- IKERTALENT programak lau urteko 10 laguntza aurreikusten ditu doktorego aurreko ikertzaileentzat, eta bi urteko 8 laguntza teknologoentzat
- Proiektuak EHU, NEIKER, AZTI eta LEARTIKER zentroetan garatuko dira
Gobernu Kontseiluak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindua onartu du. Agindu horren bidez, 2026ko ekitaldirako IKERTALENT laguntza-programaren deialdia egiten da, Euskadiko nekazaritzaren, arrantzaren eta elikaduraren sektoreko esparru zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko.
Deialdiak 1.840.900 euroko aurrekontua du. Laguntza horien helburua da doktoregoa duten profesionalen gabezia dagoen nekazaritzaren, arrantzaren eta elikaduraren sektoreko ikerketa-arloetan doktorego aurreko ikertzaileen prestakuntza sustatzea, eta profesional horiek Euskadiko egitura zientifiko-teknologikoan txertatzea bultzatzea. Era berean, teknologoak prestatu nahi dira, etorkizunean sektoreko enpresa eta elkarteetan edo jarduera zientifiko-teknologikoan lan egin ahal izan dezaten.
Proiektuak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean, AZTI Fundazioan eta LEARTIKER zentro teknologikoan garatuko dira. Zentro horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko apirilaren 1eko Aginduan ezarritako prozeduraren bidez hautatu dira.
Laguntza-lerroak eta zenbatekoak
IKERTALENT programak bi laguntza-lerro ditu. Lehenengoa doktorego aurreko ikertzaileak prestatzeko da, eta I+G+b arloko hamar proiektu garatzea aurreikusten du. Laguntzek lau urteko iraupena izango dute, doktorego aurreko kontratu baten ezaugarriekin. Laguntza-lerro honetako onuradunek 22.000 euro jasoko dituzte lehen urtean, 23.000 euro bigarrenean, 25.000 euro hirugarrenean eta 31.500 euro laugarrenean.
Bigarren laguntza-lerroa Euskadiko nekazaritzaren, arrantzaren eta elikaduraren sektoreko arloetan espezializatutako teknologoei zuzenduta dago, eta I+G+b arloko zortzi proiektu garatzea aurreikusten du. Laguntzek gehienez bi urteko iraupena izango dute, eta onuradunek urtean 17.000 euro jasoko dituzte.
Bi kasuetan, onuradunek prestakuntza-gastuak ordaintzeko laguntza osagarria jaso ahal izango dute. Laguntza horren bidez, doktorego-tesiaren proiektuarekin lotutako gastuak finantzatu ahal izango dira, hala nola doktorego-ikastaroetako matrikulak, kongresu zientifikoetara, mintegietara, ikastaroetara eta lan-jardunaldietara joateko gastuak, edo beste ikerketa-zentro eta zentro teknologiko batzuetan egonaldiak egiteko gastuak. Gastu horiek proiektua garatzen den atxikipen-zentroak onartu beharko ditu.
Ikertzaileentzako laguntza osagarria 8.000 eurokoa izango da (2.000 euro prestakuntza-urte bakoitzeko), eta teknologoentzakoa 2.000 eurokoa (1.000 euro urtean).
Baldintzak eta eskabideak aurkeztea
Laguntzak eskatu ahal izateko, eskatzaileek proiektu bakoitzerako zehaztutako titulazioren bat izan beharko dute. Aurkeztu beharreko dokumentazioaren artean, ikasketa-espediente osoa egongo da, kalifikazioak eta tituluak lortu ziren datak barne, baita curriculum vitaea eta alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak ere.
Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Euskadiko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez. Eskabideei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke:
https://www.euskadi.eus/servicios/1029114
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)