Eusko Jaurlaritzak 10,5 millioi euro bideratuko ditu kulturaren ekoizpenera eta sustapenera, hiru dirulaguntza deialdiren bidez (Gobernu Kontseilua 2026-04-21)

Argitalpen-data: 

n770_n770_logoconsejo.jpg
  • Ikus-entzunezko ekoizpenerako deialdira 8,828 milioi euro bideratuko dira, Arte Eszenikoak sustatzeko programetarako deialdira 850.000 euro eta Literatura Argitalpenen ekoizpenerako deialdira 760.00 euro

Gobernu Kontseiluak kultura ekoizteko eta sustatzeko hiru dirulaguntza deialdi onartu ditu gaur. Alde batetik, Ikus-entzunezko ekoizpenerako deialdia, 8.828.000 euroko diru partidarekin; beste alde batetik, Arte Eszenikoak sustatzeko programen deialdia, 850.000 euroko partidarekin; eta, azkenik, Literatura Argitalpenen ekoizpenerako deialdia, 760.000 euroko aurrekontuarekin.

Guztira, 10.438.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak kulturaren ekoizpenera eta sustapenera, alor ezberdinetan: ikus-entzunezkoa, arte eszenikoena eta literarioa.

 

Ikus-entzunezko ekoizpena

Hauek dira diruz lagunduko diren modalitateak:

 

Film luzeen produkziorako laguntzak: 5.400.000 euro bideratuko dira honako proiektu motak finantzatzera:

  1. Zinemarako fikziozko film luzeak:200.000 euroko aurrekontua erabiliko da 60 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza-ustiapenerako diren fikziozko ikus-entzunezko obrak diruz laguntzeko. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 1.700.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
  2. Zinemarako animaziozko film luzeak: modalitate honetako dirulaguntza kopurua 1.500.000 eurokoa da, 60 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza-ustiapenerako diren animaziozko ikus-entzunezko obrentzat. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 800.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
  3. Sortze-dokumentaleko film luzeak: guztira 700.000 euro bideratuko dira edozein hizkuntzatan dauden sortze-dokumental luzeak laguntzeko. Gaia errealitatetik hartua izan behar da, eta, aldi berean, lanak originala izan behar du, gai jakin bati buruzko ikerketa edo analisiak egiten dituena, gutxienez ordubetekoa, komertziala, eta zinemarako eta/edo telebistarako egina. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 350.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.

 

Film laburren produkziorako laguntzak: edozein euskarritan eginda eta zinemarako diren film laburrak, 60 minutu baino gutxiagokoak, lagunduko dira diruz. Horretarako Gobernuak 428.000 euroko aurrekontua bideratuko du. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez 220.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta dirulaguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.

Euskarazko serieak ekoizteko laguntza. Euskarazko jatorrizko bertsioko ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailekoa egiten lagunduko da, ikuspegi formal eta tekniko batetik. Hala, 3.000.000 euroko aurrekontua bideratuko du Gobernuak honetara.

2025eko deialdian guztira 53 proiektu lagundu ziren Gobernutik, 2024 urteko deialdian baino %83 proiektu gehiago: 11 zinemarako fikziozko film-luze, 4 zinemarako animaziozko film-luze, 15 sortze-dokumentaleko film luze, 19 film labur eta 4 euskarazko serie.

2026 urteko deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Arte Eszenikoak sustatzeko programak

Lau modalitatetako proiektuak lagunduko dira: 

 

  • 160.000 euro arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntzarako. Honako jarduera hauek lagunduko dira:
    • Etengabeko prestakuntza ikastaroak eta tailerrak
    • Berariazko prestakuntza ikastaroak edo tailerrak
    • Profesionalen etengabeko ikerketara eta prestakuntzara bideratutako laborategiak eta antzeko espazioak
    • Profesionalentzat entrenamendu jarraituko espazioak

 

  • 160.000 euro arte eszenikoak sustatzeko egitasmoetarako. Arte eszenikoen konpainien eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal-titulartasun publikoko espazio eszenikoen arteko lankidetzarekin egindakoak izan beharko dira. Honako hauek lagunduko dira diruz:
    • Sentsibilizazio jarduerak
    • Publikoekiko bitartekaritza-jarduerak
    • Prestakuntza jarduerak
    • Arte eszenikoak sustatzeko programak, konpainia egoiliar batek garatuak

 

  • 265.000 euro kaleko arte eszenikoak erakusteko programak garatzeko (“Kale Arteak Bultzatuz” programa). 2026. urtean euskal konpainiek aire zabaleko espazio publikoetan antzeztutako arte eszenikoak (antzerkia, dantza eta zirkua) erakusketako programak lagunduko dira diruz.

 

  • SAREA dantza zirkuitua garatzeko 260.000 euro bideratuko dira.

 

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertu eta hurrengo egunetik aurrera.

2025ko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 149 proiektu babestu zituen: 14 arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntzarako proiektuak izan ziren, 12 arte eszenikoak sustatzeko programak, kaleko arte eszenikoak erakusteko 81 programa ere lagundu ziren eta SAREA dantza zirkuituko beste 42 proiektu. 

 

Literatura Argitalpenen ekoizpena

Deialdi honekin honako modalitateak lagunduko dira:

 

Euskarazko literatura argitalpenak diruz laguntzeko 575.000 euro erabiliko dira. 2025. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura liburuak izan beharko dira, paperean edo formatu digital irakurgarriak.

Gaztelaniazko literatura argitalpenak laguntzeko 125.000 euroko zuzkidura gordeko da. 2025. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura liburuak izan beharko dira, paperean edo formatu digital irakurgarriak.

Euskarazko literaturako audio-liburuen argitalpenek 60.000 euroko diru poltsarekin lagunduko dira. 2025. urtean argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audio-liburuak izan beharko dira.

Argitaletxeek edizio-plan ezberdinak aurkeztuko ahal izango dituzte dirulaguntza deialdi honetako modalitate bakoitzean. Aurkeztutako liburuak haurrentzako, gazteentzako edo helduentzat izan ahalko dira eta genero hauetakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, komikiak eta literatura saiakera.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, gaur onartutako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2025ean, euskarazko ekoizpenaren modalitatean, 18 argitaletxeri dirulaguntzak eman zitzaizkien 287 liburu ekoizteko eta gaztelaniaz 10 argitaletxeri, 128 titulu sortzeko. Gainera, euskarazko audio-liburuen modalitatean 4 argitaletxeri dirulaguntzak eman zitzaizkien 11 audioliburu ekoizteko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)