- Amaia Barredo: “Estrategia hau herri bizi eta aukeraz beterikoen aldeko apustua da, zerbitzuak bermatuz, landa eremuan bizitzea eta lan egitea herritarrentzat benetako eta erakargarria den aukera izaten jarrai dezan”
2030 Landa Garapen Estrategiak Eusko Jaurlaritzaren ibilbide-orria ezartzen du 2025-2030 aldian, eta hiru esku-hartze eremutan egituratzen da —plangintza, gobernantza eta dinamizazioa—; eremu horiek 12 jarduera-ardatz eta Euskadiko landa eremua eraldatzera bideratutako 38 ekintza zehatzetan garatzen dira.
Aurreikusitako jardueren artean, besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira: herrietako bizi-kalitatea hobetzeko proiektu estrategikoen sustapena; irtenbide berritzaile eta digitalak txertatzen dituzten Smart Villages ekimenen garapena; eta lehentasunezko esparruei lotutako proiektuak abiaraztea, hala nola etxebizitza, mugikortasuna, arreta soziosanitarioa, gazteria edo komunitate-parte-hartzea.
Estrategiak, halaber, landa eremuko ekintzailetza eta dibertsifikazio ekonomikoa babesteko neurriak jasotzen ditu, agroindustriari, turismo jasangarriari, bioekonomiari edo ekonomia sozialari lotutako jarduerak sustatuz, eta landa espazioa eta nekazaritza-paisaiaren kontserbazioa bermatzeko eta lurraldearen hustapena saihesteko ekimenak bultzatuz.
Lan-ardatzetako beste bat zerbitzu eta ekipamenduetarako sarbidea hobetzea izango da, politika publikoak landa errealitatera egokituz, administrazioen arteko koordinazioa indartuz eta landa-ikuspegia gizarte zerbitzuetan edo garraioan txertatuz, bizilekua edozein dela ere aukera-berdintasuna bermatzeko helburuarekin.
Aurkezpenean, Amaia Barredo sailburuak estrategiak herritarrengan izango duen eragina azpimarratu su: “Estrategia honek zuzenean egingo dio mesede biztanleriari, zerbitzu gehiago, enplegu eta ekintzailetza aukera gehiago, konexio hobeak eta etorkizuna duten herriak ekarriko baititu. Azken batean, landa eremuan bizi-kalitatearekin eta Euskadiko beste edozein tokitan bezalako aukerekin bizitzea ahalbidetzea esan nahi du”.
2030 Landa Garapen Estrategia lurraldera eramaten ari da 18 Landa Garapeneko Eskualde Programen (LGEP) bidez, eskualde bakoitzerako bana, tokiko elkarteek landuak. Prestaketa prozesuan 27 bilera egin ziren beharrak eta lehentasunezko proiektuak identifikatzeko, eta dagoeneko badira jarraipen eta plangintzarako tresna komunak, jarduketak koordinatzeko eta eskualdeen artean partekatutako proiektu eragileak identifikatzeko aukera ematen dutenak.
Eskualdeko plan horiek ekintza zehatzak lehenesten dituzte oinarrizko zerbitzuetan eta bizi-kalitatean, ekintzailetzaren babesean eta gizarte-kohesioan. Abian diren ekimenen artean nabarmentzen dira, adibidez, BEROSI programa, 1,1 milioi eurorekin 22.500 pertsonari baino gehiagori finantza-zerbitzuak bermatzeko; EREIN laguntzak, 9,1 milioi euro mobilizatu zituztenak 116 proiektutarako; eta ekitaldiak eta gizarte-dinamizazioa laguntzeko lerroak, 2025ean 32 ekimen babestu zituztenak. 2026tik aurrera, eskualde bakoitzak bere urteko kudeaketa-planak aktibatuko ditu, aldizkako jarraipenarekin eta lurralde bakoitzean definitutako ekintza eraldatzaileak lehenetsiz.
2030 Landa Garapen Estrategia Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatuko du, foru aldundiekin, landa garapeneko elkarteekin, Hazi Fundazioarekin eta beste eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan, gobernantza partekatuaren eredua indartuz, eskualde bakoitzera egokitutako proiektuak garatzeko eta eskuragarri dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)