Eusko Jaurlaritzak 1,63 milioi euro bideratuko ditu itunpeko ikastetxeen hizkuntza proiektuak garatzeko (Gobernu Kontseilua 2026-08-27)

Argitalpen-data: 

n770_logoconsejo.jpg
  • Laguntza honi esker, ikastetxeek beren Hizkuntzen Kudeaketa Proiektuak garatu ahal izango dituzte 2026-2027 ikasturtean, eta proiektu horiek garatu eta dinamizatzeko liberazio orduak izango dituzte.
  • Proiektuen helburuen artean azpimarragarriak dira ikasleen komunikazio-konpetentzia hobetzea, euskararen ikaskuntza eta erabilera indartzea eta hezkuntza-ingurune eleaniztun eta kulturartekoetarantz aurrera egitea.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, itunpeko ikastetxe pribatuen Hizkuntzen Kudeaketa Proiektuak 2026-2027 ikasturtean garatzen laguntzeko dirulaguntzen deialdia. Deialdiak gehienez 1.633.333 euroko zuzkidura izango du.

Hizkuntzen Kudeaketa Proiektuen bidez, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-errealitatea aztertu eta bere helburuak eta jarduerak zehazten ditu, euskara ardatz duen ingurune eleaniztun eta kulturartekoa eraikitzeko. Lehentasunen artean daude euskararen erabilera sustatzea eta ikasleek hizkuntza horretan irteera-profilean ezarritako komunikazio-konpetentzia lortzea, baita curriculumari lotutako gainerako hizkuntzetako komunikazio-konpetentziak garatzen laguntzea ere.

Proiektuen helburua da, halaber, euskal kulturaren ezagutzan eta praktikan sakontzea, eta irakatsi eta ikasteko prozesuak ikastetxe bakoitzaren kulturarteko testuingurua kontuan hartuta garatzea.

 

Ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-errealitatera egokitutako proiektua

Hizkuntza Proiektua ikastetxeko eta haren eragin-eremuko curriculum-hizkuntzen eta gainerako hizkuntzen egoeraren diagnostikotik abiatzen da. Azterketa horretatik abiatuta, ikastetxe bakoitzak euskarazko komunikazio- eta kultura-konpetentzia hobetzeko eta euskararen eguneroko erabilera sustatzeko neurriak ezartzen ditu, baita ikasleen konpetentzia eleaniztuna garatzeko eta hizkuntza- eta kultura-bizikidetza sustatzeko jarduerak ere.

Proiektuak ikastetxe osoa inplikatu behar du, koherentea izan behar du gainerako dokumentu pedagogikoekin eta hezkuntza-komunitatearen adostasuna izan behar du. Besteak beste, egoeraren analisia, ikastetxearen hizkuntza-helburuak, hizkuntza-planteamendua, plan estrategikoa eta ebaluazio-adierazleak jaso behar ditu.

Lan hori garatzeko, 2026-2027 ikasturtean ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak hizkuntza-kudeatzaile edo arduradun bat izendatuko du, ikastetxeko irakasle bat, ikasturteko plana garatu eta dinamizatzeaz arduratuko dena. Ikastetxeek, gainera, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren laguntza eta aholkularitza teknikoa izango dute. Institutuko profesionalek hainbat arlotan orientatu ahal izango dituzte, hala nola, hizkuntza-proiektuen diseinuan, soziolinguistikan, hizkuntzen didaktikan, euskal kulturaren transmisioan, hizkuntza-lidergoan, kulturartekotasunean edo iritsi berri diren ikasleen euskalduntzean.

Laguntzek Hizkuntzen Kudeaketa Proiektua sortu, garatu eta ebaluatzeko irakasleen liberazio-orduak finantzatuko dituzte. Hezkuntza Sailak, halaber, hizkuntza-proiektuarekin lotutako ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jarduerak antolatuko ditu irakasleentzat.

 

Hizkuntza-konpetentzia, ikaskuntza hobetzeko

Deialdia Hezkuntza Sailaren estrategiaren barruan kokatzen da, ikasleen hizkuntza-konpetentzia indartzeko eta hezkuntza-sistema eleaniztun eta kulturarteko baterantz aurrera egiteko, euskararen ikaskuntza eta erabilera eta curriculumeko hizkuntza guztien ezagutza sustatuz. Helburua da ikasleek hizkuntzetan eskatzen diren mailak lortzea eta, aldi berean, curriculuma osatzen duten gainerako irakasgaiak eta konpetentziak behar bezala ikastea.

Ikastetxe interesdunek hilabeteko epea izango dute, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eskabidea aurkezteko. Eskabidea telematikoki egin beharko da, eta ikastetxean indarrean dagoen Hizkuntza Proiektuaren ikasturteko plana aurkeztu beharko da harekin batera.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)