina duten aztertzen dute, batez ere euskal testuinguruan, testuinguru horretan haur asko txikitatik hainbat hizkuntza erabiliz hazten baitira.

Zenbait proiektuk, gainera, ikerketa neurozientifikoko teknikak erabiltzen dituzte, hala nola elektroentzefalografia (EEG) edo erresonantzia magnetikoa, betiere prozedura seguruen, ez-inbaditzaileen eta parte hartzen duten ikasleen adinera egokitutakoen bidez.

Emaitzen hobekuntzarekin, ekitatearekin eta inklusioarekin lerrokatutako ekimena

Eusko Jaurlariarentzat, hezkuntza-emaitzen hobekuntzara, ekitatera eta inklusiora bideratutako estrategia zabalago baten barruan kokatzen da Brainorium. Ikasleek nola ikasten duten hobeto ulertzeak hizkuntza-gaitasunak indartzea, hizkuntzari eta irakurketari lotutako zailtasunei aurrea hartzea eta ikasle bakoitzaren beharretara neurri handiagoan egokitutako erantzunak ematea ahalbidetzen du, kontuan hartuta haur guztiek ez dutela modu berean ikasten.

Ikuspegi hori bat dator euskal hezkuntza-sistemak azken urteotan oinarrizko hainbat gaitasunetan erakutsi duen bilakaera positiboarekin eta hasierako errendimendu-mailetan kokatutako ikasleen kopuruaren murrizketarekin, batez ere irakurmenari eta hizkuntza-gaitasunei lotutako esparruetan.

BCBLren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzak norabide horretan beste urrats bat egitea eta ikerketa zientifikoa hezkuntza-sistemaren erronka errealekin lotzea ahalbidetzen du. Hizkuntzari, irakurketari, eleaniztasunari eta ikaskuntzari buruz sortutako ezagutza gogoeta pedagogikoan, Euskadiko errealitate elebidunera egokitutako tresnen eta metodologien diseinuan eta sistemaren inguruko erabakietan txertatu ahal izango da pixkanaka.

Gainera, lankidetza hori Brainoriumetik haratago doa. Aldi berean, Hezkuntza Sailak eta BCBLk aurrera egin dute ezagutza zientifikoa euskal hezkuntza-sistemara eramatera bideratutako beste proiektu batzuetan, hala nola NeureHizki proiektuan, hots, irakurketa-idazketari lotutako trebetasunen ebaluazio goiztiarrerako euskaraz garatu eta balidatu den lehen baterian.

Familien eta ikasleen inplikazioa duen proiektua

Brainorium hezkuntza-komunitatearen inplikazioarekin ere garatu da. Familiek ikerketen edukia eta helburuak ezagutu dituzte aldez aurretik, eta beren borondatez baimendu dute seme-alaben parte-hartzea, bidezko baimen informatuen bidez.

Ikasleek, gainera, aktiboki parte hartu dute proiektuaren identitatearen eraikuntzan bertan. Ikasgeletan ekimenaren zentzua eta helburuak ezagutu ondoren, haurrek espazioari izena emateko proposamen kolektiboak egin zituzten eta, ondoren, bozketa batean parte hartu zuten behin betiko izena aukeratzeko: Brainorium.

Ikastetxean bertan lan egiteak haurrek beren ohiko ingurunean, ikasgelarekin, ikaskideekin eta eskolako eguneroko bizitzarekin kontaktuan nola ikasten duten ikustea ahalbidetzen du. Hurbiltasun horri esker, ikerketa ez da ikastetxearekin zerikusirik ez duen zerbait, hezkuntza-komunitatearekiko lankidetza bat baizik. Hurbiltasunak, gainera, ikasleei laguntzeko etorkizuneko tresnak eta moduak bideratzeko ezagutza baliagarriagoa sortzen laguntzen du.

Prozesuak aukera eman du familiek proiektua hasieratik ezagutzeko eta ikasleek beren proiektua dela sentitzeko. Gainera, ikerketa zientifikoa ikastetxearen eguneroko bizitzara hurbildu du eta ikerketa hori parte-hartzean oinarritutako hezkuntza-esperientzia hurbil eta ulergarri batekin lotu du.

Amara Berriko zuzendari laguntzaile Idoia Alonsok azaldu duenez, “proiektua ondo ari da txertatzen ikastetxearen eguneroko jardunean, ikasgelako dinamikak hautsi gabe eta ikasleen zein familien aldetik oso harrera ona jasoz”.

“Familia askok parte hartzera animatu dira, eta horrek aukera ematen ari du Brainorium modu oso naturalean garatzeko eskolan. Haurrek jakin-minarekin eta normaltasunez bizi dute esperientzia; jarduera mota hauetan zuzenean parte hartzeak zientziarekiko interesa pizten eta nola ikasten dugun galdetzera ere eraman ditzake”, gaineratu du.

BCBL

Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen diziplina arteko nazioarteko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituena. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu kide.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)