• "TRANSIS LAB 2. Belaunaldien arteko Elkartasunean Mugaz Gaindiko Lankidetza ", Euskadi, Nafarroa, Pirinio Atlantikoak eta Pirinio Garaietan belaunaldien arteko lankidetza modu berriak bultzatzean datza.
• Proiektuak 11 esperientzia pilotu hedatuko ditu mugaz gaindiko lau lurraldeetan, 200 gaztek eta 200 adinekok zuzenean parte hartuta.
• Belaunaldien arteko elkartasuna gizarte-berrikuntzaren eta politika publikoen erdigunean kokatzeko helburuarekin 2026tik 2028ra bitartean garatuko den proiektua gaur aurkeztu da ofizialki Europa Biltzar Jauregian (Gasteiz).
Europako landa eta hiri-lurralde askotan oso gutxitan elkartzen diren bi errealitate bizi dira: ahultasun-egoerak, bakardadea edo autonomia-galera bizi dituzten adinekoak, eta lan-prekarietateari, emantzipazio-zailtasunei eta aukerarik ezari aurre egiten dieten gazteak. "TRANSIS LAB 2. Belaunaldien arteko Elkartasunari buruzko Mugaz Gaindiko Lankidetza" Euskadi, Nafarroa, Pirinio Atlantikoak eta Pirinio Garaietan belaunaldien arteko lankidetza modu berriak bultzatzeko sortu zen Europako proiektu bat da.
Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saila buru dela, proiektua 2026 eta 2028 artean garatuko da eta 11 esperientzia pilotu egingo dira, 200 gaztek eta 200 adinekok zuzenean parte hartuta. Elkarlanerako eta ikaskuntzarako espazio errealak sortzea da helburua, partekatutako erronka sozialei erantzun berritzaileak diseinatu, esperimentatu eta ebaluatu ahal izateko, eta, aldi berean, bizitza komunitarioa indartzeko. "Gizarte-berrikuntzako Europako sare bat eraikitzeko borondatea dugu, lurraldeak lotuko dituena, deszentralizatua izango dena eta pertsonak erdigunean jarriko dituena" azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.
TRANSIS LAB 2 TRANSIS LAB 1 esperientzian oinarritzen da. Esperientzia horrek bizitza-luzeraren arloko gizarte-berrikuntzako mugaz gaindiko Living Lab bat bultzatu zuen, eta adineko zaurgarriei laguntzeko modu berriak aztertu zituen, bereziki landa-eremuetan. Orain, proiektuak beste urrats bat eman du, eta gazteak eta belaunaldien arteko elkartasuna sartu ditu gizarte-berrikuntzako ardatz gisa.
Esperientzia pilotuak hedatzeaz gain, zabaltzeko moduko ezagutza praktikoa sortzearen aldeko apustua egiten du ekimenak. Emaitzak sistematizatu egingo dira eta 145 profesional eta arduradun teknikorekin partekatuko dira, eta eskualdeko lau ekintza-plan egiteko oinarri izango dira, bai eta gizarte-berrikuntzan eta belaunaldien arteko berrikuntzan mugaz gaindiko estrategia bat egiteko ere, politika publikoetan eragina izateko asmoz.
Europar Batasunaren bidez kofinantzatuta, Interreg POCTEFA programaren esparruan, TRANSIS LAB 2 partzuergoak 14 erakunde publiko, akademiko eta sozialek osatutako partzuergoa biltzen du, eta mugak gainditzen dituzten erronkei irtenbide partekatuak diseinatzeko, esperimentatzeko eta finkatzeko elkarrekin lan egingo dute.
Horrela, proiektuak mugaz gaindiko eremu sozialago, inklusiboago eta kohesionatuago bat indartzen laguntzen du, Europar Batasunaren 4. Helburu Politikoarekin bat datorrena: Europa sozialago bat.
TRANSIS LAB 2ren abiaraztea
TRANSIS LAB 2 abian jartzeko helburuari jarraituz gaur Gasteizko Europa Jauregian Belaunaldien arteko Elkartasunaren Mugaz Gaindiko Lehen Topaketa egin da, inplikatutako eragileak konektatzeko, proiektuaren ikuspegia partekatzeko eta lankidetza-sarea aktibatzeko gune bat, esperientzia pilotuak hedatzen eta politika publikoetara transferitzen lagunduko duena. "Belaunaldien arteko etorkizunak eraikitzen: politikak eta belaunaldien arteko esperientziak" izenburupean, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak jardunaldia inauguratu du eta gizarte-politiketan zein ekintza publikoan belaunaldien arteko elkartasunak eta ekitateak gero eta garrantzi handiagoa dutela nabarmendu du. "Argi utzi nahi dugu belaunaldien arteko loturek eta haien arteko aukera-berdintasunak gure komunitatea inklusiboagoa izatea lortuko dutela. Gizarte gisa, ezin dugu onartu hain garrantzitsuak diren bi kolektibo horiek elkarren ondoan ez jesartzea, elkarri ez entzutea eta elkarrekin proiekturik ez sortzea." , azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.
Josep Soler Orkestrako (Lehiakortasunerako Euskal Institutua) ikertzailearen hitzaldiari dagokionez, gizarte-berrikuntzan, zaintzan eta belaunaldien arteko elkartasunean oinarritutako esku-hartzea Euroeskualde kohesionatuago batekin lotu ditu.
Bestalde, Txema Ezkerra Aniztasuneko, Bizikidetzako eta Belaunaldien arteko Elkartasuneko zuzendariak TRANSIS LAB 2 proiektua aurkeztu du. Belaunaldien arteko Elkartasunean Mugaz Gaindiko Lankidetza, esperientzia pilotuek eta politika publikoetan eragina izateko bokazioak ehundutako estrategian oinarritutako proiektua.
TRANSISLAB 1en emaitzak
Programa berria (TRANSISLAB 2) martxan jartzearekin batera, TRANSISLAB 1ek hasitako ibilbidea ixten ari da, landa-eremuetako bizitza-luzeran gizarte-berrikuntzako mugaz gaindiko prozesuarena hain zuzen ere. 2024aren amaieran hasi eta 2026an zehar amaituko den programa oso fase aurreratuan dago. 400 adinekok eta 90 profesional sozio-sanitariok hartu dute parte. Programaren bitartez isolatuta sentitzen ziren pertsonak identifikatu dira, profesionalak haiekin harremanetan jarri izan dira eta laguntza-ekintza batzuk eskaini zaizkie.
Pertsona horien zaurgarritasunaren balorazioa jaso ondoren, emaitza (datu kuantitatiboak eta kualitatiboak) tresna digital berri batean monitorizatu da. Azken helburua landa-eremuetan eskaintzen diren zerbitzuak hobetzea da, eta, horregatik, 4 gida sortu dira:
- Hauskortasuna baloratzeko gida
- Esperientzia pilotuen gida
- Esku-hartze soziosanitariorako gida
- Eragina ebaluatzeko gida
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)