- Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzak topaketa instituzionalen agenda koordinatu du, eta Euskadik gizarte-kohesioaren, enpleguaren, inklusioaren eta erronka demografikoaren arloan garatzen dituen politika eta estrategia nagusiak aurkeztu ditu.
Europako Batzordeko Enplegurako, Gizarte Gaietarako eta Gizarteratzeko Zuzendaritza Nagusiko ordezkariek Euskadira egindako bisita instituzionalaren inguruan —EGF+ funtsaren programaren errendimenduari buruzko urteko bileraren eta Jarraipen Batzordearen esparruan egindako bisita—, Eusko Jaurlaritzak, Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzaren bitartez, lan-bilera ugari egin ditu zenbait sailetako arduradunekin, Euskadik gizarte- eta ekonomia-arloan bultzatzen dituen politika publikoen ikuspegi bateratua emate aldera.
Itziar Fernández Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren zuzendariak sustatu eta koordinatutako bilerei esker, Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategiko nagusiak aurkeztu ahal izan zaizkio Europako Batzordeari, eta Europako eskualdeek gaur egun dituzten erronka handiei buruzko esperientziak partekatu dira. Erronka nagusi horien artean daude kalitatezko enplegua lortzea, gizarteratzea, aukera-berdintasuna, talentuaren eskuragarritasuna, biztanleriaren zahartzea edo lurralde-oreka.
Lurralde-errealitateen ezagutzan sakontze aldera eta Europar Batasunaren etorkizuneko finantza-politiken eta -tresnen definizioan lagunduko duten ekarpenak jasotze aldera, ekimen hau Europako Batzordea zenbait autonomia-erkidegotan garatzen ari den prozesuaren parte da. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak aukera baliatu du bere esperientzia zuzenean helarazteko eta datozen urteetan Europako agendak markatuko dituen erronka sozial, laboral eta demografikoen inguruan duen ikuspegia eskaintzeko.
Eusko Jaurlaritzako zenbait sailetako ordezkariek parte hartu zuten topaketetan. Lehendakaritzaren izenean, Asier Aranbarri Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak hitz egin zuen, eta gizarte-berrikuntzarekin, parte-hartze demokratikoarekin eta gizarte-eraldaketarekin lotzen diren lan-ildo nagusiak azaldu zituen.
Era berean, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailetik, Sara Buesa Enplegu eta Inklusio sailburuordeak eta Iñaki Ruiz Ekonomiako sailburuordeak parte hartu zuten, eta lan-merkatuarekin, gizarteratze aktiboarekin, migratzaileen integrazioarekin, talentuaren eskuragarritasunarekin eta lehiakortasun ekonomikoarekin lotutako gaiak jorratu zituzten.
Bestalde, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren ordezkari gisa, Ivan Larraza Gizarte Ongizateko sailburuordeak eta Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordeak parte hartu zuten, eta Euskadik biztanleriaren zahartzeari, erronka demografikoari, gizarte-zerbitzuak indartzeari eta pertsona zaurgarrienei arreta emateari aurre egiteko bultzatutako politikak aurkeztu zituzten.
Elkarrizketa-bideak erraztea
Bilera-erronda horrek aukera eman du Eusko Jaurlaritzak ekonomia- eta gizarte-kohesioarekin estu lotzen diren arloetan garatzen duen ekintzari buruzko irudi integrala eta koordinatua eskaintzeko Europako Batzordeari, eta, aldi berean, Euskadiren eta Europako erakundeen arteko elkarrizketa-bideak indartzeko.
Europako funtsen betearazpena eta bilakaera aztertzeko balio izateaz gain, topaketak aukera estrategikoa izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunak Europar Batasunaren kohesio-politiken etorkizunari buruzko eztabaidan kokatzeko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 2028-2034 urte anitzeko finantza-esparru berriarekin duen konpromisoa berretsi du, baldin eta eskualdeek Europako politiken definizioan eta betearazpenean duten parte-hartze eraginkorra eta maila anitzeko gobernantza ardatz izango dituen kohesio-politika sendo bati eusten badio.
Horrela, Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzak Euskadiren eta Europako erakundeen arteko harremanetarako solaskide eta koordinatzaile gisa betetzen duen eginkizuna finkatzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko interesak defendatzeko, jardunbide egokiak partekatzeko eta herritarrengandik hurbilago dagoen Europa kohesionatuagoa eta lehiakorragoa eraikitzen modu aktiboan laguntzeko elkarrizketa-espazioak bultzatzen ditu.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)