Eusko Jaurlaritzak berriro eskatu dio Espainiako Ministerioari Dermatosi Nodular Kutsakorraren aurkako txertaketa zabaltzea, Aragoin kasu berri bat agertu ondoren

Argitalpen-data: 

20131130_01_0023.jpg
  • Amaia Barredo buru duen Sailak Arabako eta Bizkaiko lurralde osoak I. txertaketa-eremuan sartzea eskatu du, eta 80.000 dosi galdegin ditu Euskadiko behi-aziendaren babesa bermatzeko
  • “Eusko Jaurlaritzatik gutun bidez helarazi diogu ministroari foku berriaren hurbiltasunak eragiten duen zaurgarritasun-egoera, eta eguneratutako irizpide epidemiologikoetan oinarritutako erantzun koordinatua emateko beharra”, azpimarratu du Amaia Barredok

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Amaia Barredok, gutun bat igorri dio Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, Aragoin Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) foku berri bat baieztatu ondoren, otsailaren 17an egindako azken RASVE Batzordean susmo horren berri eman ez zelako.

Gutunean, sailburuak Eusko Jaurlaritzaren kezka sakona helarazi du behi- aziendari eragiten dion gaixotasun biriko honen bilakaeraren aurrean; izan ere, negu garaian egon arren, transmisio aktiboa erakusten jarraitzen du.

Otsailaren 27an Fiscalen (Huesca) jakinarazitako fokua euskal hiriburuetatik 210 kilometrora dago gutxi gorabehera; aurretik Katalunian baieztatutako fokuarekiko distantzia baino nabarmen txikiagoa da hori, eta horrek erakusten du Euskadira dagoen distantzia pixkanaka murrizten ari dela eta arriskua objektiboki handitzen ari dela.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak hiru premiazko neurri eskatu dizkio formalki Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari:

  1. txertaketa-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea, Arabako eta Bizkaiko Lurralde Historikoak osorik barne hartuta; izan ere, neguko bektore-jarduera txikiaren irizpidea gaindituta geratu da azken ebidentzia epidemiologikoaren aurrean.
  2. 80.000 txerto-dosi berehala eskuragarri jartzea, Arabako eta Bizkaiko behi-aziendaren osotasuna estaltzeko. Euskadik beharrezko albaitaritza- langileak ditu kanpaina epe laburrean eta berme osoz gauzatzeko.
  3. Europako Batzordearen aurrean gaixotasunaren berriz sailkapena sustatzea eta hilketa sanitarioari lotutako neurriak malgutzea, txertaketa prebentiboa, mugimenduen kontrola eta biosegurtasunaren indartzea lehenetsiko dituen ikuspegi proportzional baten alde eginez.

“Huescako fokuaren gertutasunak Euskadi benetako zaurgarritasun-egoeran jartzen du. Ezin dugu arriskua gauzatu arte itxaron; prebentzio, proportzionaltasun eta abeltzaintza-sektorearen defentsa irizpideekin jardun behar dugu”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, autonomia-erkidego osoa txertaketa-eremuan sartzea koherentea eta beharrezkoa da ikuspegi epidemiologikotik, gaixotasunaren hedapena mugatzeko, animalien osasuna babesteko eta abeltzaintza-ustiategien ekonomia bermatzeko.

Era berean, sailburuak Espainiako Ministerioari eskatu dio berriz sailkatzeko proposamena premiaz helaraz diezaiola Europako Batzordeari, eta autonomia- erkidegoei edozein berritasun garrantzitsuren berri puntualki eman diezaiela, aurrera egiten jarraitzen duen mehatxu baten aurrean erantzun koordinatu, garden eta eraginkorra bermatzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak lasaitasun-mezua helarazi nahi dio Euskadiko abeltzaintza- sektore osoari: bere interesak irmotasunez defendatzen jarraituko du eskumena duten erakunde guztien aurrean, eta beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu animalien osasuna, ustiategien bideragarritasun ekonomikoa eta Euskadiko landa-ingurunearen etorkizuna babesteko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)