- Ordainketa horri esker, zuzeneko laguntzen ia osotasuna otsaila baino lehen ordainduta egongo da, lehen sektoreari egonkortasuna eta ziurtasuna emanez
- “Sektorearekin dugun konpromisoa betetzen dugu, eta laguntzak behar direnean iristen direla bermatzen dugu: garaiz eta segurtasunez”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak otsailaren 2an emango du Nekazaritza Politika Erkidearen (NPB) 2025eko kanpainako zuzeneko laguntzen lehen ordainketa osagarriari dagokion ebazpena, guztira 13 milioi euroko zenbatekoarekin.
Ebazpena eman ondoren, foru-aldundiek gehienez bost eguneko epea izango dute onuradunei ordainketak egiteko. Horrela, funtsak modu arinean iritsiko dira Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietara. Egutegi horri esker, Eusko Jaurlaritzak NPB 2025eko zuzeneko laguntzen ia osotasuna otsailaren lehen hamabostaldian ordainduta egongo dela bermatuko du, sektorearekin hartutako konpromisoa betez.
Lehen ordainketa osagarri honek jarraipena ematen dio azaroan ordaindutako 23,1 milioi euroko aurrerakinari, eta bi ordainketekin batera, dagoeneko ordaindutako zenbateko osoa 36 milioi eurotik gorakoa izango da. Kontuan hartuta Euskadin NPBren urteko bolumena 41 milioi euro ingurukoa dela, urteko lehen hilabeteetan lortutako gauzatze-maila bereziki esanguratsua da.
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak nabarmendu du “ordainketa-egutegi honek aurreikusgarritasuna, egonkortasuna eta likidezia ematen diela ustiategiei, funtsezkoa baita inbertsioak planifikatzeko, kostuei aurre egiteko eta nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren jarraipena bermatzeko”. Ildo horretan, azpimarratu du “NPBa ez dela laguntza ekonomiko hutsa; landa-eremua sostengatzeko, elikadura-hornidura bermatzeko eta lurraldea bizirik mantentzeko funtsezko tresna da”.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak NPB bidezkoago, sinpleago eta Euskadiko errealitate produktibora egokituago baten alde lanean jarraituko duela berretsi du, lehen sektorearen balio estrategikoa aitortzeko eta haren bideragarritasun ekonomikoaz gain, herritarren ongizate orokorrari ere laguntzeko.
Laguntza-lerroak
Urtarrileko ordainketak laguntza-lerro guztiak barne hartuko ditu, behi-azienda gizentzeko neurria izan ezik; azken hori azken likidazio-ordainketan ordainduko baita. Lehen ordainketa osagarri honetan jasotako neurri guztiak %90eko intentsitatearekin ordainduko dira, ekitaldiko une giltzarri batean ustiategien finantza-gaitasuna indartuz.
Horrez gain, azaroan egindako aurrerakinean atxikita geratu ziren espedienteak ere sartuko dira ordainketa honetan, administrazio eta lurralde-kontrolak amaitu ondoren desblokeatu baitira. Jarduketa horri esker, nekazari eta abeltzain gehiagok jaso ahal izango dituzte laguntzak dagoeneko, beharrezkoak ez diren atzerapenak saihestuz eta sistemaren eraginkortasuna hobetuz.
Pisurik handiena duten neurri ekonomikoen artean daude Laborantza Txandaketako ekoerregimena, 1,5 milioi eurora iritsiko dena, eta Gazteentzako Laguntza Osagarria, 1,15 milioi euroko zuzkidurarekin. Laguntza-lerro horiek Eusko Jaurlaritzak nekazaritza jasangarriago baten alde egiten duen apustua islatzen dute, ingurumenaren babesarekin lerrokatua, baita belaunaldi-erreleboa sustatzeko konpromisoa ere, gazte profesionalek sektorean berme handiagoekin sartzea erraztuz.
Lehen ordainketa osagarri honekin, 2026ko ekainera arteko azken likidazio-ordainketarako bakarrik geratuko da laguntzen azken %10a, indartutako kontrolen mende jarraitzen duten espedienteekin eta gizentzeko behi-aziendaren neurriarekin batera.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)