- Positibotzat jo du digitalizazioari lotutako elektrizitate-eskariaren hazkundea energia elektriko berriztagarriaren sorkuntzaren igoerarekin lotzeaz. Horrek ez du datu-zentroen garapenerako oztopo izan behar, baina, aldi berean, industriarentzat eta herritarrentzat energia-kostuak handitzea saihestu behar da.
- Datu-zentroen garapen errealista eta ordenatua sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak arau-proposamenaren zenbait parametro doitzea planteatzen du. Zehazki, eskatzen den energia berriztagarriaren sorkuntza berriaren ehunekoari eta elektrizitate- sorkuntzaren eta -eskariaren artean egon behar duen denbora-erlazioari dagokionez.
- Era berean, egokitzat jotzen du, birpotentziazio eolikoa eta biltegitzea energia berriztagarriaren ekarpen gehigarrien barruan sartzea.
- Euskadik berezko eredu bat defendatzen du datu-zentroen garapena datuaren ekonomiaren garapenerako bultzada bihurtzeko, Euskadin eragin ekonomiko handiagoa, industria-lehiakortasuna eta garapen teknologikoa sortu.
- Proposatzen du lehenestea Europako subiranotasun digitala gehien sustatzen duten datu-zentroak; hau da, gaitasun teknologikoa, zerbitzu digital aurreratuak eta ehun teknologikoaren garapena gehien bultzatzen dituztenak, hori guztia industriaren benetako beharrekin lotuta.
- Bultzatutako eredua bat dator Europan datu-zentroen garapenean aplikatzen diren jardunbide onenekin: sorkuntza berriztagarriekiko lotura, sistema elektrikoarekiko integrazioa, iraunkortasuna, eraginkortasuna eta datuaren subiranotasuna.
- Dekretu horrek datu-zentroek sortuko duten elektrizitate-eskari berria ekarriko du, eta eskari hori energia berriztagarrien bidez hornituko da. Horretarako, inbertsio berriak egin beharko dira sare elektrikoetan, bost urteko plangintza-ziklo honetarako aurreikusitakoaz gain. Eusko Jaurlaritzak gobernu espainiarrari eskatu dio inbertsio berri horien eragina ez dadila industria eta etxebizitza kontsumitzaileen gain erori.
Eusko Jaurlaritzak alegazioak aurkeztu dizkio Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak datu-zentroen arloan prestatzen ari den errege-dekretuaren proiektuari. Helburua da azpiegitura teknologiko horien garapena energia berriztagarriaren sorkuntzaren hazkundearekin lotzeko.
Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du datu-zentroak ezartzeak eragindako energia elektrikoaren eskaera handitzearen eta elektrizitatearen sorkuntza berriztagarria handitzearen arteko erlazioa. Araudiak ez luke oztopatu behar industria lehiakortasunean eta garapen teknologikoan aurrera egitea ahalbidetzen duten datu-zentroen garapena. Helburua izan beharko luke datu-zentroen garapen jasangarri, errealista eta ordenatua sustatzea, eta industriarentzat nahiz etxeentzat elektrizitatearen prezioa igotzea saihestea.
Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak araudi berrian jasotako parametroetako batzuk doitzea proposatzen du, datu-zentroen garapen errealista eta ordenatua bultzatzeko. Zehazki, zentroak hornitzeko eskatzen den energia berriztagarriaren sorkuntza berriaren ehunekoa berrikustea planteatzen du.
Ildo horretan, proposatzen du dagoeneko martxan dauden instalazio eolikoen birpotentziazio eta energia biltegitzea ere aintzat hartzea, datu-zentro berriak hornitzeko energia berriztagarriaren ekarpen osagarri gisa.
Azkenik, dekretu horrek ekarriko du datu-zentroek sortuko duten elektrizitate eskari berria, eta energia berriztagarri berriarekin hornituko da. Horretarako, inbertsio berriak egin beharko dira sare elektrikoetan, bost urteko plangintza-ziklo honetarako aurreikusitakoaz gain. Eusko Jaurlaritzak gobernu espainiarrari eskatu dio inbertsio berri horien eragina ez dadila industria eta etxebizitza kontsumitzaileen gain erori.
Datuaren subiranotasuna
Eusko Jaurlaritzako eredua bat dator Europan datu-zentroen garapenean aplikatzen diren jardunbide onenekin; izan ere, sorkuntza berriztagarriekiko lotura, sistema elektrikoarekiko integrazioa, iraunkortasuna, eraginkortasuna eta datuaren subiranotasuna lotzen baititu.
Eredu horrek nahi du Euskadiko datu-zentroak datuaren ekonomiaren garapenean ere bultzada izatea, euskal ekonomian, industria-lehiakortasunean eta garapen teknologikoan eragin handiagoa sortzeko.
Ildo horretan, Euskadik lehentasuna ematea proposatzen du Europako subiranotasun digitala gehien sustatzen duten datu-zentroei; hau da, gaitasun teknologikoa, zerbitzu digital aurreratuak eta, oro har, ehun teknologikoaren garapena gehien bultzatzen dituztenei, industriaren benetako beharrei lehentasunez erantzuteko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)