Eusko Jaurlaritzak 54 milioi euro inbertitu ditu ETEen eraldaketa eta dibertsifikazioa bultzatzeko

Argitalpen-data: 

  • Aurreko Indartu eta Gauzatu Industria laguntza-programak biltzen dituen Dibertsifika programaren bitartez
  • Programa Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Euskadiko industria-ezkutuaren lehen neurri sortaren barruan kokatzen da, eta euskal industriak Ekialde Hurbileko gatazkaren inguruan helarazitako behar nagusiei erantzungo die
  • ETEak negozio-lerro, produktu, zerbitzu eta merkatu berrietara dibertsifikatzera bideratutako produkzio-inbertsioak babestuko dira. Inbertsio horiek enpresaren produktibitatearen eta lehiakortasunaren hazkundea eta hobekuntza bultzatu behar dituzte
  • Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 54 milioi euro inbertituko ditu EAEko ETEen inbertsioak bultzatzeko eta, era horretan, haien produkzio-ahalmenak handitzeko, negozio-lerro berriak irekitzeko edo sektore eta merkatu berrietara iristeko.

Eusko Jaurlaritzak aurreko Indartu eta Gauzatu Industria laguntza-programak biltzen dituen Dibertsifika programaren bitartez jarri ditu ETEen zerbitzura laguntza horiek.

Dibertsifika 2026 programaren bidez, enpresaren jarduera negozio-lerro, produktu, zerbitzu eta merkatu berrietara dibertsifikatzera bideratutako produkzio-inbertsioak eta enpresaren produktibitatearen eta lehiakortasunaren hazkundea eta hobekuntza bultzatuko dituzten produkzio-inbertsioak babestuko dira.

Dibertsifika programaren abiaraztea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik joan den astean iragarritako Euskadiko industria-ezkutuaren lehen neurri sortaren barruan kokatzen da.

Neurri horien bidez, Eusko Jaurlaritzak erantzuna eman nahi die euskal industriaren ordezkariek Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioei aurre egiteko Industriaren Defentsarako Taldean helarazitako behar nagusiei.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 1.047 milioi euro bideratu ditu neurri horietara, eta % 51,4ko (87 milioi euroko) igoera izan da ETEak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzetan. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ETEentzako laguntzetara.

Ziurgabetasun geopolitiko eta komertzialaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak EAEko ETEei lagunduko die beren produktuak, zerbitzuak eta merkatuak dibertsifikatzen.Horrek esan nahi du laguntza gehiago emango direla merkatu berrietan inplementatzeko, Euskadik nagusiki esportatzaile izaten jarrai dezan.Era berean, hazkunde handiko sektoreetarantz dibertsifikatzeko eta produkzio-ahalmen berrien alde egiteko laguntzak emango dira.

Laguntzak eskuratzeko baldintzak

Laguntzak eskuratu ahal izateko, ETEek produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuak ematen dituzten industria-enpresak izan beharko dute, zerbitzu logistikokoak barnean hartuta eta garraiokoak kanpo utzita. Beharrezkoa izango da ETEek beren inbertsioak Euskadin egitea.

Enpresa handiek Bizkaiko Ezkerralde Zabalduan egin beharko dituzte beren inbertsioak. Hau da, honako hauetan: Abanto Zierbena; Alonsotegi; Artzentales; Balmaseda; Erandio; Galdames, Gueñes; Karrantza Harana; Muskiz; Ortuella; Portugalete; Santurtzi; Sestao; Sopuerta; Turtzioz; Trapagaran; eta Zierbena.

Halaber, nekazaritzako elikagaien enpresek jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Dirulaguntzek, norgehiagoka-prozeduraren bidez, milioi 1 euroko muga izango dute enpresa edo enpresa talde bakoitzeko. Honako ehuneko hauek izango dituzte: % 10 enpresa handientzat, % 15 ertainentzat eta % 20 txikientzat.

Dibertsifika programako laguntzen ezaugarriak:

  • Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak eskaintzen dizkie Euskal Autonomia Erkidegoan lehiakortasuna eta hazkundea hobetuko dituen produkzio-inbertsioa egiten duten enpresei.Diruz lagunduko dira enpresaren jarduera negozio-lerro, produktu, zerbitzu eta merkatu berrietara dibertsifikatzera eta/edo enpresaren produktibitatea eta lehiakortasuna handitzera eta hobetzera bideratutako jarduerak.
  • Aktiboek zuzenean lotuta egon beharko dute laguntzaren xede diren eta negozio-lerro, produktu, zerbitzu eta merkatuen inguruko ahalmen berriak garatzen dituzten dibertsifikazio- eta/edo hazkunde-jarduerekin.
  • Laguntzaren xede diren inbertsioek honako hauek dituzte xede: Jabetza industriala eta patentea, Aplikazio informatikoak, Lur eta ondasun naturalak, Eraikuntzak, Instalazio teknikoak, Makineria, Tresneria, beste instalazio batzuk eta Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.
  • Hasierako plantillari eusteko nahitaezkotasuna.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)