Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) Indartuz sozietate publikoaren bitartez, Eskalagarritasunerako Inbertsio Programarako deialdi publikoa ireki du, inbertsio eraldatzaileei buruzko Euskadi Eraldatuz 2030 Planaren barruan. Deialdi horren oinarriak gaur arratsaldean emango dira argitara Finantzen Euskal Institutuaren web-orrian.
Ekimen estrategiko horren helburua da kapital pribatua mobilizatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei sendotzeko eta hazteko bidean laguntzen dieten arrisku-kapitaleko funtsak babestea. Edonola ere, lehentasuna izango dute Euskadi Eraldatuz planean eta Euskadi 2030 Industria Planean zehaztutako sektore estrategikoek.
Abian jarri den zeharkako inbertsioaren lehenengo deialdia da Programa, eta ekimen hori zuzeneko parte hartzearekin osatuko da, HAZTEN SCALE UP, FCR arrisku-kapitaleko funts publikoaren bidez —gaur egun eratze-fasean dago—.
Bi tresna horien helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko startupen eta enpresa txiki eta ertainen eskalatzea eta dimentsionamendua bultzatzea eta laguntzea. Estrategia horren barruan, Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euro baino gehiago jartzea aurreikusten du, Euskadi Eraldatuz Planean jasotzen den bezalaxe.
Errotzea eta tokiko konpromisoa sustatzea
Deialdi honen berritasun nagusia errotze-ikuspegi esplizitua da, jarduera ekonomikoak Euskadin irautea baldintza duena. Hautatutako funtsek kontratu-konpromiso hauek hartu beharko dituzte beren gain:
- Inbertsioa Euskadin (2:1 ratioa). Kudeatzaileek Indartuz sozietateak hitzartutako ekarpenaren bikoitza, gutxienez, inbertitu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko intereseko enpresetan.
- Egoitza eta tokiko lantaldea. Egoitza eta tokiko lantalde iraunkorra ezartzea eskatzen da.
Parte hartzeko baldintzak
Deialdia sozietate kudeatzaileei eta arrisku-kapitaleko sozietate autokudeatuei zuzentzen zaie. Inbertsio-bitartekoak gutxienez 50 milioiko ondare objektiboa izan behar du. Era berean, partaidetza publikoak, barnean dela Indartuz sozietate publikoarenak, ezin izango du funtsaren ondarearen % 49 gainditu.
Hautaketa-prozesuak lehentasuna emango die talde kudeatzailearen kalitateari eta balioa sortzeko duen ahalmenari, eta, gainera, jasangarritasun-irizpideak eta gobernu ona ere hartuko ditu aintzat.
Leihatila jarraitua
Hau izango da lehen deialdia. Programak leihatila jarraituko sistema bidez jardungo du, eta sei hilean behin egingo diren bi ebaluazio-ziklo izango ditu. Proposamenak jasotzeko epeak apirilaren 30ean eta urriaren 31n itxiko dira.
Sarbide-baldintzak eta hautaketa-irizpideak jasotzen dituzten oinarriak eta proposamenak aurkezteko modua ostiral honetan, urtarrilak 30, egongo dira eskuragarri IVFren web orriko Indartuz atalean.
Tresna horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei eskalatze-etapan laguntzeko apustua indartu du eta kudeaketa profesionala eta Euskadiren etorkizun ekonomikoarekiko konpromiso irmoa bermatu.
Euskadi Eraldatuz 2030
Eskalagarritasunean inbertitzeko programaren lehen deialdi hau da Euskadi Eraldatuz 2030 planaren esparruan abian jarritako ekimenetako bat —Euskal Finantza Aliantzan konpromiso publikoa zehazten duen plana da—.Eusko Jaurlaritzak, 2025. urtearen hasieran lankidetza publiko-pribatuko esparru horren sorrera bultzatzeaz gain, bere gain hartu zuen Euskadiren eraldaketa ekonomikoa eta industriala finantzatzeko inbertsio publikoko 1.000 milioi euro jartzeko konpromisoa, eta arreta berezia jarri zuen industrian, berrikuntzan eta enpresak bertan errotzean, 3.000 milioi euro pribatu mobilizatzeko helburuarekin.
Euskadi Eraldatuz 2030 da konpromiso horren bide-orria. Urrian iragarri zen, eta dagoeneko zenbait mugarri bete dira:
- Finkatuz funtsaren inbertsio-irizpideak indartzea eta egokitzea, kapital-partaidetzen bidez enpresa bultzatzaileak bertan errotzeko inbertsio-bitartekoa baita —berriki egindako Ayesa eta Talgoren eragiketak, adibidez—.
- Indartuz sozietatea sortzea, inbertsio eraldatzaile handietan inbertitzeko bitarteko berria, lau inbertsio-arlo izango dituena: eskalagarritasun-programa, zor malgua, azpiegitura aurreratuak eta trantsizio soziala.
- Finantzen Euskal Institutuaren zuzeneko finantzaketa-lerroa abiaraztea, eraldaketa-proiektuetarako mailegu eta abalen bidez.
2026an eta 2027an, inbertsio-planean zehaztutako gainerako ekimenak eta neurriak garatuko dira, hala nola abalatutako finantzaketa-lerroa, Indartuz sozietatearen gainerako inbertsio-programak edo Euskal Autonomia Erkidegoko industria berria eta garatzen ari diren sektoreak bultzatzeko Autonomia Erkidegoko Arrisku Kapitalak kudeatutako tresnak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)