EUSKO JAURLARITZAK BESTE URRATS BAT EMAN DU BGAE-EN ERREFORMAN, EUSKADIKO EKONOMIAN ETA KALITATEZKO ENPLEGUAN DUTEN ZEREGINA INDARTZEKO

Argitalpen-data: 

Gaur, Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouk aldez aurretiko onarpen-agindua sinatuta, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) arautuko dituen dekretu berriaren izapidetzean. Horrela, aurrera egiten da joan den martxoan jendaurreko kontsultara atera zen araudiaren izapidetzean. Araudi horren helburua da erakunde horiek Euskadiko ekonomian eta kalitatezko enpleguan duten zeregina sustatzea. Helburu hori bat dator gaur egun BGAEei buruz indarrean dagoen araudi guztia —gaur egun hainbat dekretutan sakabanatuta dagoena— bateratzeko eta modernizatzeko beharrarekin, sistemari argitasun, koherentzia eta segurtasun juridiko handiagoa emateko.

 

Araudi-eguneratze horretatik harago, dekretuak ikuspegi-aldaketa esanguratsu bat dakar: BGAEen zeregina indartzea Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren palanka gisa. Dekretu berriaren ardatz nagusietako bat BGAEen inbertsio-araubidearen aldaketa da. Proposamenak arau-esparrua bideratu nahi du, erakunde horiek beren inbertsioen zati bat euskal industria-, enpresa- eta teknologia-ehunaren sustraitzea, hazkundea eta sendotzea bultzatuko duten proiektuetara bideratu ahal izan dezaten.

 

Neurri honek Gobernu Programan jasotako konpromisoari erantzuten dio, zehazki 74. konpromisoari, hau da, "Kalitatezko enplegua sustatzeko eta sustraitzea indartzeko inbertsioa" izenekoari. Haren garapenean, ezartzen da BGAEen baliabideen zati batek lurraldearen garapen ekonomikoari zuzenean laguntzeko araudia egokitu beharra dagoela. Praktikan, dekretuak ez du nahitaezko inbertsiorik ezartzen, baina aldaketa esanguratsu bat sartzen du: BGAEek euskal ekonomia produktiboan inbertitzeko aukera berariaz aztertu eta kontuan hartu beharko dute, beren inbertsio-politika diseinatzerakoan.

 

Horrek aukera hauek aztertzea dakar berekin, besteak beste:

 

  • Euskadin kokatutako enpresak, bai kotizatuak bai kotizatu gabeak.
  • Hazkunde-, berrikuntza- edo belaunaldi-errelebo faseetan dauden enpresa-proiektuak.
  • Tokiko ehun produktibora bideratutako inbertsio-tresnak, hala nola arrisku-kapitala edo funts espezializatuak.

 

Esparru berriak gomendio hutsa gainditzen du, eta inbertsio mota horiek sustatzeko pizgarriak ezartzen ditu. Horien artean, honako hauek aurreikusten dira:

 

  • Inbertsio horiek lurraldearen garapen ekonomiko jasangarriarekin lerrokatuta daudela aitortzea.
  • Administrazio-prozedura jakin batzuetan sinplifikazio edo lehentasun posibleak ezartzea.
  • Erakundeen gobernantza oneko jardunbideetan balorazio positiboa ematea.

 

Aldi berean, dekretuak gardentasuna indartzen du. Ildo horretan, BGAEek beren bazkideei eta onuradunei jakinarazi beharko diete zer neurritan txertatzen dituzten inbertsio horiek, eta hala egiten ez badute, errentagarritasunari, arriskuari edo likideziari lotutako arrazoiak justifikatu beharko dituzte. Euskal ekonomiara bideratutako orientazio hori betiere funtsezko printzipio baten barruan planteatzen da: kudeaketa zuhurra. Dekretuak berretsi egiten du inbertsioek segurtasun-, errentagarritasun-, dibertsifikazio- eta likidezia-irizpideei jarraitu behar dietela, bazkideen baliabideen babesa bermatuz.

 

Horrela, arau-proiektu honek gizarte-aurreikuspen sistemaren bi funtzio nagusi bateragarri egitea proposatzen du: erretiro-aurrezkia bermatzea eta garapen ekonomiko jasangarriari laguntzea.

 

BGAEak Euskadiko gizarte-aurreikuspen ereduaren funtsezko zutabe dira. 2025ean 32.000 milioi eurotik gorako ondarea metatu zuten, eta ia 878.000 bazkide zituzten (%40 inguru biztanleriaren artean), eta horrek erakusten du gizartean duten errotze handia. Kudeatzen duten baliabide-bolumenak ahalmen errealeko eragile bihurtzen ditu ekonomia produktiboan eragiteko, bereziki estrategikotzat jotzen diren arloetan, hala nola industrian, berrikuntzan edo trantsizio teknologikoan.

 

Modernizazioa eta Europarekiko lerrokatzea

 

Inbertsio-araubidearen erreformaz gain, dekretu-proiektu honek beste hobekuntza garrantzitsu batzuk ere jasotzen ditu:

 

  • Indarrean dagoen araudi guztia testu bakar batean bateratzea.
  • Enpleguko pentsioen arloko Europako araudira egokitzea.
  • Gobernantza, gardentasuna eta bazkideen babesa indartzea.
  • Ingurumen-, gizarte- eta gobernantza oneko irizpideekin lerrokatutako gizarte-erantzukizuneko inbertsio-politikak sustatzea.

 

Era berean, kudeaketan tresna digitalen eta adimen artifizialaren erabilera handiagoari ateak irekitzen zaizkio, betiere kontrol-, gardentasun- eta giza gainbegiratze-baldintzen pean. Halaber, gizarte-aurreikuspen sistemak emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko duen konpromisoa indartzen du, hura osatzen duten BGAEetan lan- eta ordainsari-baldintza bidezkoak sustatuz, eta sistemaren beraren barne-koherentziatik abiatuta, gizartean dauden soldata- eta pentsio-arrakalak murrizten lagunduz.

 

Hasierako onarpen-agindu hau sinatu ondoren, dekretu-proiektuak bere izapidetzearekin jarraituko du kontsulta-, entzunaldi- eta jendaurreko informazio-faseen bidez, baita hainbat organo eta erakunderen txostenak eskatuz ere, Gobernu Kontseiluak behin betiko onartu aurretik. Prozesu horri esker, gizarte-eragileen, erakundeen eta herritarren ekarpenak txertatzen jarraitu ahal izango da, martxoan hasitako parte-hartze ikuspegiarekin bat etorriz.

 

Erreforma honen bidez, Eusko Jaurlaritzak egungo erronketara egokitutako gizarte-aurreikuspen sistema moderno, sendo eta kaudimenduna sendotu nahi du, eta, aldi berean, Euskadiko garapen ekonomikoari, enpresa-sustraitzeari eta kalitatezko enpleguaren sorrerari egiten dion ekarpena indartu.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)