- Proiektuak amarralekuak esleitzeko sistema berri bat ezartzen du, gardenagoa, objektiboagoa eta Euskadiko aisialdiko nautika errealitatera egokitua
- Proposamenak 100 puntu arteko baremo bat txertatzen du, portuekiko lotura, lurralde-hurbiltasuna, jasangarritasuna, berdintasuna eta nabigatzeko tituluak dituzten pertsonen artean belaunaldien arteko erreleboa balioesten dituena
- Dekretua landu den partaidetza-prozesuari jarraipena emanez, interesdunek abenduaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dituzte alegazioak
Eusko Jaurlaritzak Amarralekuen Dekretu berriaren proiektuari buruzko jendaurreko informazio-izapidea ireki du gaur. Dekretu berriak Euskadiko aisialdiko eta kirol-ontzientzako plazak esleitzeko prozedura eta horiek erabiltzeko baldintzak arautuko ditu. Interesa duten pertsona eta erakundeek testua kontsultatu eta alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte 2026ko abenduaren 14ra arte.
Horrela, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2017tik indarrean dagoen araudia eguneratzeko bidean aurrera egin du, esleipen-sistema gardenagoa, objektiboagoa eta malguagoa ezartzeko helburuarekin. Sistema horrek itsas jardueraren bilakaerari eta erabiltzaileen zein kostaldeko udalerrien beharrei erantzun nahi die.
Sailaren aurreikuspenen arabera, izapidetzea amaitu eta dekretu berria behin betiko onartuko da 2027ko lehen seihilekoan, jasotako alegazioak aztertu eta dagozkion izapideak egin ondoren.
Amarralekuen esleipen-eredu berria
Dekretu-proiektuak amarralekuen antolaketa berria proposatzen du, amarratze-moduluen bidez. Modulu horiek ontzien neurrien eta ezaugarrien arabera zehaztuko dira. Sistema horri esker, plazen esleipena, espazioen antolaketa eta instalazioetako maniobragarritasun-baldintzak hobetu ahal izango dira.
Aisialdiko eta kirol-ontzientzat, proposamenak 100 puntura arteko baremo batean oinarritutako lehia askeko prozedura ezartzen du, irizpide objektiboekin, eskatzaileek aurrez ezagutzeko modukoak.
Kontuan hartuko diren alderdien artean dago portuarekiko aurretiazko lotura, bai dagoeneko baimena duten pertsonena, bai itxarote-zerrendetan izena emanda dutenena. Lurralde-hurbiltasuna ere kontuan hartuko da, bizilekuaren udalerriaren, eskualdearen eta gainerako lurraldearen arabera puntuazio desberdinak emanez.
Proiektuak, halaber, berdintasuna eta nabigatzeko titulua duten pertsonen arteko belaunaldi-erreleboa sustatzeko neurriak jasotzen ditu: 5 puntu emango zaizkie emakumeei eta beste 5 puntu 35 urtetik beherako pertsonei.
Ontzien jasangarritasuna esleipen-irizpideetako bat izango da, eta gehienez 10 puntu emango dira. Bereziki baloratuko dira bela, arrauna, elektrizitatea edo bestelako teknologia alternatiboak erabiltzen dituzten ontziak. Errekuntza-motorrak dituzten ontzien kasuan, berriz, potentzia-mugak hartuko dira kontuan, ontziaren luzeraren arabera. Itsas ondarea zaintzea ere baloratuko da, ontzi historikoak aintzat hartuz.
Erabiltzaileen beharretara egokitutako kudeaketa malguagoa
Araudi berriak itxarote-zerrenden funtzionamendua hobetzeko neurriak ere proposatzen ditu. Modulu-kategorien arabera antolatuko dira, hurrengo deialdia egin arte irekita egongo dira eta hiru hilean behin eguneratuko dira. Era berean, zerrenden kudeaketa hobetzeko, eskatzaileek urtero berritu beharko dute zerrendetan jarraitzeko interesa.
Gainera, ontzirik izan gabe ere amarraleku bat eskatzeko aukera emango du, betiere ondoren ontzia eskuratzeko eta amarralekua okupatzeko ezarritako baldintzak eta epeak betetzen badira.
Proiektuak ontzi-aldaketak eta plazen trukeak arautzen ditu, eta neurri espezifikoak jasotzen ditu 80 urte edo gehiago dituzten eta dagoeneko amarraleku-baimena duten pertsonek itsasoarekiko loturari eutsi ahal izan diezaioten. Kolektibo horretarako plazen % 10eraino gorde ahal izango dira, aldi baterako baimenen bidez.
Proposamenak merkataritzako, turismoko, kulturako edo hezkuntzako itsas eta aisialdiko jarduerak ere jasotzen ditu, tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena, itsas eta natura-ondarearen balioa nabarmentzeko duten gaitasuna eta ingurunearekiko lotura baloratuz.
Partaidetza-prozesua, ekarpen berriak jasotzeko irekia
Dekretu berria prestatzeko, entzute- eta partaidetza-prozesu bat egin da Euskadiko kirol-portuetako erabiltzaileekin.
2025eko urritik 2026ko urtarrilera bitartean, hamar saio egin ziren, eta 200 amarralarik eta itxarote-zerrendetan izena emanda zeuden 113 pertsonak hartu zuten parte. Saio horietan, esleipen-sistema hobetzeko esperientziak, beharrak eta proposamenak bildu ziren.
Jendaurreko informazio-izapidea irekitzea beste urrats bat da partaidetza-prozesu horretan, herritarrei, elkarteei eta erakunde interesdunei proiektua aztertzeko eta ekarpen berriak egiteko aukera eskaintzen baitie, behin betiko onartu aurretik.
Alegazioak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 14ra arte egongo da zabalik, egun hori barne. Testua Euskadiko Iragarki Taula Elektronikoan kontsulta daiteke, eta bertan aurkeztu ahal izango dira dagozkion alegazioak ere.
Izapide hori amaitutakoan, Sailak jasotako ekarpenak aztertuko ditu eta administrazio-prozedurarekin jarraituko du. Amarralekuen Dekretu berriaren behin betiko testua 2027ko lehen seihilekoan onartzea aurreikusten da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)