- Izapidetzen ari diren 21 proiektuetatik, 6k lortu dute administrazio-baimena. Gainerako 15ak hasierako izapidetze-faseetan daude.
- Energia baterien bidez biltegiratzeko instalazioak (BESS) sarera konektatutako instalazio energetikoak dira; hala, soberakina dagoenean kontsumitzen dute energia, eta eskaria handia denean itzultzen dute. Energia berriztagarrietarako beharrezko osagarria dira.
- Gaur egun, 2021etik bi instalazio daude zerbitzua ematen Euskal AEn, Oiz eta Elgea-Urkilla parke eolikoei lotuta.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuna Saila une honetan Euskal AEn aurkeztutako baterien bidez energia biltegiratzeko (BESS) 21 proiektu izapidetzen ari da. Proiektu horiek 1.403,326 MWh biltegiratzeko ahalmena dute guztira, eta kargatzeko/deskargatzeko potentzia 352,61 MW-koa da guztira.
Biltegiratzeko ahalmena instalazio batek biltegiratu dezakeen energia maximoa da, eta baterien tamainak baldintzatzen du hori. Kargatzeko/deskargatzeko potentzia bateria batek une jakin batean eskatu edo sareari eman diezaiokeen gehieneko potentzia da.
Izapidetzen ari diren 21 proiektuetatik, 6k lortu dute administrazio-baimena. Gainerako 15ak hasierako izapidetze-faseetan daude. Proiektuak % 50ean banatzen dira Araba eta Bizkaia artean. Proiektu horien erdiak –10– nahiko potentzia txikikoak dira, 25 MWh baino gutxiago.
Une honetan, 2021etik bi instalazio daude zerbitzua ematen Euskal AEn, Oiz eta Elgea-Urkilla parke eolikoei lotuta. Bere garaian, instalazio horiek aitzindariak izan ziren Estatuan, eta erreferentzia izan ziren instalazio horien funtzionamendu-eredua garatzeko.
Baterien bidez energia biltegiratzeko sistema (BESS)
Baterien bidez energia biltegiratzeko instalazioak (BESS – Battery Energy Storage System) sarera konektatutako instalazio energetikoak dira; hala, soberakina dagoenean kontsumitzen dute energia, eta eskaria handia denean itzultzen dute.
Energia berriztagarrietarako beharrezko osagarria dira. Sare elektrikoan oreka mantendu behar da sortutako eta kontsumitutako energiaren artean. Energia berriztagarriaren mugetako bat da haren eskuragarritasuna % 100 naturaren mende dagoela. Biltegiratzeak energia berriztagarriari kudeatzeko gaitasuna ematen dio.
Normalean, ponpaketa hidraulikoko instalazioen bidez biltegiratu izan da energia, presa handiei lotuta; azpiegitura hidrauliko handien beharrak mugatzen du haien edukiera. Baina azken urteetan bateriei lotutako garapen teknologiko handia gertatu da; era horretan, haren kostua murriztu eta dentsitate energetikoa handitu egin da.
Kostu lehiakorrak dituen biltegiratze-teknologia bat eskuragarri izateak, sektore elektrikoaren bilakaerarekin batera —non energia berriztagarriek dagoeneko % 50eko sarrera gainditzen duten merkatu iberiarretan—, interes handia piztu dute baterietan oinarritutako energia-biltegiratze proiektuekiko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)