Eusko Jaurlaritzak Eraiki Hub aurkeztu du Rebuild 2026an, etxebizitzaren industrializazioa bizkortzeko

Argitalpen-data: 

Denis_Itxaso_presenta_Eraiki_Hub_en_Rebuild.jpeg
  • Ekimena BUILD:INN klusterrarekin eta Tecnaliarekin batera sustatu da, eta industrializazioan, berrikuntzan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ekoizpen-eredu berria bultzatuko du eraikuntza-sektorean, administrazioak, enpresak, zentro teknologikoak eta finantza-eragileak integratzen dituen ekosistema bat artikulatuta
  • HUBaren helburua da etxebizitzak azkarrago, eraginkorrago eta jasangarriago ekoizteko sistemak duen gaitasuna indartzea
  • Eraikuntza Industrializatuaren Ziurtagiria bezalako tresnak garatuko ditu, merkatuarekiko konfiantza sortu, inbertitzaile eta finantza-erakundeentzako arriskuak murriztu eta eraikuntza-sistema industrializatuetan oinarritutako proiektuen finantzaketa erraztu

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Eraiki Hub aurkeztu du ostegun honetan, BUILD:INN klusterrarekin eta Tecnaliarekin batera Euskadin eraikuntza industrializatua sustatzeko azeleragailu berria. Rebuild 2026 nazioarteko azokaren esparruan aurkeztu du, eraikuntzaren sektoreko berrikuntzaren inguruko Europako hitzordu nagusietako batean. Aurkezpena Madrilgo IFEMAko erakustazokako LIGNUM TECH auditorioan egin da. Bertan, erakundeetako ordezkariek, enpresa publikoetako arduradunek, zentro teknologikoek eta sektoreko eragileek industrializazioak eraikuntzaren ekoizpen-eredua eraldatzeko eta kalitatezko etxebizitzen ekoizpena bizkortzeko eskaintzen dituen aukerak aztertu dituzte.

Irekiera instituzionalean, sailburuak azpimarratu du eraikuntzaren industrializazioa dela etxebizitza eskuratzeko erronkari erantzuteko palanka estrategikoetako bat. “Eraikuntzaren industrializazioa funtsezko mekanismoetako bat da kalitatezko etxebizitzen ekoizpena bizkortzeko eta gure garaiko erronka sozial nagusietako bati eraginkortasun handiagoz erantzuteko”, nabarmendu du Itxasok. Eta gaineratu duenez, “Eraiki Hub-en bidez, Euskadiko eraikuntza-sektorean ekoizpen-eredu berri bat bultzatu nahi dugu, berrikuntzan, industrializazioan eta erakunde, enpresa eta eragile teknologikoen arteko lankidetzan oinarritua”.

Ekimena Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren baitakoa da, eraikuntzaren sektorearen modernizazioa bultzatzeko eta etxebizitza publikoa eta babestua azkarrago, eraginkorrago eta jasangarriago ekoizteko gaitasuna indartzeko. Eraiki Hub eraikuntza-eredu industrializaturanzko trantsizioa bizkortzeko tresna izateko sortu zen, eraikuntza-prozesuaren zati bat obratik industria-ingurune kontrolatuetara eramanda. Ikuspegi horrek aukera ematen du eraikuntzan plangintza hobetzeko, produktibitatea handitzeko eta kalitate- eta jasangarritasun-estandar handiagoak bermatzeko.

Hub sektore anitzeko lankidetza-azpiegitura da, eta helburua da euskal eraikuntza-sektorearen ekosistemaren ahalmen industrial, teknologiko eta erregulatzaileak lerrokatzea. Xedea da beharrezko baldintzak sortzea industrializazioak Euskadin indarra hartu dezan, hala sektoreko produkzio-paradigma berri gisa finka dadin.

Eredu industrializatuak aukera ematen du etxebizitza-sustapenen egikaritze-epeak % 50era murrizteko, akatsak eta gainkostuak murrizteko eta proiektuen finantza-aurreikuspenak hobetzeko; aldi berean, hondakinak eta emisioak murrizten ditu, diseinuaren hasierako faseetatik jasangarritasun-irizpideak txertatuta.

Lankidetza publiko-pribatuko ekosistema

Jardunaldiarekin jarraitzeko, Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak Eraiki Hub-en estrategia eta ibilbide-orria aurkeztu ditu, eta proiektua nola hedatuko den azaldu du, sektore publikoak zein Euskadiko ekosistema industrial eta teknologikoak bultzatutako ekimenen bidez.

Bloke horretan parte hartu dute, halaber, Aitor Pradovaso Alokabideko zuzendari teknikoak, Alejandro Santamaría Visesako Industrializazio, Urbanizazio eta Industria Espedienteen arduradunak, Marta Epelde BUILD:INN Euskadiko Eraikuntzaren Klusterreko zuzendari nagusiak, eta José Luis Elejalde Tecnaliako Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko zuzendariak. Guztiek jorratu dute euskal ekosistemako erakundeek eraikuntza industrializaturako trantsizioan betetzen duten funtzioa: etxebizitzaren sustapen publikoa, garapen teknologikoa, enpresa-berrikuntza edo ekoizpen-gaitasun berrien sorrera.

Proiektuak BUILD:INN Euskadiko Eraikuntzaren Klusterraren laguntza du, eta horrek bideratzen du enpresa-sarearen parte-hartzea, bai eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearena ere, ikerketa aplikatuko eta transferentzia teknologikoko gaitasunak ematen dituzten Tecnalia edo Tekniker bezalako zentroen bidez.

Jardunaldian, halaber, Eraikuntza Industrializatuaren Ziurtagiria aurkeztu da, Lourdes González Garrido Eusko Jaurlaritzako Arkitektura, Araudi eta Eraikuntzaren Kalitatearen Kontrolerako Zerbitzuaren arduradunaren eskutik. Tresna horren bidez, estandar tekniko komunak ezarri ahal izango dira proiektu industrializatuetarako, eta etxebizitzak industria-ekoizpeneko, interoperabilitateko eta trazabilitate digitaleko irizpideen arabera diseinatu eta egin direla baliozkotu ahal izango da. Ziurtapenaren beste helburu bat da merkatuaren konfiantza sortzea, inbertitzaile eta finantza-erakundeentzako arriskuak murriztea eta eraikuntza-sistema industrializatuetan oinarritutako proiektuen finantzaketa erraztea.

Industrializazioa bizkortzeko ibilbide-orria

Eraiki Hub-en ibilbide-orrian, eraikuntza-eredu hori bizkorrago erabiltzeko zenbait jarduteko ildo jaso dira. Besteak beste, hauek dira nabarmentzekoak: eraikuntza industrializatuaren zigilua garatzea, sektoreari lotutako lanbide-profil berriak sortzeko prestakuntza-programak garatzea —bereziki gazteen eta emakumeen artean—, eta proiektu industrializatuetarako lizentziak eta baimenak bizkortzeko administrazio-prozedurak bultzatzea.

Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako zuzendariak itxi du saioa, eta nabarmendu du garrantzitsua dela erakundeen, enpresen eta eragile teknologikoen arteko lankidetza indartzea, etxebizitza eskuratzeko erronkari erantzuteko gai den ekosistema industriala finkatzeko.

Eraiki Hub abian jarrita, Euskadik indartu egingo du eraikuntzari aplikatutako berrikuntza industrialaren aldeko apustua, bai eta eraikuntza-eredu produktiboago, jasangarriago eta etorkizuneko erronka sozial, ekonomiko eta klimatikoekin lerrokatuago baten aldekoa ere.

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)