- Kalkuluen arabera, Euskadin batez beste 540.000 joan-etorri izan daitezke irteeran eta beste hainbeste itzultzeran
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Aste Santuko Trafikoko Operazio Berezia aurkeztu dute gaur, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, Txurdinagan (Bilbo). Operazioa asteazkenean, apirilak 1, jarriko da martxan, 15:00etan, eta astelehenean, hilak 6 (Pazko Astelehena), amaituko da, 21:00etan.
Aurten, joan-etorrien kopuruak iazkoak baino zertxobait handiagoak izatea aurreikusten da. Euskalmeten iragarpena ikusita, Aste Santuko lehen egunetan eguraldi desegonkorra izango da Euskadin eta, ondorioz, batez beste 540.000 desplazamendu espero dira Irteeran eta beste hainbeste Itzuleran. Iaz, 2025an, eguraldi ezegonkorra izan genuen Aste Santuan eta 535.000 desplazamendu erregistratu ziren irteeran eta beste horrenbeste itzuleran.
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak zuhurtzia eskatu du Aste Santuan egingo diren joan-etorrien aurrean. “Eusko Jaurlaritzan ‘Zero Biktima’ ikuspegiarekin ari gara lanean. Eta estrategia honek herritar guztien kontzientziazioa eta konpromisoa ere eskatzen du modu arduratsuan gidatzea ezinbestekoa delako". Olabarrik gaineratu duenez, "ez gara nekatuko ohiko gomendioak errepikatzeaz: bidaiak planifikatu, irten aurretik informatu, zuhurtasunez gidatu, arauak errespetatu, trafikoko agenteen jarraibideei kasu egin eta ez jaitsi inoiz guardia. Izan ere, benetan garrantzitsua ez da oporretara irten eta helmugara iristea; garrantzitsuena, etxera onik itzultzea da".
Operazio Bereziko neurriak
Trafikoko zuzendariak apirilaren 1etik 6ra bitartean aurreikusitako joan-etorrien ondorioz trafikoari ahalik eta kalte gutxien eragiteko hartuko diren neurriak zehaztu ditu.
Ertzaintzako 200 agente baino gehiagok trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko lanak egingo dituzte, zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin. Zirkulazio-fluxu handienak honako puntu hauetan espero dira:
- A-8an, Kantabriako mugan
- AP-8an, Biriatuko ordainlekuan
- AP-1 eta A-1 lotzen diren lekuan, Armiñonen
A-8an, Kantabriako mugan, Irteeran, zirkulazio-intentsitate handia izaten da asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan 09:00etatik 15:00etara bitartean. Eta Itzuleran, Bilborako noranzkoan, ibilgailu gehien Pazko Astelehenean pilatzen da, batez ere 13:00etatik 21:00etara bitartean.
Horregatik, aurten, nobedade bezala, garabi arineko zerbitzu bat jarriko da, hau da, ibilgailuak, istripu edo matxura bat izanez gero, leku seguru batera premiaz erretiratzeko prebentzio-zerbitzu bat. Asteazkenean, hilak 16, garabia Bilbo-El Haya tartean egongo da, Kantabriarako noranzkoan, 17:30etik 21:00etara. Eta Ostegun Santuan, tarte horretan bertan egongo da garabia, 09:00etatik 15:00etara. Eta, Itzuleran, astelehenean, hilak 21 (Pazko Astelehenean), garabia El Haya-Bilbo tartean egongo da, Bilborako norabidean, 15:00etatik 21:00etara.
AP-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuan, Frantziarako noranzkoan, auto-ilara luzeenak asteazken arratsaldean, 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 08:30etik 16:00etara bitartean izaten dira. Pazko Astelehena jai da Frantzian eta, horren ondorioz, ostiralean eta larunbatean ere trafiko handia egoten da Donostiarako noranzkoan.
Euskadiko errepide-sareko hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1 bat lotzen diren lekua, Armiñongo lotunea, izaten da. Puntu horretan hiru bide garrantzitsu elkartzen dira: A-1, AP-1 eta AP-68.
Irteeran, auto-ilarak A-1 errepidetik AP-1erako sarbidean sortzen dira, Burgos/Madrilerako noranzkoan, 3 erreitik errei bakarrera igarotzean. Irteeran, zirkulazio-fluxu nagusiak asteazken arratsaldean izaten dira, 15:00etatik 20:00etara, eta Ostegun Santuan, goizean, 08:00etatik 14:30era.
Bi egun horietan, asteazken arratsaldean eta ostegun goizean, Burgos/Madrilerako noranzkoan auto-ilarak 6 kilometrotik gorakoak badira, behin-behineko hainbat trafiko-kartel jarriko dira eta N-1 bide zaharra erabiltzea gomendatuko da, A-1 errepidearen paraleloan doana. Ibilbidea zertxobait luzeagoa da, baina zirkulazioa bikoiztu eta ibilgailuen fluxua arintzeko aukera emango du.
Itzuleran, Pazko Astelehenean, trafiko-fluxu handiak, 12:00etatik 22:00etara erregistratzen dira, oporraldiaren itzulera irteeran baino modu kontzentratuagoan egiten baita.
Aurten, apirilaren 6ak (Pazko Astelehena) Itzulia txirrindulari lasterketaren hasierarekin bat egingo du. Lehen etapa egun horretan jokatuko da, Bilbon hasi eta amaituko dena, eta eragin garrantzitsuak izango ditu Bilbo eta inguruko trafikoan, mozketak izango baitira 12:45etik 18:00etara. Horregatik, herritarrei gomendatzen zaie joan-etorriak aldez aurretik planifikatzea eta gorabehera horiek kontuan hartzea.
Istripu-tasa
Iaz, 2025ean, Aste Santuko Trafikoko Operazio Berezian ez zen hildakorik ez zauritu larririk izan trafiko istripuen eraginez. Hala ere, 110 istripu erregistratu ziren guztira, aurreko urtean baino %13 gehiago.
Gomendioak
Arrisku-egoerak saihesteko eta trafikoa ahalik eta segurtasun handienarekin igarotzen dela bermatzeko, bidaiak planifikatzea, irten aurretik informazioa ematea eta zuhurtziaz gidatzea gomendatzen da. Laburbilduz:
- Errepidera atera baino lehen, klimatologiaren berri jaso, Euskalmeten bidez, eta trafikoaren egoeraren azken ordua ezagutu, 011 telefono-zenbakiaren, trafikoa.euskadi.eus webgunearen edo @trafikoaEJGV Twitterreko kontuaren bidez
- Kontu handiz ibili errepidean
- Ibilgailua bidaia egiteko baldintza egokietan dagoela ziurtatu
- Otordu oparoak saihestu, eta alkoholik edo drogarik ez kontsumitu, ez eta gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ere
- Eta, nola ez, trafikoko agenteen jarraibideei kasu egin
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)