Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du amarralekuen agindu berriaren baldintzak zehazteko hausnarketa eta entzute prozesua

Argitalpen-data: 

amarres.jpeg
  • Hilabeteetako bileren ondoren, parte hartu duten pertsona guztiei bileren aktak helarazi zaizkie
  • Egindako entzute irekiari esker, egungo amarralekuen erabiltzaileen eta itxaron-zerrendetan dauden pertsonen arteko adostasun eta desadostasun eremuak kontrastatu ahal izan dira

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok eskerrak emateko gutun bat bidali die azken hilabeteetan Euskadiko aisialdiko itsasontzientzako amarralekuen agindu berriaren baldintzak zehazteko egin den hausnarketa eta entzute prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei.

Sailak gidatutako entzute irekiak hirurehun pertsona baino gehiago bildu ditu Gernika-Lumon eta Orion egindako hainbat saiotan, eta aukera emango du gobernantza eredu bat sendotzeko bidean aurrera egiteko. Eredu horren oinarri nagusia herritarren parte-hartzea eta entzutea izango da jardun publikoaren eguneroko bilakaeran, baita gizarte konektatuago bat eraikitzeko lankidetza ere.

Azken hilabeteetan egungo amarralekuen erabiltzaileekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko eskumeneko portuetan amarraleku plaza bat lortzeko itxaron-zerrendetan izena emanda dauden pertsonekin egindako prozesuan adostasun eremuak identifikatu dira, besteak beste, gobernantza hobetzeko beharrari, itsasontziak amarratuta dituzten pertsonen segurtasun juridikoa indartzeari edo araudi berri bat onartzeari dagokienez. Bi taldeek bat egin dute, halaber, itxaron-zerrenden kudeaketa hobetu eta argitzearen garrantzian edo ontziak hautatzeko ur-laminaren gehieneko okupazio irizpidea berrikustearen beharrean.

Egindako eta helarazitako saioen aktetatik ondorioztatzen dira, era berean, desberdintasunak zenbait alderditan; esaterako, hurrengo deialdietan tituluak emateko antzinatasun irizpidearen edo aurretiazko emakidaren existentziaren pisu erlatiboan, titulu horien iraupen-epeetan edo dauden azpiegiturak handitzeko eta berriak sortzeko beharrean.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du hausnarketa eta ekarpen horiek aberastu baino ez dutela egingo Euskadiko portuetako amarraleku plazen etorkizuneko tituluak arautuko dituen agindu berriaren formulazioarekin batera egin beharreko analisia. Agindu horren ildo nagusiak uda baino lehen aurreratzea aurreikusten da, eta, horrekin batera, urte amaiera baino lehen onartzea ahalbidetuko duen audientzia eta erakusketa publikoaren prozesuari hasiera ematea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)