Gobernu Kontseiluak, 2026 eta 2027 urteetan euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuei (adierazpen immaterialak ezik) buruzko ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur. Hala, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara. Proiektuak %100ean lagundu ahal izango dira diruz, 15.000 eurora arte.
Diruz lagundu daitezkeen lanek ondare materialaren ondasun higiezinetan zein higigarrietan zentratu ahal izango dira, eta EAEko kultura-ondarearen ikuspegitik aztertutako ondasunen ezaugarriei edo garrantziari buruzko ezagutza berria sortu beharko dute, haien balorazio kritikoa egiten eta haien babesa hobetzen laguntzeko.
Gainera, dirulaguntza horien bidez, eskabideak baloratzeko irizpideen bitartez, euskararen erabilera, kultura-ondarearen ikerketa-proiektuetan genero-ikuspegia txertatzea eta emakumeek proiektuen arduradun gisa parte hartzea sustatu nahi da.
Diruz lagunduko diren proiektuak 2026eko ekitaldian hasi beharko dira, eta 2027ko urriaren 31a baino lehen amaitu.
2026-2027ko deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ekainaren erdialdera aurreikusita dago argitara ematea.
2025eko deialdian 13 ikerketa-proiektu lagundu ziren diruz, historiaurretik XX. mendera bitarteko aukera kronologiko zabala hartzen dutenak, eta euskal kultura-ondarearen, ondare higigarriaren eta ondare higiezinaren askotariko gaiak jorratzen dituztenak.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)