- Alerta 12:00etatik 21:00etara egongo da indarrean, eta olatuek 5 metroko altuera gainditu dezakete.
- Abisu horiak ere aktibatuko dira olatuek kostaldean izan dezaketen eraginagatik eta itsas pasealekuetan nahiz malekoietan ur-jaurtiketak eta zipriztinak izateko arriskuagatik.
Eusko Jaurlaritzak bihar, ostirala, urriak 23, alerta laranja aktibatuko du nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik, lehen bi itsas milietan, 12:00etatik 21:00etara. Izan ere, egunean zehar itsasoaren egoerak nabarmen okerrera egitea aurreikusten da.
Era berean, hainbat abisu hori aktibatuko dira nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik, ur-jaurtiketak eta zipriztinak izateko arriskuagatik eta olatuek kostaldean izan dezaketen eraginagatik. Azken abisu hori arratsaldeko itsasgora inguruan egongo da indarrean.
IRAGARPENA
Euskalmeten arabera, ostiralean, hilak 23, mendebal-hego-mendebaldeko haizeak indartsu joko du, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin haizearen eraginpean dauden eremuetan, bereziki kostaldean. Goizean zehar, haizeak mendebal-ipar-mendebaldera egingo du, eta indarrari eutsiko dio arratsalde-gau partean pixkanaka ahuldu arte. Egoera horrek itsasoaren egoera nabarmen okertzea eragingo du.
Goizaldean, olatuen altuera adierazgarria handituz joango da, 3,5 metroak gainditu arte, eta eguerdi aldera 5 metro ingurukoa izango da. Gainera, mendebal-ipar-mendebaldeko haizeak 80 eta 100 km/h arteko boladak utz ditzake egunaren lehen erdian, kostaldeko eremurik haizetsuenetan.
Eguerditik aurrera, olatuen altuera adierazgarriak 5 metroak gainditu ditzake. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4 eta 5 metro arteko olatuak eragingo ditu, 14-15 segundoko periodoekin. Mendebal-osagaiko haizeak 6ko indarra hartuko du, eta arratsaldean zehar 5-6ko indarrera jaitsiko da.
Itsas denboraleaz gain, ostiralean hodeiak eta ostarteak espero dira, eta tarteka zerua oso hodeitsu egongo da Kantauri isurialdean. Bertan, noizbehinka prezipitazio txikiak izango dira, tokian-tokian ertainak, bereziki kostaldean eta arratsaldean.
Era berean, abisu horiak aktibatuko dira ur-jaurtiketak eta zipriztinak izateko arriskuagatik, 12:00etatik 21:00etara, eta olatuek kostaldean izan dezaketen eraginagatik, 15:00etatik 17:00etara. Azken abisu hori 15:40rako aurreikusitako itsasgorarekin bat etorriko da, eta tarte horretan olatuen altuera adierazgarria 5 eta 5,5 metro artekoa izango da. 21:00etatik aurrera, olatuen indarra gutxituz joango da, eta ostiraleko azken orduetan 4 metro inguruko altuera izango dute.
Larunbateko, hilak 24, goizaldean, nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horiak indarrean jarraituko du 09:00ak arte. Hala ere, goizean zehar olatuek eta haizeak indarra galduko dute pixkanaka, eta Kantauri isurialdean aurreikusitako prezipitazioak ere gutxituz joango dira.
Iragarpen meteorologikoen eguneratzeak Euskalmeten webgunearen eta X sare sozialeko profil ofizialaren bidez jarraitzea gomendatzen da, baita Euskalmetek eskaintzen duen abisuak nahieran zerbitzuaren bidez.
GOMENDIOAK
Itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatu dela eta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei gogorarazten die oso garrantzitsua dela kostaldeko eremuetan kontu handiz ibiltzea eta segurtasun-gomendioak betetzea.
Bainatzea eta uretako edo urpeko edozein jarduera saihestea gomendatzen da, baita ontziak erabiltzea ere, eta, nolanahi ere, horien amarrak berrikustea. Era berean, gomendatzen da arriskutsuak izan daitezkeen lekuetara ez sartzea, urautsietatik, kai-muturretatik, kaietatik, itsas-pasealekuetatik eta itsaslabarretatik urruntzea, eta kostaldeko lerrotik gertu dauden errepideetatik zirkulatzea saihestea.
Itsasora eroriz gero edo olatuek eramanez gero, garrantzitsua da lasai egotea, urautsietatik urruntzea eta korrontearen kontra ez igeri egitea, laguntza eskatuz eta erreskate-zerbitzuak iritsi arte zain egonez.
Herritarrei eskatzen zaie edozein larrialdi-egoeratan berehala 112ra deitzea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)