Eusko Jaurlaritzak Eguzki Hotz programa jarri du abian, 120 milioi eurorekin klimatizazio jasangarria eta autokontsumoa sustatzeko (Gobernu Kontseilua 2026-10-27)

Argitalpen-data: 

n770_logoconsejo.jpg
  • Eraikinak tenperatura altuetara eta bero-boladetara egokitzen lagunduko du, energia berriztagarrien bidez sorturako elektrizitate propioari lotutako klimatizazio-sistemen bidez
  • Dirulaguntzak oso zabalak izango dira, industria, etxebizitzak, osasun zentroak eta ikastetxeak, zerbitzuen sektorea eta merkataritzan
  • Ekimena aitzindaria da Europan, klimatizaziorako laguntzak energia berriztagarrien sorkuntzarekin lotzen baitute autokontsumoa bezalako formulen bidez
  • Programaren izena “Eguzki Hotz” da eta “hozten duen eguzkia” kontzeptua dakar, aire girotua sortzen duen eguzki-energiari erreferentzia eginez
  • Eskaerak azaroaren 5etik aurrera aurkeztu ahal izango dira, eta aurrekontua agortu arte, eta gehienez, 2028ko irailaren 29ra arte

Eusko Jaurlaritzaren Eguzki Hotz ekimena abian da jada, eta guztira 120 milioi euro izatea aurreikusten du Euskadin klimatizazio jasangarriko sistemak ezarpena bultzatzeko.  Helburua da eraikinak tenperatura altuetara eta geroz eta ohikoagoak diren bero-boladetara egokitzea, energiarekiko mendekotasuna eta argindarraren faktura handitu gabe. 

“Eguzki Hotz” programak “hozten duen eguzkia” kontzeptua dakar, aire girotua sortzeko gaitasuna baitu eguzkiaren energiak. Ekimenak klimatizazioa energia berriztagarrien bidezko energia-sorkuntza propioarekin lotzen du, autokontsumoa bezalako formulen bidez.

Programa oso zabala da. Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte industriak, etxeek, osasun zentroek eta ikastetxeek, zerbitzu-enpresek eta merkataritza txiki eta ertainek, baita herritarren zerbitzura dauden hainbat ekipamenduk ere, hala nola komisaria eta anbulatorioek. Laguntza-ildoek etxebizitzetan, zentro publikoetan eta lantokietan jarduteko aukera emango dute, erosotasun termikoa hobetzeko, energia-kontsumoa murrizteko eta pertsonen ongizatean aurrera egiteko.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren jarduera zabalago baten barruan kokatzen da, eraikinen energia-autonomia, efizientzia energetikoa eta klima-aldaketara egokitzea indartzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat laguntza-lerro osagarriren bidez garatuko da, esparru bakoitzaren beharretara egokituta.

Ekimen aitzindaria Europan

Energiaren Euskal Erakundeak kudeatutako Eguzki Hotz ekimenak, autokontsumorako laguntzen ikuspegia zabaltzen du. Energia elektriko berriztagarriaren sorkuntza, biltegiratzea eta bero zein hotzeko sistemen elektrifikazioa sustatuko ditu aldi berean, energia berriztagarrien bidez.

Eguzki Hotz programak Europan aitzindaria den planteamendua ezartzen du. Oro har, klimatizaziorako laguntzak baldintzatuta egongo dira, ekipamendu berriak energia elektriko berriztagarria sortzeko iturri propio bati lotuta badaude. Horrela, klimatizazio-sistemak autokontsumorako edo energia berriztagarrien bidezko energia-sorkuntza propioko irtenbideekin uztartzea sustatuko da.

Eraikin bat hozteko edo klimatizatzeko behar den elektrizitatea autokontsumorako instalazio batetik, energia-komunitate herritar batetik edo energia berriztagarrien komunitate batetik etorri ahal izango da.

Era horretara, eraikinean bertan edo haren inguruan sortutako elektrizitateak klimatizazio-ekipoak hornitu ahal izango ditu. Eguzki-erradiazio handieneko orduetan sortutako energia eraikinak hozteko erabili ahal izango da, sare elektrikotik datorren kontsumoa zein energia-faktura murriztuz.

Horrela, Eguzki Hotz programak bereziki garrantzitsuak diren hiru helburu uztartzen ditu: energia-autonomia handiagoa, bero eta hotz sistemen deskarbonizazioa, eta tenperaturen igoeraren aurrean klima-egokitzapena sustatzea.

Etxebizitzen arloan, instalazio fotovoltaikoetarako laguntzek kostuaren %55era arte estali ahal izango dute. Enpresen kasuan, ehunekoa enpresaren tamainaren araberakoa izango da: %25era arte enpresa handietan, %30era arte ertainetan eta %45era arte enpresa txikietan. Klimatizazio berriztagarriari dagokionez, laguntzak %45era artekoak izan daitezke geotermiako sorkuntza-sistementzat, eta %30era artekoak aerotermiakoentzat.

Laguntzak eskatzeko epea

Eguzki Hotz ekimeneko laguntzak azaroaren 5etik aurrera eskatu ahal izango dira, aurrekontua agortu arte eta, gehienez ere, 2028ko irailaren 29ra arte.

Diruz lagundutako ekintzen ebazpena jakinarazten denetik 18 hilabeteko epean justifikatu beharko dira. Nolanahi ere, azken eguna 2029ko urriaren 31 izango da.

Jarduera ekonomikoa egiten duten pertsona edo erakundeen kasuan, laguntza eskatu beharko da jarduerak hasi edo horiek gauzatzeko konpromiso irmoak hartu aurretik. Jarduera ekonomikorik ez duten onuradunen kasuan, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako konpromiso irmoak, onartutako aurrekontuak, eskaerak, kontratuak, fakturak eta ordainketak onartuko dira.

Eguzki Hotz programak beste urrats bat ematen du autokontsumorako laguntzen arloan; izan ere, etxebizitzak, bulegoak, merkataritza-establezimenduak eta industriak klimatizatzeko laguntza berriak energia elektriko berriztagarria sortzeko instalazio baten laguntzarekin lotzen dira.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)