Eusko Jaurlaritzak 900.000 euro bideratuko ditu Atenea superordenagailua sustatzeko (Gobernu Kontseilua 2026-10-27)

Argitalpen-data: 

n770_logoconsejo.jpg
  • Azpiegitura berriak Euskadiko Superkonputazio Zentroaren kalkulu-gaitasuna indartuko du
  • Inbertsioari esker, ikertzaileen komunitatearen gero eta eskaera handiagoari erantzun ahal izango zaio

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatuta, Donostia International Physics Center Fundazioari (DIPC) 900.000 euroko laguntza ematea onartu du, Atenea superordenagailua abian jartzeko eta Euskadiko Superkonputazio Zentroaren gaitasunak indartzeko.

2019tik, Superkonputazio Zentroa Euskadiko azpiegitura ireki gisa ari da lanean, eta errendimendu handiko konputazio-baliabideak eskaintzen dizkie Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) erakunde guztiei. Sare horrek Euskadiko ikerketa-zentroak eta zentro teknologikoak biltzen ditu, baita irabazi-asmorik gabeko beste euskal erakunde zientifiko batzuk ere.

Zentroko superordenagailuei esker, simulazioak eta kalkulu konplexuak egin daitezke hainbat arlotan, hala nola, material aurreratuetan, oinarrizko fisikan, neurozientzian, genetikan, klima-aldaketan eta adimen artifizialean.

Gainera, Zentroak Euskadiko gaitasun teknologikoak garatzen laguntzen du, ikerketarako laguntza espezializatua eskainiz eta konputazio kuantikoarekin lotutako ekimenetan parte hartuz, Basque Quantum (BasQ) estrategiaren barruan.

Atenea superordenagailu berria instalatzea beharrezkoa da Euskadin superkonputazioa indartzen jarraitzeko, ikertzaileen komunitatearen gero eta eskaera handiagoari erantzuteko eta konputazio klasikoaren eta kuantikoaren arteko integrazioa bultzatzeko. Horretarako, IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoarekiko konexio zuzena baliatuko da.

Laguntza hau Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren helburua Euskadiko gaitasun zientifikoak eta teknologikoak indartzea da, arreta berezia jarriz ikertzaileen komunitateari baliabide aurreratuak eskaintzen dizkioten eta zientziaren garapena sustatzen duten azpiegituretan.

Finantzaketa horri esker, gaitasun horiek indartuko dira, superkonputazioa funtsezkoa den honetan ikerketa-proiektu gero eta konplexuagoei heltzeko, datu-bolumen handiak prozesatzeko eta irtenbide zientifiko eta teknologiko berriak garatzen aurrera egiteko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)