- Euskalmetek 39 ºC-rainoko maximoak aurreikusi ditu Kantauri aldeko barnealdean, eta tenperatura altuak Euskadi osoan igandean.
- Beroarekin batera, hegoaldeko haizea, baso-suteak izateko arriskua eta zaparrada trumoitsuak egon daitezke ostiralean eta larunbatean.
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du igande honetan, ekainak 21, muturreko tenperatura altuengatik Euskadin, lurralde osoari eragingo dion bero handia espero baita. Alerta 12:00etatik 20:00etara egongo da indarrean; tarte horretan, tenperatura maximoak 35 ºC-ra irits daitezke kostaldean, 39 ºC-ra barnealdean, 37 ºC-ra trantsizio-eremuan eta 37 ºC-ra Ebro ardatzean.
Igandean, halaber, abisu horia egongo da indarrean tenperatura altu iraunkorrengatik, 00:00etatik 24:00etara; izan ere, tenperatura minimoak eta maximoak 20/35 ºC-ren bueltan egon daitezke kostaldean, 19/39 ºC-ren inguruan barnealdean, 18/37 ºC-ren inguruan trantsizio-eremuan eta 20/37 ºC-ren inguruan Ebroren ardatzean.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du igandean Araban baso-suteak izateko arriskuagatik, 00:00etatik 24:00etara. Arriskua handia izango da tenperatura altuengatik eta hegoaldeko haizearen intentsitateagatik. Bizkaian eta Gipuzkoan abisu horia egongo da egun osoan baso-suteen arriskuagatik, arrazoi berberengatik.
OSTIRALA
Igandeko baino lehen ere, Euskalmetek hainbat abisu hori ditu indarrean. Ostiral honetan, ekainak 19, abisu horia dago indarrean 16:00etatik 22:00etara, prezipitazio handiengatik. Ordubetean 15 l/m² baino gehiago bota ditzake, eta zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake. Zaparrada gogorrak izan daitezke, batez ere Bizkaian eta Araban. Ez da baztertzen 1 eta 2 zentimetro arteko txingorra egitea, ezta haize-bolada oso gogorrak izatea ere, 60 eta 100 km/h artekoak.
Halaber, ostiral osoan abisu horia dago indarrean Araban baso-suteak izateko arriskuagatik, tenperatura altuak eta hegoaldeko haizearen intentsitatea direla eta.
LARUNBATA
Larunbatean, ekainaren 20an, tenperatura altu iraunkorrengatiko abisu horia indarrean egongo da trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean egun osoan zehar. Tenperatura minimoak eta maximoak 17/33 ºC ingurukoak izan daitezke trantsizio-eremuan, eta 19/34 ºC ingurukoak Ebroren ardatzean. Kostaldean 19/27 ºC ingurukoak izan daitezke, eta barnealdean 18/31 ºC-koak.
Larunbat horretan bertan, 18:00etatik 24:00etara, abisu horia egongo da indarrean prezipitazio handiengatik. Ordubetean 15 l/m² baino gehiago bota ditzake, eta zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake. Baliteke zaparrada handiak botatzea, 2-4 zentimetroko txingorra egitea eta 70 eta 100 km/h arteko haize-bolada oso gogorrak izatea. Araban baso-suteak izateko arriskuagatik ezarritako abisu horia ere indarrean egongo da egun osoan.
Aire zabaleko berotik babestea
- Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
- Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.
Etxea fresko mantentzea
- Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
- Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
- Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
- Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
- Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
- Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
- Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
- Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
- Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
- Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
- Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.
Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.
Eguneratutako eguraldi-iragarpena Euskalmeten webgunean eta X sare sozialeko kontu ofizialean kontsulta daiteke.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)