- Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Osasun Ministerioaren aurreproiektua izapidetzean negoziaziorik izan ez dela salatu du, eta adierazi du aurreproiektuak ez duela kontuan hartzen medikuen kolektiboaren espezifikotasuna eta arriskuan jartzen duela autonomia-erkidegoetako zerbitzuen bideragarritasuna
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Osasun Ministerioak Osasun Zerbitzuetako Langileen Esparru Estatutua Erreformatzeko Legearen Aurreproiektua lantzean jarraitutako prozedurarekiko desadostasuna agertu du gaur. Gogorarazi duenez, arau horren erantzukizun osoa Ministerioarena da.
Gaur goizean Lurralde arteko Kontseiluak egindako bileran eskaini duen hitzaldian, Osasuneko sailburuak jarrera irmoa agertu du, eta azpimarratu du parte-hartze eraginkorrerako eta osasun-sektoreko profesionalekiko —eta, batez ere, medikuen kolektiboarekiko— elkarrizketa egituratu baterako prozesu bat falta dela. Izan ere, testuak “ez du kolektibo hori behar bezala aitortzen, ez funtzioei, ez lan-baldintzei dagokienez”.
Medikuek datorren asterako hainbat autonomia-erkidegotan deitutako greba-egunen testuinguruan, Martinezek nabarmendu du medikuek entzuterik eta adostasunik gabe egindako erreformaren aurrean agertu duten gero eta kezka handiagoa islatzen duela haserre orokor horrek.
Imanol Pradales lehendakariak duela egun batzuk adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzaren ustez aurreproiektuaren ikuspegiak ez ditu kontuan hartzen asistentziaren errealitatea eta medikuen behar espezifikoak, lanbide-talde horrek “osasun-prestazioan erantzukizun eta eragin handia badu ere”.
Ildo horretan, Martínez sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela sistema osatzen duten kolektibo guztien espezifikotasun funtzionala, eskumenekoa eta antolamenduzkoa (eta, berariaz, medikuen jardun profesionalari datxekion espezifikotasuna) aitortuko duen arau-esparru bat, inolako izaera baztertzailerik izango ez duena.
Memoria ekonomikorik eta finantzaketa gehigarririk eza
Osasuneko sailburuak ohartarazi du Osasun Ministerioak aurkeztutako testuak eragin handiko neurriak sartzen dituela, hala nola guardiako lanaldiak eta denborak aldatzea, aginduzko memoria ekonomikorik eta aurrekontu-zuzkidura gehigarririk gabe, eta baita antolaketa-ereduan eta asistentzia-gaitasunean eragina izatea ere asistentzia-zerbitzuetan eta -mailetan.
Osasun Sailaren ustez, ordainsari- edo egitura-betebeharrak finantza-babesik gabe ezartzeak urratu egiten du erakundeen arteko leialtasunaren printzipioa eta eskumenak aitortzeko printzipioa, Ministerioarena baino ez dena, eta arriskuan jartzen du autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuen jasangarritasun ekonomiko-finantzarioa.
Era berean, Martinezek nabarmendu du beren horretan dirautela Espainiako Gobernuari zuzenean dagozkion konpondu gabeko alderdi batzuek, hala nola medikuen erretiro aurreraturako koefiziente murriztaileen aplikazioak, kontuan hartuta guardien lanaldiak derrigorrezkoak direla, beste kolektibo batzuei aitortu zaien bezala. “Esparru horretan aurrera ez egitea erantzukizun eta nekagarritasun handiko lana egiten duen kolektibo horrekiko justifikaziorik gabeko konparaziozko bidegabekeria da”, adierazi du.
Erantzukizunerako eta adostasunerako deia
Osasuneko sailburuak adierazi du, gainera, Esparru Estatutuaren erreformak adostasun tekniko eta politikoko prozesu baten emaitza izan behar duela, eta Osasun Ministerioari eskatu dio bere erakunde-erantzukizuna bere gain har dezala eta Osasun Sistema Nazionalaren asistentzia- eta antolamendu-errealitateak errespetatuko dituen eta medikuentzako lan-baldintza egokiak eta jasangarriak bermatuko dituen testu bat bultza dezala.
“Osasun Ministerioak entzun, hitz egin eta soluzio partekatuak eman behar ditu. Horrela soilik indartu ahal izango da sistema publikoa, eta ziurtatu haren jasangarritasuna”, adierazi du Osasuneko sailburuak, eta Mónica García ministroari eskatu dio lehenbailehen ireki dezala medikuen kolektiboa ordezkatzen duten erakundeekin hitz egiteko kanal bat, une honetan protestek eta greba-egunek agerian uzten baitute konfiantza narriatu egin dela eta premiazko erantzun konstruktiboak behar direla.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)