- Eusko Jaurlaritzak Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialaren dekretua onartu du, eredu jasangarriago, trinkoago eta orekatuago batekin 3.000 km² antolatzeko
- 2019ko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara egokitutako LPP berriak 334.000 biztanletik gorako esparru bat antolatzen du, hiri-hazkundeari mugak ezarrita eta landa-lurzoruaren babesa indartuta, eta instalazio fotovoltaiko berriak izateko aukera aurreikusita, lurzoruaren kategorizazioak onartzen duenean
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu egin du astearte honetan Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (LPPa) behin betiko onartzeko dekretua. Tresna horrek datozen 16 urteetan 3.000 km²-tik gorako lurralde-esparrua —Gipuzkoakoa baino azalera handiagoa— antolatzen du eta 334.000 biztanle baino gehiago biltzen du, Gasteizek hiriburutzat duen pisu erabakigarriarekin. Eremu funtzionalak, Arabako hiriburuaz eta lurralde historikoko udalerri ugariez gain, Bizkaiko Otxandio eta Ubide udalerriak hartzen ditu, eta lurralde-espazio jarraitu eta estrategiko bat eratzen du Euskadi osoan.
LPP honek 2004an onartutakoa ordezkatzen du, eta orain berrikusi egiten da 2019an onartutako EAEko LAG Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen arabera. Belaunaldi berri honen bigarren plana da, Bilbo Metropolitarrekoaren ondoren. Gaur egun, foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritza zazpi LPP eta hiru LPS lurralde-plan sektorial tramitatzen ari dira, Euskadiko lurralde-esparrua osorik eguneratzeko prozesu batean.
Araba Erdialdeko LPParen berrikuspena 2019an hasitako prozesu luze baten emaitza izan da. Prozesu horretan, zazpi urtez azterketak, analisiak, administrazio publikoekiko koordinazioa eta kontraste publikoa egin dira. Haren tramitazioan zehar, lantegiak, entzunaldiak, jendaurreko erakusketak, alegazioak eta erakusketa ibiltariak egin dira EAEko hainbat tokitan.
Dokumentuak bidezko ingurumen-ebaluazio estrategikoa gainditu du, hedapen publiko zabala izan du eta aurreko plangintza-prozesuekiko ikuspegi kritikoa eta ikaskuntzakoa txertatu du.
Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, “lurraldearen antolamendua ez da tramite tekniko bat: nahi dugun hazkundeari, mugikortasunari eta bizi-kalitateari buruzko erabaki politiko eta kolektibo bat da”. Eta, gaineratu duenez, “arau argiak eta ikuspegi koherentea behar ditugu: lurzorua zaintzea, paisaia babestea eta ekosistemak indartzea, eta, aldi berean, erronka klimatiko, energetiko, demografiko eta ekonomikoei erantzuteko aukerak eta ahalmena bermatzea”.
Datozen 16 urteetarako esparru loteslea
LPPa nahitaez aplikatu beharreko tresna da udal-plan orokorretarako, eta horiek haren zehaztapenetara egokitu beharko dute. Lurralde-eredu estrukturala ezartzen du eta muga argiak finkatzen ditu bai landa-lurzoruan, bai hiri-lurzoruan.
Haren ardatz nagusien artean, hauek nabarmentzen dira:
- Azpiegitura berdea eta korridore ekologikoen sarea.
- Landa-habitata erregulatzea eta ikusaraztea.
- Lurzoruaren erabilera jasangarria eta efizientea, antropizazioa minimizatuta.
- Paisaia kudeatzea, interes paisajistikoko eremuen katalogo baten bidez.
- Baliabideen kudeaketa jasangarria: autokontsumo energetikoa eta ekonomia zirkularra.
- Mugikortasun eta logistika jasangarria, intermodalitateko nodoekin.
- Genero-ikuspegia, euskara, klima-aldaketa, osasuna eta lurralde-interrelazioa modu transbertsalean txertatzea.
Era berean, Planak gehieneko tarte kuantitatiboak ezartzen ditu bizitegi-arloan, LAGen arabera, eta hirigintza-hedapena mugatzen du.
Hiri-ingurunea: trinkotzea eta berrikuntzako korridore estrategikoa
Hiri-esparruan, Planak dentsifikazio- eta trinkotze-eredu baten aldeko apustua egiten du. Hazkundearen gehieneko perimetroak mugatzen dira, eta udal-planek ezin izango dituzte horiek gainditu. Hala, hedapenari muga objektiboak ezartzen zaizkio eta bizitegi-maximoak LAGen arabera kuantifikatzen dira. Jarduera ekonomikoari dagokionez, LPPak lehentasunezko jarduerak identifikatzen ditu eta lurralde produktiboa ardatz estrategiko baten inguruan egituratzen du.
Planak jarduera estrategikoen korridore bat jasotzen du, Goiaingo industrialdeak, Miñaoko Parke Teknologikoa eta aireportuaren ingurunea konektatzen dituen “berrikuntza-arku” baten bidez artikulatua, eta ardatz jarraitu bat konfiguratzen du jarduera aurreratuak, logistikoak eta balio erantsi handikoak ezartzeko.
Lurralde-arku horrek indartu egiten du Araba Erdialdeak Euskadiren nodo industrial eta logistiko gisa duen posizioa. Hala, dauden azpiegiturak oinarri hartzen ditu eta hazkunde ekonomikoa dagoeneko finkatuta eta ondo konektatuta dauden espazioetara bideratzen du.
Energia: autokontsumoa, lehentasunezko eremuak eta muga zorrotzak
Bere artikuluetan, Planak instalazio energetikoen ezarpena erregulatzen du. Araba Erdialdean eguzki-energiako hainbat proiektu daude, eta horiengan eragina izango du LPPa onartzearekin batera ezartzen den esparru arauemaile berriak, beren tramitazio-mailaren arabera. Ildo horretatik, Planak autokontsumo-exijentziak sartzen ditu —200 m² baino gehiagoko azalera duten oin berriko eraikinetan eguzki-instalazioak jarri behar dira lurzoru urbanizaezinean— eta, aldi berean, lurralde-mailako eta autokontsumoari lotu gabeko instalazio fotovoltaikoetarako lehentasunezko kokapen-eremuak mugatzen ditu. Horiek zuzeneko jarduketa gisa konfiguratu behar dira eta irizpide murriztaileen mende daude: ezin diete eragin ez mendi publikoei, ez babes bereziko eremuei, ez nekazaritza-balio handiko lurzoruei. Horrek nabarmen mugatzen du instalazio horien ezarpena.
Lehentasunezko eremu horietatik kanpo, LPPak instalazio fotovoltaiko berriak jartzeko aukera aurreikusten du lurzoruaren kategorizazioak onartzen duenean, betiere lurralde-integrazioko baldintzak errespetatzen badira, besteak beste: hirigune edo landaguneekiko 500 metro baino gehiagoko gutxieneko distantzia eta muga espezifikoak arro bisualetan —horietan atalaseak eta esku hartzeko irizpideak ezartzen dira—.Nolanahi ere, LPPak berariaz baztertzen ditu mota horretako instalazioak hiru esparru hauetan: babes bereziko lurzoru urbanizaezinean, larre menditarretan eta balio estrategiko handiko lurzoru urbanizaezinean.
Itxasok azpimarratu duenez, “lurraldea antolatzea nola bizi nahi dugun erabakitzea da: hedatu baino, birsortu; degradatu baino, babestu; eta orain planifikatu datorren Euskadi”. Zehaztu duenez, “Araba Erdialdea esparru estrategiko bat da Euskadirentzat, bere dimentsioagatik, hiriburutzagatik eta ahalmen industrial eta logistikoagatik. Plan honek arau argiak finkatzen ditu: lurzoru-kontsumo txikiagoa, hiri finkatu gehiago, ingurumen-babes handiagoa eta lurralde-koherentzia handiagoa”, esan du amaitzeko.
Ingurune fisikoa, paisaia, ondarea eta turismoa
LPPak lurzoru urbanizaezinaren kategoriak identifikatzen ditu, korridore ekologikoak, akuiferoen babesa, babes bereziko elementuak eta azpiegitura berdea barne hartuta. Kategoria horiek udal-plan orokorretan jaso beharko dira, segurtasun juridikoa eta ingurumen-babesa indartuta.
Berritasun gisa, Planak interes paisajistikoko eremuen katalogo bat jasotzen du, eta irizpide espezifikoak ezartzen ditu hirigintza-plangintzak paisaia, ondarea eta baliabide turistikoak babestu ditzan, dimentsio paisajistikoa antolamenduaren elementu estruktural gisa txertatuta.
Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta dokumentazio osoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)