- Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu-sistemen probak egingo ditu Hernanin, Muskizen, Santurtzin, Zierbenan, Abanto-Zierbenan eta Lantaronen.
- Sei hilean behin egiten den ohiko egiaztapena da, eta ez dio benetako larrialdi bati erantzuten. Beraz, ez dago larritzeko arrazoirik.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Euskadiko hainbat udalerritan instalatutako larrialdi kimikoetarako sirenak aktibatzeko proba berri bat egingo du azaroaren 20an, 23an eta 24an.
Ariketa horien helburua herritarrei abisua emateko sistemen funtzionamendua egiaztatzea eta herritarrak larrialdi kimiko batean erabiliko liratekeen soinu-seinaleekin ohitzea da. Probak enpresekin eta AVEQ-KIMIKA Euskadiko Enpresa Kimikoen Elkartearen Segurtasun KIMIKA dibulgazio-proiektuarekin elkarlanean egingo dira.
Sirenak honako egutegi honen arabera aktibatuko dira:
- Azaroaren 20an, ostirala: Hernani (10:00).
- Azaroaren 23an, astelehena: Muskiz (10:00), Abanto-Zierbena (10:00), Santurtzi (11:00) eta Zierbena (11:00 eta 11:30).
- Azaroaren 24an, asteartea: Lantaron (11:00).
112 INVERSO: ABISUAK ZUZENEAN MUGIKORREAN
Ariketan zehar, “112 Inverso” sistema ere aktibatuko da. Sistema horri esker, larrialdi batek eragindako eremu batean dauden pertsonei abisuak bidali ahal zaizkie 112 SOS Deiak aplikazioaren bidez, informazioa eta autobabes-jarraibideak emanez.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak herritarrak animatzen ditu doako aplikazioa deskargatzera eta kokapen-baimenak nahiz jakinarazpenak gaitzera, alerta horiek jaso ahal izateko.
ZER EGIN BENETAKO LARRIALDI KIMIKO BATEN AURREAN
Ihes toxiko baten ondoriozko alerta baten aurrean, autobabes-neurri nagusia da eraikin baten barruan babestea, ateak eta leihoak ixtea, aireztapen-sistemak deskonektatzea eta agintarien gomendioak eta jarraibideak betetzea, larrialdiaren amaiera jakinarazi arte.
Era berean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere webgunean jasota ditu kategoria horretako gorabehera bat ezagutzen ikasteko beharrezko jarraibide guztiak, bai eta larrialdi kimiko baten kasuan herritarrei zuzendutako gomendioak ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)