- Laguntzak eurite eskasiak kaltetutako abeltzaintza eta nekazaritza-ustiategietara iritsiko dira, baita berdelaren kostera txarrak eragindako Gipuzkoako eta Bizkaiko 73 ontzitako 261 tripulatzailera ere
- Amaia Barredo: “Ezohiko egoeretan gure nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza eusten dituztenen ondoan egon behar dugu”
Eusko Jaurlaritza 5.954.175,00 euroko ezohiko laguntza-pakete berria prestatzen ari da, Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza-sektoreei zuzenduta, 2026an izandako ezohiko egoerei aurre egiteko.
Paketeak 5.523.525,00 euro jasotzen ditu prezipitazio faltak eta Ekialde Hurbileko krisiari lotutako kostuen ezohiko igoerak kaltetutako nekazaritza eta abeltzaintza-ustiategientzat, eta 430.650 euro 2026ko berdelaren kostera txarrak eragindako flota txikiagoari eta espezie horren mende dagoenari konpentsazioa emateko. Nekazaritza eta abeltzaintzako laguntzen guztizkotik, 5.128.910,00 euro Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira, eta 394.615 euro FEAGA funtsaren bidez.
“Ez gaude ohiko egoera baten aurrean, eta erantzunak ere ezin du ohikoa izan. Euri falta, bero-bolada jarraituak, klima-aldaketaren beste ondorio batzuk eta kostuen igoera zuzeneko ondorioak izaten ari dira ustiategietan eta jarduera horietatik bizi direnen errentan. Laguntza hauek eragin handiena izaten ari den tokian erantzun zehatza ematea dute helburu, eta ekoizpen-gaitasunari eta ustiategien jarraitutasunari eusten laguntzea”, adierazi du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak.
5,5 milioi euro prezipitazio faltari eta kostuen ezohiko igoerari aurre egiteko
Laguntza-paketearen ildo nagusia nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari dagokio, eta gehienez 5.523.525,00 euroko zuzkidura izango du.
Laguntzek bi egoera desberdinei erantzuten diete: batetik, Ekialde Hurbileko krisiak energia eta lehengaien merkatuetan eragindako gorabeherei, erregaietan eta ongarrietan bereziki eragin handia izan dutenak; eta, bestetik, 2026ko euro faltari eta etengabeko bero-boladei. Horiek larreen eta bazka-baliabideen eskuragarritasuna murriztu eta elikadura, ur eta bazka kostuak handitu dituzte.
Aginduak bi laguntza-ildo jasotzen ditu, funtsen jatorriaren eta laguntzaren arrazoiaren arabera. Lehenengoa Ormuz Ezohiko Laguntza da, esne-behi aziendari zuzendua, erregaien eta ongarrien prezioen igoerak eragindako aparteko kostuak neurri batean konpentsatzeko. 565.056 euro izango ditu, FEAGAren eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura. Bigarrena Prezipitazio Faltagatiko Ezohiko Laguntza da, abeltzaintza eta nekazaritza-ustiategietara zuzendua, hasieran 4.958.469,00 euroko zuzkidurarekin. Euskadik osorik finantzatuko du, eta beharrezkoa izanez gero, %40raino handitu ahal izango da.
Guztira, laguntzak haragi-behi, esne-behi, ardi, ahuntz eta zaldi aziendako ustiategietara iritsi ahal izango dira, baita ereiteko eta kontsumorako patata, babarrun, ekilore, sagardotarako sagar eta arto ekoizleengana ere.
Proposamenak zenbateko espezifikoak jasotzen ditu jardueraren eta kaltearen arabera: 24 hilabetetik gorako haragi-behi bakoitzeko 60 euro, esne-behi bakoitzeko 36 euro, ardi eta ahuntz bakoitzeko 6 euro eta zaldi bakoitzeko 30 euro, bai eta labore bakoitzeko hektareako laguntzak ere.
Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzak gehienez 15.000 euro jasoko ditu, eta 300 eurotik gorako azken zenbatekoa duten laguntzak baino ez dira emango.
Aurreikusitako banaketak euri eskasiak abeltzaintzan izan duen eragina islatzen du: 3.048.180 euro haragi-behi aziendari dagozkio, 788.352 euro ardi-aziendari, 621.000 euro zaldi-aziendari eta 565.056 euro esne-behi aziendari.
Laboreei dagokienez, zenbatekoak kaltetutako azaleraren arabera ezarriko dira. Zehazki, hektareako 150 euro aurreikusten dira ereiteko patatarentzat, 100 euro kontsumorako patatarentzat eta babarrunarentzat, 60 euro artoarentzat eta 40 euro ekilorearentzat eta sagardotarako sagarrarentzat.
Guztira, proposamenak 154.776,80 euro jasotzen ditu ekilore-laborearentzat,
79.270 euro kontsumorako patatarentzat, 62.022 euro artoarentzat, 54.324 euro ereiteko patatarentzat, 37.011 euro baratzezaintzarako eta babarrunarentzat, eta 26.407,20 euro frutagintzarako eta sagardotarako sagarrarentzat.
Laguntzek Euskadiko 5.268 ustiategiri egingo diete mesede, eta horiei esne-behien 335 ustiategi gehitu behar zaizkie. Guztira, esne-behien 15.695 abere, haragi-behien 50.802, ardien 131.391, ahuntzen 14.520 eta zaldien 20.699 lagunduko dira. Nekazaritza-ekoizpenei dagokienez, laguntzak 370 hektarea babarrun, 3.868 hektarea ekilore, 1.032 hektarea arto, 660 hektarea sagardotarako sagar eta 1.152 hektarea patatara iritsiko dira.
430.650 euro berdelaren kostera txarrak kaltetutako flotari
Paketeak ezohiko laguntza espezifikoa jasotzen du berdelaren arrantzaren mende dagoen flota txikienarentzat, 2026an izandako kostera txarrak kaltetuta.
Gehienezko zuzkidura 430.650 eurokoa izango da, eta berdelaren arrantzan parte hartu duen tripulatzaile bakoitzari 825 euro ematea ahalbidetuko du; halaber, armadoreak beste 825 euro jasoko ditu ontziratutako tripulatzaile bakoitzeko, enpresa bakoitzeko gehienez 10.000 euroko mugarekin.
Neurriak Gipuzkoan eta Bizkaian portu basea duten 73 ontzitan ontziratutako 261 tripulatzaileri egingo die mesede.
Helburua kanpaina bereziki zail baten eragina neurri batean konpentsatzea da, espezie horren mende dagoen eta harrapaketak nabarmen murriztearen aurrean egokitzeko ahalmen mugatua duen artisau-flota bati eragin baitio.
“Sektorean badaude lanean jarraitu ahal izateko laguntza behar duten ustiategiak, ontziak, familiak eta pertsonak. Horregatik, egoera zehatzei erantzuteko laguntzak diseinatzen ari gara: tenperatura altuei eta euri faltari aurre egin behar izan dietenei, animalien elikadura garestitu zaielako; kostuen ezohiko igoera jasan dutenei; eta berdelaren kostera txarra jasan duen artisau-flotari. Erantzuna zuzenean eta jarduera bakoitzaren errealitatera egokituta iritsi behar da”, gaineratu du Barredok.
Eusko Jaurlaritza arrantzako gasolioarentzako laguntza osagarri bat aztertzen ari da
Neurri horiekin batera, eta betiere Espainiako Ministerioak arrantza-flotari ematen zaion gasolio-laguntza handitzen ez badu, Saila arrantzako gasolioarentzako laguntza osagarri bat abian jartzeko aukera aztertuko du, gaur egun dagoen estatuko laguntzari gehituko litzaiokeena.
Saila harremanetan dago Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioarekin, baita sektorearekin ere, konpromisoen jarraipena egiteko. Konpromiso horiek gauzatuko ez balira, neurri horren kostua zehazteko beharrezkoa den aurrekontu-azterketa egingo litzateke, bai eta aplikazio-baldintzak zehaztu ere.
Ezohiko erantzuna sektorearen jarraitutasuna babesteko
Neurri-pakete honen bidez, Eusko Jaurlaritzak 2026an lehen sektorearen jardueran eragina izaten ari diren hiru egoerari erantzuten die: tenperatura altuak eta prezipitazio falta, horiek ekoizpenean eta animalien elikaduran dituzten ondorioekin; nazioarteko egoerari lotutako zenbait kosturen ezohiko igoera; eta berdelaren kostera txarra, bereziki tamaina txikiagoko flotari eragin diona.
Neurri hauek sektoreko erakunde eta eragileekin eta hiru Foru Aldundiekin kontrastatu eta adostu dira, erantzun koordinatua eskaintzeko helburuarekin. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako laguntzak Foru Aldundiek osatuko dituzte, erakundeek beren baliabideak eta gaitasunak batu ditzaten kaltetutako ustiategiei eta jarduerei laguntza indartzeko. “Modu koordinatuan ari gara lanean, sektoreak erakundeek norabide berean arraun egitea eta bakoitzak bere eskumenetatik eta baliabideetatik ekarpena egitea behar duelako”, adierazi du Barredok.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)