KERIK GABEKO ASTEA, MAIATZAREN 25-31 / TABAKORIK GABEKO MUNDU EGUNA, MAIATZAREN 31
- Osasun Sailak Kerik Gabeko Euskadi estrategia indartu du kolektibo horri arreta espezifikoa jarrita, kolektibo horretan eguneroko kontsumoa % 3,8tik % 15era igo baita 2004tik 2023ra bitartean. Alde batetik, gero eta emakume erretzaile gehiago daude, eta, bestetik, gehiago kostatzen zaie tabakoa uztea
- “Jo ta ke! Erretzeari utzi nahi badiozu, lagunduko dizugu” kanpaina abiarazi du, mezu sinple baina indar handiko batekin: erretzeari utz dakioke, eta Osakidetzak prozesu horretan lagunduko dizu, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako baliabide eskuragarriekin.
- Osakidetzak 11.500 pertsona ingururi lagundu die erretzeari uzten 2025ean, Kerik Gabeko Guneen Sareak dagoeneko kerik gabeko 767 gune ditu Euskadiko 70 udalerritan banatuta, eta Kerik Gabeko Gazteak programan 44 ikastetxeko 3.709 ikaslek hartu dute parte
- Merkatuan zigarro elektronikoak sartu ondoren, Osasun Sailak eta Osakidetzak ohartarazi dute tabakoarekin lotutako produktu berri bat ugaritzen ari dela. Nikotina-poltsatxoak dira (Nicotine pouches), odolean zigarro normalek baino nikotina-kontzentrazio handiagoak eragin ditzaketenak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak tabakoaren kontsumoaren inguruko prebentzio- eta sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu dute Bilbon. Aurten kolektibo jakin bat izango da kanpainaren ardatz: 40-70 urteko emakumeak. Talde hori lehentasunezkoa da osasun publikoaren ikuspegitik, adin bereko gizonak baino maiztasun txikiagoarekin joaten baitira erretzeari uzteko tratamendua hastera.
Aurkezpenean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Guillermo Herrerok eta Osakidetzako osasun komunitarioko erizain Sonia Gonzálezek politika publikoak kontsumoan agertzen diren genero-desberdintasunetara egokitzeko beharra azpimarratu dute, eta gogorarazi dutenez, “tabakoaren kontsumoa kaltegarria da modalitate guztietan, eta ez dago kontsumo-modalitate segururik, ezta tabakoarekiko, kearekiko eta aerosolekiko esposizio-maila segururik ere. Dituzten substantziak zein igortzen dituztenak toxikoak dira eta osasun-arazo larriak sorraraz ditzakete”.
“Jo ta ke! Erretzeari utzi nahi badiozu, lagunduko dizugu” kanpainak mezu sinple baina indar handiko bat du oinarri: erretzeari utz dakioke, eta Osakidetzak, osasun-sistema publikoak, prozesu horretan lagunduko dizu, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako baliabide eskuragarriak eskainiz. Mezu horren bidez, erretzeari utz diezaioketela helarazi nahi zaie emakume horiei, eta daukaten indar hori ateratzera animatu nahi dira, tabakoa uzteko eta tabakoaren mende ez egotearen liberazioa sentitzeko.
Tabakismoa Euskadin
Euskadik aurrerapen handiak lortu ditu tabakismoaren aurkako borrokan azken hamarkadetan. Euskadiko adikzioei buruzko azken inkestaren arabera, 15-74 urteko biztanleen % 19,7k egunero erretzen zuten, eta datu hori orain arte erregistratu den txikiena da. Hala ere, bilakaera positibo horren atzean errealitate konplexuago bat dago, kontsumoaren jaitsiera ez baita homogeneoa sexuaren eta adinaren arabera. Gizonen kasuan, beherakada orokorra da adin-talde guztietan; adin ertaineko emakumeen kasuan, berriz, ez da horrelako bilakaerarik ikusten. 55-74 urteko emakumeen taldeak kezka sortzen du, eguneroko kontsumoa % 3,8tik % 15era igo baita 2004tik 2023ra bitartean. Izan ere, historikoki, adin horretako emakumeek ez zuten erretzen, eta orain gero eta emakume erretzaile gehiago sartzen ari dira adin-talde horretan. Eta, gainera, maiztasun gutxiagorekin joaten dira uzteko tratamendua hastera.
Tabakismoa, mendekotasun fisikoari ez ezik, faktore emozionalei, sozialei eta kulturalei ere lotuta dago. Emakumeen kasuan, elementu horiek pisu espezifikoa dute: kontsumoak lotura handiagoa du estresarekin, zainketen zamarekin eta kudeaketa emozionalarekin, eta testuinguru pribatuagoetan eta bakartiagoetan gertatzen da, gizonengan ohikoagoa den kontsumo sozialetik urrun. Horrek guztiak informatzeaz gain emakumeen bizi-esperientzian lagunduko duten eta esperientzia horrekin lotuko diren kanpainen beharra indartzen du.
Tabakismoak emakumeengan dituen ondorioak intentsitate handiagoarekin agertzen ari dira orain, gizonek baino beranduago hartu baitzuten erretzeko ohitura. Izan ere, emakumeen kasuan, tabakoari egotz dakiokeen heriotza-tasa % 98 igo da 2001etik 2020ra bitartean, eta gizonen kasuan, berriz, % 29 jaitsi da. Aldaketa horrek trantsizio epidemiologiko argia islatzen du: hainbat hamarkadatan gizonen arazoa izan zena emakumeen osasunari lotutako funtsezko erronka bihurtzen ari da.
14-18 urteko nerabeen kasuan, tabakoaren kontsumoa % 20tik % 18ra jaitsi zen 2023tik 2025era bitartean, eta antzekoa izan zen mutilengan eta neskengan. Hala ere, zigarro elektronikoen erabilerak izan duen gorakadak itsustu egin du jaitsiera hori. Izan ere, erabilera hori % 13tik % 20ra igo zen 2023tik 2025era bitartean. Gainera, pentsa daiteke gora egiten jarraituko duela, eta baliteke produktu berriek gazteenak erakartzea.
Estrategia integrala: kanpaina bat baino askoz gehiago
Kanpaina berria Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren “Kerik gabeko Euskadi” estrategiaren barruan kokatzen da, eta prebentzioaren eta osasunaren sustapenaren arloko Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorriz, banakako jokabideez gain tabakoaren inguruko inguruneak eta gizarte-kultura eraldatzea du helburu. Gaurko agerraldian, Osasun Saila duela zenbait urtez geroztik tabakismoa prebenitzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko garatzen ari den programei buruzko datuak eman dira.
Ildo horretan, Osasun Sailak foru-aldundiekin eta tokiko erakundeekin lankidetzan tabakoaren eta deribatuen kerik gabeko ingurune osasungarriak sortzeko sustatutako Kerik Gabeko Guneen Sareak kerik gabeko 144 gune zituen 2022an, eta 767 ditu gaur egun. Gunerik ohikoenak honako hauek dira: hondartzak, plazak, haur-parkeen inguruak, ikastetxeen inguruak, osasun-zentroen inguruak, markesinak eta abar (kerik gabeko guneen mapa). Parte hartzen duten udalerrien kopurua hasierako 41etatik egungo 70etara igo da. Azpimarratu beharra dago Euskal Herriko Unibertsitateak Araban duen campusaren atxikimendua. Sarearekin bat egin duen lehen unibertsitate-esparrua izan da.
Osasun Sailak eta Euskadiko udalek hezkuntza-ingurunea ere kontuan hartu dute, eta txikitatik prebenitzeko beharra nabarmendu dute. Kontsumitzen ez hasteko helburua duen Kerik Gabeko Gazteak programak Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleekin egiten du lan, eta 2025-2026 ikasturtean Euskadiko 44 ikastetxeko 3.709 ikaslek hartu dute parte. Lantzen diren gaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: tabakoaren konposizioa, taldearen presioa, genero-ikuspegia, tabako-enpresen eragina, kutsadura edo, hain zuzen ere, gailu berriak. Esku-hartzea amaitzeko, ikasgela bakoitzak argazki-konposizio bat prestatzen du, eta, ikastetxeetan ikusgai jartzeaz gain, Osasun Sailak antolatutako lehiaketa batean parte hartzen du. Hiru lurraldeetan garaile izan diren lanen sariak datorren ostiralean, maiatzak 29, banatuko dira Gasteizko Hegoalde Gizarte Etxean.
Osakidetza: erretzeari uzteko tratamendua
Bestalde, Osakidetzak tabakismoaren aurkako borroka aktibo eta integrala egiten du bere erakundeen bitartez. Urteko azken balantzearen arabera, 11.503 pertsonak jo dute euskal laguntza-sarera erretzeari uzteko laguntza profesionalaren bila.
Banakako arreta presentziala da oraindik ere aukera nagusia (5.300 kontsulta baino gehiago lehen mailako arretan), baina taldean uzteko aukerak gero eta garrantzi handiagoa izan du azken 3 urteetan. Modalitate hori aukeratzen duten gizonen kopurua % 12 igo da, eta emakumeenak, berriz, berdin jarraitu du. Tratamenduetara joaten diren pertsona gehienak 45-65 urtekoen adin-taldean biltzen badira ere, artatzen diren paziente gazteagoak gero eta gehiago dira. Tratamendua hasi duten 25-45 urteko pertsonen kopurua bikoiztu egin da. Lagungarria da, halaber, sistema publikoak finantzatutako laguntza farmakologikoa (bareniklina eta zitisiniklina).
Euskal osasun-erakundeek tabakismoaren prebentzioarekin duten konpromisoak nazioarteko babesa lortzen jarraitzen du. Gaur egun, Osakidetzako 14 erakundek osatzen dute Kerik Gabeko Erakunde Sanitarioen Euskal Sarea.
Kontsumitzeko modu berriak, arrisku berak
Datorren maiatzaren 31n, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna ospatuko da, eta, aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) tabakoaren eta nikotinaren industriei mozorroa kentzeko ahaleginean jarriko du arreta, gazteak adikzio-ziklo batean harrapatzeko diseinatzen baitituzte beren produktuak. Nikotina aska dezaketen gailuak (zigarro elektronikoak edo baperrak) merkatuan sartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohartarazi du tabakoarekin lotutako produktu berri bat ugaritzen hasi dela: nikotina-poltsatxoak (Nicotine pouches). Ahoaren barruan edukita kontsumitzen diren poltsatxoak dira, eta, dosifikazio handikoak badira, zigarro normalek baino nikotina-kontzentrazio handiagoak eragiten dituzte odolean. Poltsatxo horiek ongi zehaztutako ondorio kardiobaskularrak dituzte, eta fetua hiltzeko arriskua areagotu dezakete haurdun dauden emakumeen kasuan. Produktu horiek kaltegarriak ez direlako ideiaren aurrean, Osasun Sailak eta Osakidetzak nikotinaren kontsumo segururik ez dagoela azpimarratu dute.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)