Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du Guernicaren lekualdaketa ez dela auzi tekniko hutsa, baizik eta memoria, aitortza eta erreparazio kontua

Argitalpen-data: 

PRENTSA_OHARRA.jpg

Bengoetxea lehendakariordea: “Larria litzateke gobernu baten eskaera formal bati azterketa serio eta sakon bat egin gabe erantzutea. Artelana Euskadira aldi baterako ekarri ahal izateko beharren analisia egitea da enkargu nagusia”

Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, “larria” dela adierazi du Guernica Euskadira aldi baterako ekartzeko eskaeraren inguruan sortu den egoera, eta azpimarratu du ez gaudela auzi tekniko huts baten aurrean, baizik eta memoria, aitortza eta erreparazio kontu baten aurrean.

Zentzu horretan, lehendakariordeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzatik defendatzen dutena dela “espainiar gobernuaren begirada aldaketa bat eta gobernuen arteko elkarlana”. Era berean, lehendakariordeak adierazi du teknologia eta profesional onenak jarriko dituztela gai honetan eta “enkargu nagusia artelana Euskadira aldi baterako ekarri ahal izateko beharren analisia egitea dela”. Gai honek analisi sakon bat eskatzen duela berretsi du, are gehiago 2026an, mundu osoko museoek berme guztiekin eramaten baitituzte lan konplexuak”.

Zentzu horretan, ohartarazi du larria litzatekeela gobernu baten eskaera formal bati erantzutea azterketa serio eta sakon bat egin gabe, eta erantzun ofizialik eman gabe. Bengoetxeak salatu du gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzak ez duela inolako erantzun ofizialik jaso Kultura Ministerioaren aldetik. Hala ere, komunikabideen bidez jarrera negatiboak zabaltzen ari direla adierazi du, eta hori ere larritzat jo du.

Lehendakariordeak gogorarazi du ekimen hau Lehendakariarengandik sortzen dela eta espainiar Gobernuko presidente Pedro Sánchezi zuzenduta dagoela, eta eskaera zehatza dela: aldi baterako lekualdaketa bat, memoriari, aitortzari eta askatasunaren balioei lotua, efemeride bereziki esanguratsuen testuinguruan, hala nola lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena eta Gernikako bonbardaketaren urteurrena.

Testuinguru horretan, gogora ekarri behar da Guernica bere historian zehar askotan mugitu dela, gaur egungoak baino baldintza zorrotzagoetan ere, eta horrek agerian uzten duela eztabaida ezin dela irizpide tekniko hutsetara mugatu.

Pablo Picassoren lanak esanahi sakona du Euskadirentzat eta, bereziki, Gernikako herriarentzat, eta horrek indartu egiten du egindako eskaeraren izaera sinbolikoa. Eusko Jaurlaritzak berresten du eskaera honek memoria, aitortza eta erreparazio borondateari erantzuten diola, eta, beraz, bere garrantzi historiko eta sozialarekin bat datorren tratamendua merezi duela.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)