- Laguntzak Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta daude, eta 2.404 eurora artekoak izan ahal izango dira pertsona bakoitzeko
- Deialdiaren helburua euskal itsas eta arrantza jardueraren etorkizunerako estrategikoak diren ikasketetarako sarbidea eta jarraipena erraztea da
Gobernu Kontseiluak 2025-2026 ikasturtean itsas arrantza arloko ikasketak egiteko beken deialdia onartu du. Bekak Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII ikastetxean, Bermeoko CIFP Nautika eta Arrantzakoan eta Ondarroako Antigua Ama Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastetxean ikasten duten ikasleei zuzenduta daude.
Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako deialdiak 132.076 euroko zuzkidura ekonomikoa du guztira, eta helburua euskal itsas eta arrantza sektorearen etorkizunerako estrategikotzat jotzen den prestakuntza batean ikasleen sarbidea, jarraipena eta egonaldia erraztea da.
Laguntzek gehienez 2.404,05 euroko zenbatekoa izango dute onuradun bakoitzeko, eta ikasketekin lotutako gastuen estaldurara bideratuko dira; besteak beste, ohiko bizilekutik kanpoko egoitza, ikastetxerako joan-etorriak, mantenua eta materialaren erosketa.
Bekak Euskadiko itsas arrantza irakaskuntzako ikastetxeren batean matrikulatuta dauden eta aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek eskatu ahal izango dituzte.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak aurrez aurre nahiz modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez.
Deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzak itsasoari eta arrantzari lotutako prestakuntza espezializatuaren aldeko babesa indartzen du, eta euskal kostaldean sustrai ekonomiko, sozial eta kultural handia duen jarduera baten gaitasun profesionala, belaunaldi-erreleboa eta jarraitutasuna bermatzen laguntzen du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)