Eusko Jaurlaritzak ERAIKI HUB bultzatu du, Euskadiko eraikuntza eraldatzeko eta etxebizitza-eskaintza handitzeko ekimena

Argitalpen-data: 

Denis_Itxaso__durante_su_intervencion.jpeg
  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak BUILD:INN klusterrarekin eta Tecnaliarekin batera aurkeztuko du ekimen hori Rebuild 2026 ekitaldian. Ekitaldi horretan industrializazioarekin konprometituta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko 20 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute
  • Noticias Taldeak gaur goizean antolatu duen Euskadiko eraikuntzaren foroaren barruan, Denis Itxaso sailburuak aditzera eman du sektorearen industrializazioa dela etxebizitzaren egiturazko defizitaren aurrean erantzun integrala emateko ardatza

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean iragarri du ERAIKI HUB ekimen estrategikoa jarriko duela abian, eraikuntzaren industrializazioa bizkortze aldera eta Euskadik etxebizitza azkarrago, efizienteago eta jasangarriago eraikitzeko duen gaitasuna indartze aldera. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gaur aurkeztu du proiektua, Noticias taldeak antolatuta Bilboko The Artist hotelean egin den Euskadiko eraikuntzaren sektoreko foroan. Sailburuak foro horretan aditzera eman duenez, “oso ideia argiarekin jaio da: sistemak etxebizitza azkarrago, efizienteago eta jasangarriago eraikitzeko duen gaitasuna indartzea”.

BUILD:INN klusterrarekin eta Tecnaliarekin batera sustatuta, ERAIKI HUB ekimena “lankidetza-azpiegitura” gisa egituratu da, eta administrazio publikoak, enpresak, finantza-entitateak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak elkartzen ditu gaitasun industrialak, teknologikoak eta arautzaileak bateratzeko helburuan. “Ez da proiektu teknologiko hutsa”, adierazi du sailburuak, “industrializazioak Euskadin eskalatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortu nahi ditu”.

Proiektuaren aurkezpen ofiziala aste honetan egingo da, hilaren 24tik 26ra bitartean IFEMAn egingo den Rebuild azokan. Visesak eta Alokabidek ere parte hartuko dute azokan. Lehen lan-ildoen artean nabarmentzen da Eraikuntza Industrializatuko Ziurtagiriaren sorrera, estandar tekniko komunak ezar daitezen eta merkatuari ziurtasuna eman dakion; “konfiantza sortzeko eta finantzaketa errazteko funtsezko tresna” da. Era berean, ERAIKI HUB ekimenak prestakuntza espezializatua, eraikuntza-prozesuen digitalizazioa eta administrazio-prozedura berriak sustatuko ditu. Itxasok aditzera eman duenez, industrializazioari esker, “egikaritze-epeak % 50era murriztu” ahal izango dira eta etxebizitzen kalitatea eta efizientzia hobetu, “Euskadik, bere industria-tradizioarekin, eraldaketa hori gidatzeko oinarri sendoa” duen testuinguruan.

Sailburuak ekimena kokatu du etxebizitza eskuratzea gizarte-kezka nagusietako bat bihurtu den “bizitegi-larrialdiko” testuinguruan. “Etxebizitza duina eta eskuragarria lortzea gero eta zailagoa da, batik bat belaunaldi gazteentzat", adierazi du. Gaur egun, bizikidetza-unitate askok beren diru-sarreren % 40 baino gehiago jartzen dituzte etxebizitzarako eta horniduretarako, eta horrek zuzenean eragiten du familien ongizatean eta ahalmen ekonomikoan. “Herri-erantzuna eskatzen duen egiturazko erronka baten aurrean gaude", ohartarazi du.

Arazo nagusietako bat eskaintzaren defizita da. Euskadi etxebizitza babestuaren arloan erreferente historikoa den arren —220.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, eta horietatik 87.000 etxebizitza inguru babestuak dira—, produkzio-erritmoak nabarmen egin du behera. 2008ko krisiaren aurreko 10.000 etxebizitzetatik (15.000 etxebizitza izan ziren 2007an) gaur egun eraikitzen diren 5.000 etxebizitzetara pasa da. Aldi berean, eskariak gora egiten jarraitzen du: hurrengo hamarkadan beste 100.000 bizikidetza-unitate inguru sortzea aurreikusten da, eta horrek egungo eraikuntza-erritmoa bikoiztea eskatuko luke. Horri beste faktore batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola lurzoru-eskasia, administrazio-moteltasuna, materialen eta energiaren garestitzea edo hornidura-kateetako arazoak, eta, hala “ekaitz perfektua sortu da etxebizitzaren merkatuan”.

Lurzoru gehiago, burokrazia gutxiago eta tresna berriak

Egoera horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritza etxebizitza-eskaintza handitzeko zenbait neurri bultzatzen ari da. Neurri horien artean dago Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurriei buruzko Lege berria, lurzorua desblokeatzeko eta sustapenak azkartzeko tresnak barne hartzen baititu. “Helburua argia da: eskaintza suspertzea eta 75.000 etxebizitza babestutarako kalifikatutako lurzoruak aktibatzea, lurzoru horiek denbora gehiegi baitaramate geldirik”, adierazi du Itxaso sailburuak. Neurrien artean barne hartzen dira lurzoru-erreserba estrategikoa, administrazio-epeak erdira murrizteko “bide azkarra” eta udalentzako malgutasun handiagoa.

Horrez gain, soluzio berritzaileak ere aurreikusi dira, hala nola eraikin publikoen gainean jasodurak altxatu eta 2.000 bizitoki eraikitzea edo 7.000 merkataritza-lokal etxebizitza bihurtzea. Sailburuak adierazi du, eskaintzak gora egiten duen bitartean, behar-beharrezkoa dela kolektibo zaurgarrienak babestea. “Merkatuak denbora behar du erreakzionatzeko, eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituztenak babestu behar ditugu”, azaldu du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak politika hauek ditu abian: eremu tentsionatuetan alokairu-prezioak mugatzea; Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren bidez 35.000 bizikidetza-unitateri zuzeneko laguntzak ematea; eta 14.000 gazteri mesede egiten dieten Gaztelagun eta Emantzipa programak. Horri gehitu behar zaizkio etxebizitza hutsak alokairura mugiarazteko pizgarri fiskalak eta jabeei segurtasun handiagoa eskaintzeko Alokaplus gisako programak. “Neurri horiei esker, sistema orekatu nahi da: eskaintza suspertu eta, aldi berean, eskaria babestu”, jakinarazi du.

Itxasok aditzera eman du eraikuntzaren sektorea “guztiz funtsezkoa” dela etxebizitzaren arazoa konpontzera begira. “Sektore indartsua, berritzailea eta lehiakorra behar dugu”, ohartarazi du, eta urteko 10.000 etxebizitza inguruko eraikuntza-maila berreskuratzearen aldeko apustua egin du. Testuinguru horretan, industrializazioa —ERAIKI HUB ekimenaren ardatza— garrantzi handiko tresna da produktibitatea hobetzeko, epeak murrizteko, kalitatea areagotzeko eta jasangarritasunean eta deskarbonizazioan aurrera egiteko.

Aukera ekonomikoa eta herri-aukera

Etxebizitzaren arazoari eman beharreko erantzunaz haratago, sailburuak estrategia horren ahalmen eraldatzailea nabarmendu du. “Eraikuntzaren industrializazioa ere aukera ekonomiko eta teknologiko handia da Euskadirentzat”, adierazi du. Azaldu duenez, horri esker, enpresa-sarea indartu ahal izango da, enplegu kualifikatua sortu, talentua erakarri, emakumeak sektorean sar daitezen lagundu, berrikuntza bultzatu, eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak nazioarteko merkatuetan kokatu. “Etxebizitzaren erronka eraldaketa industrialerako palanka bihurtzeaz mintzatzen ari gara”, laburbildu du.

Sailburuak, amaitzeko, erakundeen, sektore pribatuaren eta gizarte-eragileen arteko elkarlanari hel egin dio. “Erronka handiak ez dira erabaki isolatuen bidez konpontzen. Ikuspegi estrategikoa, baliabideak, berrikuntza eta, batez ere, lankidetza behar dituzte”, jakinarazi du. “Eraldaketa hori bizkortu dezaketen ERAIKI HUB gisako proiektuak, ideiak eta gaitasunak ditugu”, aditzera eman du, “baina batik bat helburu partekatu bat dugu: etxebizitzak kezka izateari utz diezaiola eta berriro ere gure ongizatearen eta gizarte-kohesioaren oinarria izan dadila”.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)